Olatz Lasagabaster | Kazetaria 

Aitak ez du ia gure alaba ikusten. Ez daki zer den egun osoa jolasean pasa ondoren ohera lehertuta sartzea. Ez daki zer den gauero-gauero gutxienez bizpahiru aldiz titia emateko eta hartzeko esnatzen garenean, bera ere esnatzea. Ez daki zer den pixak ihes egin diolako ohea goitik behera aldatu behar izatea edota mukiek arnasa behar bezala hartzen uzten ez diotelako etengabe esnatzen aritzea. Ez daki zer den alaba pediatrarengana eramatea. Ez daki zer den pure goilarakada bat gehiago jan dezan ordu erdiz kantuan eta jolasean aritzea. Ez daki zer den siestarik egin ez duelako arratsalde osoa petralduta pasa-
tzea. Ez daki zer den, negar batean ari delako, alaba besoetan duela pixa egitea, zutik bazkaldu behar izatea, ohea esku bakarrarekin egitea edota erratza esku bakarrarekin pasatzea.

Eta okerragoa dena: aitak ezin dio gure alabari gaueroko muxurik eman, ezin du alaba lokar-tzen ikusi, ezin du egunero esnatzen denean eskaintzen didan irribarre goxoa ikusi, ezin du berarekin nahi adina jolastu, ezin du alaba nahi beste besoetan izan, laztandu, muxukatu eta besarkatu. Ezin dio bainurik eman, ezin ditu eguneroko aurrerapenak bertatik bertara ikusi eta bizi, ezin ditu egunero bere barre algarak entzun, ezin dio lagundu txirristratik botatzen, ezin du berarekin batera baloiari ostikoak ematen ibili, ezin du alabarekin eguzkipean egon. Ezin du egunero alabarekin gozatu.

Gure alabak ez du ia aita ikusten. Baina aita ederki ezagutzen du eta non den galdetuta, berehala begiratzen dio paretean, ohe parean, dugun argazkiari. Irribarre egiten dio, pozik, eta eskua astinduz agurtzen du. Aita gutxi, gutxiegi ikusten du baina egunero jasotzen ditu bere muxuak eta egunero entzuten du aitatxok ere ikaragarri maite duela.

Gure alabak hogeita lau ordu pasatzen ditu nirekin egunero. Aitarekin, berriz, zero. Hilean hamahiru-hamalau orduz egoten dira elkarrekin. Urte osoa behar du aitarekin nirekin aste betean pasatzen duen denbora egiteko. Izan ere, hemen haurren zaintza, haziera eta heziketa emakumeoi dagokigu soilik. Gizonek ez dute horretan parte hartzeko eskubiderik; ezta betebeharrik ere. Eta, jakina, horrek hu-tsune emozional handia sortzen du aitarengan eta txikiarengan.

Aitak alabarekin egon nahiko luke eta alabak aita behar du, baina ez diete elkarrekin egoten uzten. Ez digute elkarrekin egoten uzten. Elkarrengandik metro gutxitara bizi gara baina horma gehiegi dago tartean; oztopo gehiegi inguruan. Egunero-egunero aritzen gara lanean distantzia eta hutsuneak murrizteko; aitak alabaren berri izan dezan eta alabak aitaren presentzia senti dezan. Gogorra da une askotan baina ederra ere bai. Elkarrekin egoteko ditugun une horiek magikoak izaten dira eta gure unibertsoa, gure etxea osatzen dugu hirurok. Maitasunaren zakua ongi bete eta hurrengo ikustaldira arteko indarrak hartzen ditugu. Ilusioz begiratzen diogu batera egoteko izango dugun hurrengo tarteari; irribarre lotsatiz begiratzen diogu etorkizunari.

Hogeita lau eta zero. Edozein kirol partidaren emaitza izan zitekeen baina ukazioak eragindako desoreka itzelaren zenbakiak dira. Eta guk hogeita lau eta hogeita lau izango diren egunaren zain jarraitzen dugu... irribarrez.