HAURREI JARTZEN DIEGUN MUSIKA HELDUAK AUKERATZEN DU ETA HELDUAK SORTZEN. IBAN URIZARREK PROZESU GUZTIA, SORMENA ETA GOZAMENA, HAURREN ESKU JARTZEA PROPOSATZEN DU. UTZI UMEEI OBJEKTUEKIN SOINU EGITEN, UTZI ETA GRABATU, GRABATU ETA EUREI JARRI, ENTZUTEKO.
Ume bat jolasten nola, halaxe dirudi Iban Urizarrek Amoranten gorpuzten denean musika egiteko. Umearen gozamena eta seriotasuna iradokitzen ditu objektuak soinu egitean. Amorante proiektuan gauzatu den katarsian izan du aitatasunak eraginik. Eta bi rol horiez gain –aitarena eta artistarena– musikologian doktore eta musika-irakasle izateak ikuspegi pribilegiatua ematen dio haurrentzako egiten den musikaz hausnartzeko.
Musikaria, aita, musika-irakaslea, musikologian doktorea zara, etnomusikologian aditua. Nola ikusten duzu haurrentzat egiten den musika, oro har?
Umeentzako bideratua dagoen musika guztia helduek sortua da, eta horrexek berak asko esan nahi du. Helduok pentsatzen dugu zer den egokia umeentzako; kategorizazio bat daukagu, guk esaten dugu zer den umeentzako musika eta zein formatutan erakutsi behar diegun beraientzat gogoangarriago egiteko. Alegia helduok bideratzen dugula zer eta nola entzun behar duten haurrek. Eta musika hori, oro har, oso zentratua dago mezuan, garrantzi handia du ideiak, eta ez hainbeste hori janzteko erabiltzen den musikak –normalean gauza sinple eta errepikakorrak jartzeko joera daukagu–. Eta uste dut, askotan, gutxietsi egiten dugula umeen gaitasuna musika barneratzeko. Pentsatzen dugu beste musika praktika batzuk, herri musika —popa eta rocka, esate baterako—, arrotza egingo zaiela, baina hori gure irudipen bat da, gure prismatik begiratzen baitugu.
Umeek musika barneratzeko duten gaitasuna zer zentzutan gutxiesten dugu helduok?
Nik uste dut umeek gaitasuna daukatela guk disfrutatzen dugun musika hori disfrutatu ahal izateko. Ez kodigo berberetan, baina bai soinu aldetik, iradokitzailea izan daiteke umeen-tzako. Baina ez diegu aukerarik ematen, ez baitiegu, oro har, guk entzuten dugun musika hori jartzen. Askotan umeentzako musika aukeratzen dugunean hitzei erreparatzen diegu, mezuari eta balioei, eta ados, hori ez dut gaizki ikusten, baina musikaren aldetik, sinpletasunera jotzen dugu, pentsatuz horrela errazago iritsiko zaiola umeari. Ziur nago beraien esku utziko bagenu musika egin eta jaso behar duten modua, erabateko iraultza izango litzatekeela.
Musikaren gozamenaz eta sormenaz ari garelarik, nola zabal genezake umeentzako musika esparrua?
Umeen musika esparrua irekitzeko, musikaren hierarkiak eta hegemoniak puskatu behar dira. Hezkuntzari dagokionez, musika akademikoa edota idatzizko tradizioa daukatenak piramidearen puntan daude, eta beheko aldean herri musika dago. Nik bestela egingo nuke: soinuaren eta objektuaren arteko erlazioa hobeto adierazi, haurrek hobeto uler dezaten musikaren funtzionamendua. Musikarekin jolastu egin behar dute, bai, baina entzuten ere ikasi behar dute eta horretarako beste era batera esplikatu behar zaizkie musikaren inguruko nolanahikoak.
Umeek musika guztiak goza ditzaketela diozu; zer proposatzen duzu, etxean, adibidez, umeei denetariko musika jartzea?
Ez entzuteko bakarrik; nik proposa-tzen dut euren esku jartzea sormen prozesua ere.
Entzuteari dagokionez, nik uste dut etxe bakoitzean entzuten den musikak izan behar duela ardatz, eta ez bideratzea, ez infantilizatzea musikaren diskurtsoa. Ez nago hain ziur sinpletasunerantz jo behar dugun azkarrago iristeko umeengana, eta zalantza handiagoak ditut musikari lotzen zaion koreografiarekin, “eskuak behera, eskuak gora...”
