Gatazka globalek gero eta eragin handiagoa dute gure eguneroko bizitzan, baita ikasgeletan ere. 

 

Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, Palestina Israelen aldetik jasaten ari den genozidioaren gaineko unitate didaktikoak, dokumentalak eta ekimen pedagogikoak sortu dituzte, ikasleen kontzientzia kritikoa, enpatia eta giza eskubideen ulermena sustatzeko.

 

2023ko urriaren 7an, Hamasek Israelen aurka egindako erasoek eta ondoren Israelek emandako erantzun militarrak Gazako herria hondamendi humanitarioaren atarian jarri zuten. Bi urte geroago, milaka hildako, zauritu eta desagertu daude, eta milaka pertsona geratu dira etxerik gabe. Egunero heltzen dira Gazako irudi latzak gure etxeko pantailetara: bonben hotsa, hondatutako etxeak, ihesaldia, dolua eta isiltasuna. Baina, irudi horien atzean, askotan ahaztu zaigu haur askok ez dutela eskolara joateko aukerarik eta etorkizunik gabe geratzen ari direla.

Gatazka globalek gero eta eragin handiagoa dute gure eguneroko bizitzan, baita ikasgeletan ere. Sare sozialen bidez, ikasleek gatazken irudiak eta kontakizun zatikatuak jasotzen dituzte, askotan testuingururik gabe. Hezkuntzak, halako egoeretan, galdera zaila baina ezinbestekoa egin behar du: zer egin dezakegu irakasleok munduan gertatzen denaren aurrean?

Ikastetxeak, tradizionalki, ezagutza transmititzeko gune izan dira; baina gaur egun gero eta gehiago dira munduko errealitatearen ispilu bilakatzen direnak. Hezkuntzak pertsonen arteko ulermena, giza eskubideen defentsa eta enpatia ere landu beharko lituzke. Ikasgelak dira haurrek eta gazteek injustizia ulertzen ikasten duten espazio nagusienetariko bat, eta aldi berean, itxaropenaren zubiak.

Palestinako eta Israelgo gatazkak galdera existentzialak jarri ditu mahai gainean: zer da bakea? Nola ulertu bortxakeria? Norena da kontakizuna? Hori guztia lantzea politikaz hitz egiteaz gain, gizatasuna lantzea ere bada.

Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat irakaslek eta ikastetxek gatazka horren gaineko unitate didaktikoak, dokumentalak eta proposamen pedagogikoak sortu dituzte azken hilabeteotan. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Landaberri ikastolan, Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolan eta Berriozarko (Nafarroa) Mendialdea eskolan ikasleei Palestinako gatazka azaltzeaz gain, ikasleek gaiarekiko kontzientzia hartzea eta enpatia lantzea dute helburu, iraganaren erroak, egungo sufrimendua eta etorkizuneko aukerak aztertuz.

 


Askotan entzuten dugu gatazka hau konplexuegia dela gazteentzat, baina gure lana da konplexutasuna azaldu eta gertatzen ari dena ez ezkutatzea

Iñigo Aldabaldetreku, Landaberri ikastolako irakaslea


 

 

Ulermen-gakoak eta ikuspegi kritikoa lantzen

 

Urriaren 7ko erasoen bigarren urteurrenarekin, Landaberri ikastolako irakasle taldeak galdera hau luzatu zuen: nola landu dezakegu Palestinako gatazka ikasgelan, emozioak errespetatuz baina ezagutza sakonduz? Iñigo Aldabaldetreku ikastolako irakasleak, Palestinar-israeldar gatazka laburrean izeneko artikulua idatzi zuen, gatazkaren erro historikoak eta botere-harremanen bilakaera ikasleen adinera egokituta azalduz. “Askotan entzuten dugu gatazka hau konplexuegia dela gazteentzat, baina gure lana da konplexutasuna azaltzea eta gertatzen ari dena ez ezkutatzea”, dio Aldabaldetrekuk.

Artikulu horretatik abiatu zen Gaza ikasleekin izeneko proposamena, ikastolako hainbat irakaslek elkarrekin diseinatua. Unitate didaktikoak dokumentu historikoak, mapa interaktiboak, irudi eta bideo analisiak, hedabideen tratamenduaren azterketa eta errefuxiatu palestinarren testigantzak uztartzen ditu: “Ikasleek ikusten dute mundua ez dela zuri-beltza, baizik eta tonu ugariz osatua; eta hezkuntzak tonu horiek irakatsi behar ditu”, azaldu du Aldabaldetrekuk.

