Proiektu komunitarioek ingurune hurbiletik abiatzeko aukera ematen dute, eta gertutasunak beste inplikazio eta parte-hartze mota bat sorrarazten du. Komunitatea biziarazten dute. 

Aldizkari honetako erreportaje nagusian proiektu komunitarioez hitz egiten da. Labur esanda, proiektu komunitarioak gertutik, ingurune hurbiletik abiatzen diren proiektuak dira, inguruko naturan, biodibertsitatean, kulturan, gizartean eta gizakietan oinarritzen direnak, eta curriculuma lantzeko baliagarriak direnak, aldi berean. 

Curriculumaren lanketari garrantzirik kendu gabe, ingurune hurbilaren ezaugarrian gelditu eta gainean lupa jartzeak merezi du. Proiektu komunitarioen kasuan, abiapuntua ingurune naturala da, horren gaineko lanketa, biodibertsitatearen eta naturaren zainketaren gaineko kontzientzia hartzeko eta horren arabera jokatzeko. Eta naturarekin batera, gizartea eta gizakia bere osotasunean hartzen ditu aintzat. Eremu guztiak lantzen dira proiektu komunitarioetan, baina beti ingurune hurbiletik hasiz, eta hori da azpimarratzen dena. 

Krisi ekologikoaren kasuan, mundu mailakoa izanik, arazo globala da, eta sarritan, urrun geratzen den gaia eta arazoa bihurtzen da. Horrexegatik azpimarratzen da gertutik hastea, etxetik, auzotik, herritik, norberaren komunitatetik. “Gure komunitatea ez da mundua, gure komunitatea hurbila da”, dio erreportajean HUHEZIko Aitziber Sarobe Egiguren Zientziak eta Teknologia arloko irakasleak. Hurbilekoak ukitzen gaitu, hunkitzen gaitu eta hurbilekoak hartzen du esanahia norberarentzat. 

Horregatik da garrantzitsua hezkuntzan ere komunitatea lantzea. Eskola ingurune batean kokatzen denez, harekin harremanetan egotea, hura ezagutzea, bizitzea eta sentitzea. Hala, ikasketek beste esanahi bat hartuko dute, eta harremanek ere bai; gertuko komunitateko partaide izateak eta esku-hartzeak zentzu gehiago izango du eta erakargarriagoa izan daiteke ikasleentzat, irakasleentzat eta familientzat. 

Gertutasun hori instituzioetara ere luza daiteke; zenbat eta gertuagokoa izan hezkuntzaren eskumena duen erakunde publikoa, zenbat eta gertuago egon komunitatetik, orduan eta ezagutza handiagoa izango du, hurbilagokoa izango da eta bestelako harremanak sortzeko aukera emango du. Gertuko kudeaketak hezkuntza komunitatea biziagotzen lagun dezake. Udalek herri ikuspegitik lan egiteak aukera berriak ireki ditzake, gertuko loturak indartzeak denok indartuko gaituelako.

Euskararen ikaskuntza kontzientzia nazionalean errotuta transmititu nahi ez dugun bitartean, ez goaz inora

Joxe Manuel Odriozola