Baina umeek, oso txikiak direlarik ere, oso jarrera desberdina dute musika batzuekin eta besteekin... Adibidez, melodia batzuekin dantzan hasten dira berehala eta beste batzuekin, ez.
Umeek, berez, guk baino erraztasun handiagoa dute melodiak barneratzeko. Amaren tripa barruan jaso zuen musika guztiak, esate baterako, eragina dauka. Horrekin ez dut esan nahi haurrari sabel barruan dagoenean, estimulazio gisa, Mozart jarri behar diogunik. Musika estimulazio gisa interesgarria da praktikaren aldetik. Norberak sortzen duen musika hori entzutea da benetan estimulatzailea, eta umeei jarriko nieken musikari dagokionez, horixe jartzea proposatuko nuke, umeek eurek sortutakoa.
Haurrak berak sortutako musika entzutea proposatzen duzu? Nola?
Adibidez, modu sinple batean, graba dezakegu haurra musika sortzen ari denean, eta gero jar diezaiogun berak sortu duen emaitza hori, entzun dezan eta ea bere sormenetik datorren ondorio horrek nola eragiten dion zuzenean. Hori da niri interesatzen zaidan bidea, ez guk erabakitzen dugun soinu egitura konkretu bat eskaintzea bakarrik.
Sorkuntzari begiratzen badiogu, badirudi haurrak beti ari direla musika egiten, haur txikiak beti ari dira soinua egiten objektuekin.
Bai, beraientzat jolas bat da musika egitea. Beraiek objektuak erabiltzen dituzte ia jaiotzen diren momentutik, etengabe esperimentatzen ari dira, objektuekin soinuak ateratzen dituzte eta soinu horiek antolatzen dituzte bai bolumen aldetik eta baita tinbre aldetik ere. Ikusten dute, “objektu hau botatzen badut lurrera, soinu bat egiten dut”, soinu hori gustuko badute, errepikatu egingo dute; edo eragin bat baldin badu gurasoengan, errepikatu egingo dute. Erlazio zuzen bat ikusten dute beren mugimenduaren, soinuaren eta ondorioaren artean. Gero beste objektu bat kolpatzen hasiko dira, eta kolpe horiek errepikatzen, atera-
tzen duen hots hori gogokoa dutelako; hortxe dago musikaren sormen-prozesua. Haurrak objektuekin jolasean hasiz, soinuaren plastizitatea kontuan hartzen du lehen harreman horretan, ez egitura. Guk dena egiten dugu egituratu, abesti bat egiteko, soinua egituratu behar dugu, hobeto ulertu ahal izateko. Umeak ez du estruktura hori ulertzen, umeak objektuaren plastizitatea barneratzen du lehendabizi, eta bere gustuengatik, nahiago ditu soinu batzuk besteak baino.
Aurreko proiektuetan ez bezala (Mengele Quartet, Bizarra, Andrakan, Joseba Irazoki eta lagunak… ), Amoranteri buruz hitz egitean umetasuna nabarmendu izan dute hainbatek, adibidez, Antton Iturbe musika-kazetariak badok.eus-en honela dio: “Asmatu berri duen Amorante per-tsonaiak bizar hipsterraren atzean ume baten freskotasunaz dihardu, bere ama hizkuntzan ipuin ederrak kontatuz”. Zure ibilbidean gaur egun duzun “umetasun” hori, inboluzio gisa ulertu behar da?
Betidanik ulertu izan dut nire jarduera “umetasun” batetik. Beharrezkotzat ikusten dut jarrera hori, baina ez inboluzio bezala, inboluzio bakarra musika egiteari uzten badiozu gertatuko da. Amorante ez da pertsonaia bat: musika ulertzeko modu bat da, zuzenean gorpuzten dena.
Umearen freskotasuna eta aipatzen ari zaren desestrukturazioa loturik doaz?
Ez kontzienteki. Antzekotasun hori ikusten diot, eta gero eta gehiago pentsatu eta argiago ikusten dut: umeak duen jolasteko grina horrek eramaten zaitu gauza batzuk egitera aldez aurretik pentsatuz gero egingo edo probatuko ez zenituzkeenak kasik. Beldur batzuk kendu eta objek-tuekin jolastea, tresnekin jolastea, adibidez.
Erabili izan duzu jostailuzko tresnarik. Zer ematen dizute?
Ez dut uste garrantzi gehiago eman behar zaionik jostailuzko tresna izateagatik. Tresna bakoitzak bere ibilbide historikoa dauka, eta asko kosta-tzen zaigu tresna horren ibilbidea albo batera uztea. Bestalde, oso interesgarria da ariketa hori egitea, tresna baten izana “ahaztu” eta soinu-ob-
jektu bezala erabiltzea.