Landaberriko irakasleentzat, galdera da irakaskuntzaren abiapuntua. Saioetan ez da erantzun itxirik bilatzen, baizik eta galdera berriak sortzen dira: “Zer da justizia? Nork du boterea? Zergatik isiltzen dira batzuk?”. Hortik abiatuta sortzen dira eztabaidak, idazlanak eta hausnarketa kolektiboak Aldabaldetrekuren hitzetan: “Helburua ez da erantzun bakarra ematea, baizik eta ikasleek zalantza egitea, iritzi propioa eraikitzea eta besteekiko enpatia garatzea”.

Ikasleek adinaren arabera baliabide desberdinak erabiltzen dituzte: Lehen Hezkuntzan ipuin labur baten bidez lantzen dute gatazkaren alderdi emozionala; Bigarren Hezkuntzan, berriz, prentsa artikuluen eta dokumentalen analisi kritikoa eginez landu daiteke gaia. Saioen helburua historiaren kontakizuna ulertzetik giza duintasunaren ulermenera pasatzea da.

Landaberriko esperientzian, emozioa eta jakintza ez dira kontrajarriak, baizik eta elkarren osagarri, Aldabaldetrekuren esanetan: “Hezkuntzan sarritan saihesten ditugu gatazkak, beldur garelako emozioei atea irekitzeaz, baina ikasleek emozioak dituztela onartzen dugunean, ikaste-prozesua erreal bihurtzen da. Ulertzen dute munduan ez dagoela distantziarik: Palestinako ume baten mina gure ikasgelan dago, gure isiltasunean, gure galderetan”. Irakaslearen ustez, ikasleengan pizten den enpatia hori da hezkuntzaren motorra: “Ez dugu mundua aldatuko, baina gure ikasleak mundua ulertzen has daitezela lortzen dugu”.

 

Ikasleek elkartasunetik egindako dokumentala

 

Tolosako Laskorain ikastolan, ikasleek ikus-entzunezko baten bidez landu dute gatazka. Batxilergoko ikasle-talde batek 17 minutu irauten duen Palestinako Genozidioa izeneko dokumentala sortu du, Gizarte arloko irakasle den Luken Arkarazoren gidaritzapean. Proiektua ikasleen jakin-mina eta kezka historikoak bideratzeko esperientzia kolektiboa izan da.

Arkarazok azaldu duenez, dokumentalaren ideia ikasleengandik sortu zen: “Urriaren 7ko bigarren urteurrena hurbiltzen ari zela, ikasle batzuek hezkidetzako arduradunaren bidez gugan kezka ageru zuten. Gai konplexua iruditzen zitzaien, eta komunikabide nagusietan zabaltzen diren mezuek ez diote euren ikuspegiari erantzuten. Horregatik, bideo bat egitea proposatu zuten, gaiaren testuinguru historikoa modu egokian ulertzeko”.

Prozesuaren hasieran, ikasleek eta irakasleek batera aztertu zuten gaia nola landu. Dokumentalaren edukia historikoki eta pedagogikoki egokia izan zedin, Arkarazok gidoia idatzi zuen: “Informazioa zabala eta konplexua zen, eta ikasleek ezin zuten guztia euren kabuz bildu. Gidoia kapituluka antolatu nuen, ikasleak edizio lanaz soilik arduratu zitezen”. Ikasleek, irudiak eta bideoak gehitu, kapituluak muntatu eta soinuak prestatu zituzten. Lan horrek talde-lana eta antolaketa sustatu zituen, eta dokumentala denen artean amaitu zuten.

 


Ikasleek gaiarekiko kezka eta interesa agertu dute, eta dokumental hau baliatu dute gatazkaren testuingurua ulertzeko eta hausnarketa sustatzeko

Luken Arkarazo, Laskorain ikastolako irakaslea


 

Informazioa bilatzeko, sentsazionalismotik urrun zeuden iturri historiko fidagarriak erabili zituzten. Gatazkaren hasierako testuingurua azaltzeko, Mikel Aiestaran kazetariaren Historias de Gaza liburua erabili zuten, eta historialari adituen laguntza jaso zuten gidoia egiaztatzeko, kontzeptuak behar bezala erabiltzen ote ziren eta testua egokia zela egiaztatzeko.

