Imanol Alvarez Varela | Bilboko Ellacuria-Zurbaran institutuko Filosoa irakaslea eta hikhasitarra

Icebergak gara eta garrantzitsua da horretaz kontziente izatea, gure ikasleekin konektatzeko eta haiek euren buruekin zein besteekin konektatu dezaten laguntzeko. Icebergak gara, gu geu eta gure harremanak baldintzatzen dituzten faktore nagusiak ur azpian daudelako, gainazalera mugatzen diren analisietatik harago. Gatazken zioak plano logikoan bilatzen jarrai dezakegu, erruak eta konponbideak bilatzen jarrai dezakegun moduan, eta elkar ukitzen ez duten izotz blokeei begira jarraituko dugu; ezin ezer ulertu. Emozionalak gara oinarrian, arrazionalak gero. Dikotomia faltsu horretan sakonago joango bagina, inkontzientearekin egingo genuke topo; zergatien zergatiaren amarekin.

Gugana ekarrita, hori da ikasle zailengana hurbiltzean topatzen dugun hormaren zergatia, bien arteko zubi pertsonala eraiki aurretik zentzuzkoak diren arau batzuk betetzeko eskatzen diegunean. Baina, nola transmititu ideia hori haiei? Gure jarrerarekin eta ereduarekin, ikasle horiek kontuan hartzen dituen metodologia batekin eta barrura begiratzen laguntzen dieten proposamenekin. Baldintzatzen gaituen mundu emozional bat existitzen dela ikusaraztea lortzen baldin badugu, asko da. Bideaz gozatzea ahaztu gabe, paseoan jarraitzeko motibazioa ezinbestekoa baita. Nik ikus-entzunezkoak erabiltzen ditut sarritan. Baliabide ederra dira gogo falta edo ezintasuna estaltzeko erabiltzen ez ditugun bitartean. Ezaugarri bi behar dituzte izan: adi behatzen eta entzuten ikasteak eskatzen duen tempo lasaia, eta giza harremanen konplexutasuna fintasunez eta sentsibilitatez islatzea. Harrigarria da Estiu 1993, 20.000 especies de abejas, A colony edo Negative space film laburrek, zein esplizituagoak diren Good Will Hunting filmak edo Entre maestros dokumentalak DBHko ikasleen artean duten harrera.

Lanketa horretan, funtsezkoa da hausnarketari lekua egitea. Materiala ona baldin bada, ikasle batzuk azkar konturatuko dira atzean dagoen guztiaz. Besteek gurpiltxoak beharko dituzte. Normala. Utzi haiei aurretik joaten, oharkabean pasatu zaizkien xehetasunen gainean ohartarazita. Prestatu eta ausartu gaitezen maila berean. Askotan, beldurrak gureak baitira.