Nola irakatsi liteke musika, umeak dakarren freskotasun, jakin-min, intuizitate eta gaitasun horiei eutsiz? Eta nola egin, herri musika hain maila akademikoan ez irakasteko?
Plano ezberdinak daude. Musika idatzia edo partituratik atera den musika hori, agian 400-500 urte dituena, gizakiak sortu duen musikarik gorenena dela pentsatzen dugu; horri tabula rasa jarri nahi diot. Ez da inportanteagoa Mozartek duela 300 urte egin zuena gaur egun Maitek [Arroitajauregi, Mursego] egiten duena baino, ez da bata bestea baino inportanteagoa. Musika mota bakoitzak egiteko modu bat dauka eta zuzentzen zaio publiko konkretu eta gizarte estrato bati; hori oso presente izan behar dugu musika irakastean ere. Maiteren kasuan umeentzako kontzertuak egiten ditu, berak oso argi dauka umeekin lan egiten duen momentutik zer kodigotan maneiatu behar den zuzenago iristeko berak daukan proposamen hori. Eta Maitek musika egiten duenean oso modu plastikoan egiten du...
Zuk zeuk ere oso modu plastikoan egiten duzu musika... Ume bat jolasean ikustearen antz handia du zure kontzertu batek.
Nik ere jolasten dut ume bat izango banintz bezala, baina nire diskurtsoa ez dago umeei zuzendua. Nire praktika bada umetasunarekin lotzen nauen praktika mota bat, soinuaren plastizitateari ematen diodan garrantziagatik. Baina egituratzen dut, helduek uler dezaten kodigo batzuetan. Horrek ez du esan nahi umeek ezin dutenik disfrutatu. Baina umeak, normalean, oso primarioak dira, orduan, horretan mugitu behar gara, beti ere, bistatik galdu gabe umeak umeak direla.
Irakaskuntzan ere gauza bera, eta lehengo galderara etorririk, haurrei musika irakatsi behar zaie soinutik, soinuaren plastizitatetik eta ez egituratik. Objektu guztiek ateratzen dute soinua, umeek, orduan, ulertu behar dutena da zergatik ateratzen duten soinua, zer-nolakoa ateratzen duten... eta utzi behar zaie beraiei soinu horiek antolatzen, guk beraientzat antolatu beharrean. Nire ustez, ume batek musika irakurtzen eta idazten ikasi aurretik egin behar duen prozesua da objektuenganako gerturatze bat.
Nola egin lezake haurrak objektuenganako gerturatze hori?
Txikitatik hasi behar da. Haur txikiekin abestia jarri eta abestien bitartez irakasten da. Nik ordea, musikara gerturatzeko ez diot hainbesteko onura ikusten horri, objektuengana gerturatzeari bezala. Musikaren materia prima soinua da; estruktura etorriko da bere kabuz. Umeei bide hori irekiko bagenie, ziur umeak iritsiko liratekeela soinua egituratzera guk proposatutakotik oso urrun edo agian gertu. Baina beraien esku utziz gero, interesgarria litzateke zer ateratzen den ikustea. Nik hortik bideratuko nuke, eta ez musika eskola baten bidetik.
Kontua da, musika irakastean, instrumentua errazago menderatu ahal izateko, lehendabizi musika irakur-tzen eta idazten ikasten dela, eta kodigo horietan ibiltzen garela musika irakasteko. Baina nik modu hori kuestionatzen dut.
Zu zeu, musika-irakasle gisa, musikaren idazketa/irakurketa kodigoetatik abiatzen zara musika irakasteko?
Saiatzen naiz horrela ez irakasten. Baina musika instrumentu bakoi-tzak dauka historia bat eta irakasteko modu bat, orduan, alde batetik, tresna bat menderatzeko lan mekaniko bat egin behar duzu. Beste gauza bat da sormena; sormen-prozesuari erreparatu nahi badiozu, ez da hain garrantzitsua tresna, inportanteagoa da soinu aukeraketa bat edukitzea, soinuaren pantone bat eskura izatea.
Orduan, etxean inbertsio on bat litzateke hainbat tresna txukun haurren eskura jartzea?
Berak aukeratu dezala zer soinuk sortzen dion zerbait, eta utzi berak soinu horiek antolatzen. Askotan guri desatseginak egingo zaizkigun soinuak izango dira, segur aski, bolumena igotzen doan neurrian batez ere.