Dokumentala urriaren 15ean proiektatu zuten ikastolan, DBHko 1. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko ikasgeletan. Proiekzioak gatazkaren testuinguru historikoa aurkeztu eta haren jatorria ulertzen lagundu zien Arkarazok azaldu duenez: “Helburua zen ikasleengan Palestinaren eta Israelen arteko egoerari buruz gutxieneko kontzientzia piztea”.

Ikus-entzunezkoa sortzeko prozesuak lankidetza eta konpromisoa sustatu ditu ikasleen eta irakasleen artean. Dokumentala amaitu eta aurkeztu ondoren, gatazka ulertzeko jakin-mina asetzeak eta testuinguru historikoek kontzientzia soziala pizten dutela ikusi dute ikasleek. Arkarazoren esanetan: “Ikasleek gaiarekiko kezka eta interesa agertu dute, eta dokumentala baliatu dute gatazkaren testuingurua ulertzeko eta hausnarketa sustatzeko”. Orain, Laskorain Ikastolak dokumentala beste ikastetxeetara zabaltzeko asmoa du, eta dagoeneko interesa erakutsi dute hainbat ikastetxek eta udalek.

 
Unitate didaktiko batsaretzetik eta elkarlanetik

 

Berriozarko Mendialdea eskolan, Palestinako gatazkari buruzko unitate didaktikoa sortu dute Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Proiektuaren sustatzaileak Ander Diaz irakaslea eta Ander Elkano zuzendaria dira, eta bien esanetan, guztia ikasleen galderetatik eta kezkengatik abiatu zen: “Bi urtez ostegun goizero elkarretaratzeak egiten genituen, eta ikasgeletan modu espontaneoan eztabaidak sortzen ziren. Hortik etorri zen ideia: haurren espazioak oinarri hartuta, hausnarketarako espazio bat sortzea”, dio Diazek. Unitate didaktikoa Nazio Batuen Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako hamar printzipioetan oinarritzen da. Helburua ez da iritzi politiko bat ematea, baizik eta ikasleengan kontzientzia kritikoa piztea eta injustiziak salatzeko tresnak eskaintzea: “Historiako orrialdeetan gatazka zaharrak aztertzen ditugu, baina gure begien aurrean gertatzen den genozidio bati askotan ez diogu lekurik egiten. Horregatik, hezkuntzak ezin du isilik geratu”, dio Diazek.

Unitatearen lehen jarduera eskutitz baten irakurketa da. Mihaza eta Isham izeneko bi haurrek euren egunerokoa kontatzen dute metaforen bidez. Palestina ez da zuzenean aipatzen, baina ikasleek tentsioa sumatzen dute. “Eztabaida irekitzen dugunean galdera hauek luzatzen dizkiegu ikasleei: nondik uste duzue bidali digutela gutuna? Zertaz ari dira? Bigarren irakurketa irudiekin egiten dugu, eta orduan ulertzen dute testuak Palestinari buruz direla”, azaldu du Diazek. Ondoren, galdera nagusi bati heltzen diote: “Haurrek eskubiderik ba al dute? Izan behar al dituzte?”. Erantzun gehienak baiezkoak izaten dira, eta, taldeka, haurren eskubideen zerrenda osatzen dute.

Saioak talde-lanean eta galdera irekietan oinarritzen dira, ikus-entzunezko baliabideekin lagunduta. Irakasleek PowerPoint bidez testuinguru bisualak eskaintzen dituzte, eta ikasleek informazioa emozioekin lotzen ikasten dute: “Euren erantzunetan ikusten dugu ulermenetik enpatia nola sortzen den”, azaldu du Elkanok. Gainera, kanpoko aliantzak ere izan dituzte: Gernika-Palestina, Yala Nafarroa eta Global Sumud Flotilla elkarteetako kideekin bideodei bidez elkarrizketak egin dituzte, eta horrek hurbiltasun eta benetakotasun sentsazioa areagotu du ikasleengan.