Utziz gero, bere kabuz objektuengana gerturatuz soinuaren lau parametroak —tinbrea, bolumena, altuera eta denbora— neurtzen eta kalibra-tzen hasiko da umea. Bolumena argi dago, gero eta fuerteago, bolumen altuagoa. Gero, ukitzearen poderioz, denbora luzatzen da. Tinbrika objektuak aldatuz deskubrituko du, eta altuera da, agian, abstraktuena; soinuaren altuera da soinu bat agudoagoa edo grabeagoa den, hori esperientziak erakutsiko dio. Denbora, bolumena eta tinbrea jolastearekin batera datoz. Eta egitura gero etorriko da. Hori aplikatuz gero, helduxeagoak diren haurretan eta nerabe aurrekoetan ere musikarekiko erlazioa aldatuko litzateke.
Zuk zeuk tronpeta ikasi zenuen, 9 urterekin; instrumentu nahiko mugatua da. Justuki zure musika irakasleak jotzen zuen tresna berbera aukeratu zenuen.
Gurasoek musika kontserbatorioan apuntatu ninduten eta, kasualitatez, nire solfeoko irakaslea tronpetako irakaslea zen eta era natural batean tronpeta hartu nuen. Ez dut uste irakasleak halako eragin berezirik izan zuenik eta izan ohi duenik. Aukera nezakeen gitarra, agian, nire aitak gitarra jotzen zuelako... baina tronpeta aukeratu nuen, eta tronpeta aukeratu ez banu auskalo non egongo nintzatekeen gaur egun, agian ez nintzateke musikari izango.
Etxetik bazenekarren musikarako joera?
Bai, nire aitak gitarra jotzen zuen eta kantatu. Nire etxean musikak pisua izan du.
Umeak eskolaz kanpoko praktiketara eramaten ditugunean, musikak leku garrantzitsua izan behar duela irudi-tzen zait, ez da dedikazio bat nahi izatea edo musika tresna bat ikastea... Musika gizakiari onura asko ekartzen dizkion praktika bat baita.
Zer onura ekartzen dizkio haurrari musika praktikatzeak?
Musika jotzeak, sortzeak, gure burmuineko bi hemisferioak erabiltzen ditu. Gizakiak egiten dituen praktika guztiekin bonbilak piztuko balira gure burmuinean, musikak pizten ditu beste edozein praktikak baino gehiago, alde mekanikoa, sormen-prozesua, egituratze-prozesua... prozesu desberdinak ematen baitira funts batekin. Orain, horrekin beste arazo bat dago: guraso askok hori ulertzen dugunean nahi dugu musika tresna bat jotzen ikastea haurra estimulatzeko, eta ez gara harago joaten: apunta-tzen dut seme-alaba musika eskolan helduok astean behin padelera joaten garen bezala. Eta okerra da musika horrela ikustea, izan beharko luke gure bizitza guztia zipriztintzen duen praktika bat, dena aberasten baitu.
Baina haurrek irismen mugatua dute musikara... Zuzenekoei dagokienez, adibidez, kontzertu ia guztiak gauez dira; ez da programatzen pop edo rock kontzerturik egunez. Amorante salbuespen bat da, ikus liteke arratsaldeko 5etan, baina besterik gutxi.
Kontzertuak, historikoki, gauez eta egoera konkretu batean izan dira, non umeak ez diren ongi jasoak. Artista ezagun batekin egon nintzen orain dela gutxi, eta berak erreibindika-tzen zuen umerik gabeko kontzertua, egoera konkretu batean, isiltasuna mantenduz egin behar baitu. Uste dut beste muturrera joaten ari garela; ez da kontua orain dena umeentzako egitea. Festibaletan modan dago umeentzako txokoak antolatzea, baina ez dakit ez ote garen pasa ezer ez egitetik dena egitera. Aurre hausnarketa bat egin behar da haurrek eskurago izan dezaten zuzeneko musika. Eta honek hasierara eramaten gaitu: umeei musika modu plastiko batean gerturatu behar zaie.
Amorante katarsi bat izan dela esan izan duzu. Bigarren haurraren zain zeundetela prestatu zenituen abestiak... Aitatasunak izan du katarsi horretan eraginik?
Ziur baietz. Prioritateak aldatzen ditu eta begirada ere bai. Denbora faltak ere asko baldintzatzen du musikaren praktika eta emaitza. Haurrek agerian uzten dituzte helduek dauzkagun musika ulertzeko moduak.