Ikasleek parte-hartze aktiboa eta iritzi sakonak erakutsi dituzte Elkanoren hitzetan: “Ikasleek izan duten izaera kritikoaren garapena nabarmenduko nuke. Gaia gustuko dute, ez inposatua delako, baizik eta haiek ekarpenak egiten dituztelako”. Diazek aipatu duenez, unitate didaktikoa Nafarroako beste eskola publikoetara zabaltzen ari dira, irakasleen arteko sarearen bidez.

 

Irakasleen ahotsa eta ausardia

 

Landaberri ikastolako, Laskorain ikastolako eta Mendialdea eskolako ekimenek ideia bera partekatzen dute: hezkuntzak ezin du isilik geratu munduko injustizien aurrean. “Irakasleen zeregina ikasleek egunero jasotzen duten informazioari buruzko testuingurua eskaintzea eta giza duintasuna zer den irakastea da”, Aldabaldetrekuren arabera.

Hala ere, irakasleek onartu dute hasieran ez zela erraza izan gaiari heltzea. Hala azaldu du Arkarazok: “Beldurra ematen du, bai, baina beldurraren atzean dagoen arrazoi bakarra hezkuntzaren benetako zeregina da: ikasleei mundua ulertzeko tresnak ematea”. Palestinako gatazka lantzeak irakasleen artean zalantzak sortu ditu, baina ikasgelan gatazka konplexuak lantzea aberasgarria dela ondorioztatu dute. Horretarako, iturri fidagarriak eta ikuspegi kritikoak aukeratzen dituzte, desinformazioaren eta polarizazioaren aurrean babesteko: “Ez dugu alde batean edo bestean kokatu nahi; gure helburua da haurrek ikastea errealitatea aztertzen, entzuten eta hausnartzen, inoren mina gutxietsi gabe”, azaldu du Diazek.

 


Historiako orrialdeetan gatazka zaharrak aztertzen ditugu, baina gure begien aurrean gertatzen den genozidio bati askotan ez diogu lekurik ematen. Horregatik, hezkuntzak ezin du isilik geratu

Ander Diaz, Mendialdea Eskolako irakaslea


 

Horrez gain, irakasleek uste dute hezkuntzak desinformazioaren aurkako indar handia duela. Arkarazok adierazi du: “Sare sozialetan mezu polarizatuak jasotzen dituzte; guk, ordea, konplexutasuna erakusten diegu. Ikasleek ikasi dute ez dela nahikoa titular batekin; galderak egin behar direla, eta iritzia eraikitzea ez dela azkarra, ezta erraza ere”. Horrela, ekimen horiek ikasleei informazioa ulertzeko eta kritiko izateko gaitasunak garatzen laguntzen diete.

 

Elkartasunetik eraldaketara

 

Esperientzia hauek ez dira ekimen isolatuak izan. Landaberriko, Laskoraingo eta Mendialdeako irakasleek materialak eta metodologia partekatzeko sareak sortu dituzte, eta beste ikastetxe batzuk ere batu zaizkie. Helburua proiektu horiek beste eskola askotara zabaltzea da, Diazek azaldu duenez: “Irakasleek gero eta gehiago ulertzen dute gatazkak ez direla saihestu behar; ondo landuta, balioen hezkuntzarako aukera bihurtzen baitira. Ez dugu nahi ikasleak pasiboak izatea, baizik eta hausnartu dezatela eta galde diezaiotela munduari”.

Euskal Herriko ikastetxe hauetan gertatzen ari dena ez da kasualitatea. Hezkuntza komunitatea gero eta kontzienteago da ikasgelak munduaren ispilu direla: gatazkak, injustiziak eta itxaropenak bertan islatzen dira. Informazioa transmititzeaz gain, ikasleen pentsatzeko eta emozioak lantzeko gaitasuna garatzea da helburua. Aldabaldetrekuk azaltzen duenez: “Ezagutza da lehen urratsa, baina elkartasuna da bidea. Ikasle batek bestearen mina berea sentitzea da benetako ikaskuntza”. Horixe baita hezkuntzaren funtsa: jakintza eta enpatia uztartzea, hitzetatik ekintzetara pasatzea eta bidezkoagoa izango den mundu baterako  zubiak eraikitzea.

 


Landaberrin, Mendialdean eta Laskorainen erabilitako eta sortutako materiala duzue hemen.