Leire Garmendiak Industria Diseinu eta Produktu Garapenerako Ingeniaritza ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean. Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterrean, berriz, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko eraikinen eta gelen hobekuntza estetikoaren eta funtzionalaren proposamena gauzatu zuen. Ikaskuntza espazioek gizartea hobetzeko duten garrantzia azpimarratu du Garmendiak.
Hezkuntza gizartearen oinarrietako bat izanik, gizartea bera apustu handia egiten ari da azken urteetan ikasleentzat aproposena den proposamena gauzatzeko. Hobekuntza gehienak metodologietan oinarritzen dira, eta, egia esan, hori ezinbestekoa dela iruditzen zait, baina Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako azken urteko Gradu Amaierako Lana (GRAL) egiteko hezkuntzari buruzko informazioa topatu behar izan nuenean, ikuspuntua aldatu zitzaidan.
Nire eginbeharra Mondragon Goi Eskola Politeknikoko eraikuntzen hobekuntza estetikoa eta funtzionala proposatzea izan zen. Hori aurrera eramateko, informazio bilketa egin behar izan nuen, eta hau izan zen ateratako ondorio nagusia: hezkuntzan gertatzen ari diren aldaketa gehienak metodologia berritzaileetan oinarritzen direla. Baina inoiz egin al dugu aldaketa horiek espazio fisikoan duten eraginaren eta espazioek hezkuntzan duten eraginaren gaineko hausnarketarik?
Metodologia berrietan, ikaslea da protagonista, baina ikasgelako antolaketa aztertuz gero, hori erritmo berean eguneratu ez denez, protagonista irakaslea dela ikus daiteke. Une askotan, espazio fisikoa hezkuntza prozesurako oztopo ere bihurtzen da. Hori kontuan izanik, ikaskuntza aktiboaz ari bagara, espazio aktiboak izatea beharrezkoa dela iruditzen zait. Izan ere, eredu pedagogiko berrietan ikaskuntza prozesuaren erdigunea irakaslea izatetik ikaslea izatera pasatu den honetan, zentzua galtzen du mahaiak arbelera begira dituzten espazio tradizionalak izateak. Horregatik, ezinbestekoa da balio anitzeko espazioak, espazio malguak eta berritzaileak izatea. Hori lortu ezean, ikasleak moldatu behar du espaziora, eta egokiena espazioa egoerara moldatzea izango litzateke.
Alfredo Hernando Calvo psikologo eta aztertzaileak hirugarren irakasle gisa definitzen du espazioa, irakaslearen beraren eta ikaskideen atzetik. Espazioak ez baitira edukiontzi hutsak eta neutroak, igortzen dituzten mezuen eta edukien bitartez harreman mota batzuk bultzatzen dituzte. Beraz, espazioa beti hezitzailea dela esan daiteke, gaur egun ikuspuntu hori izatea kosta egiten zaigun arren.
Ikaskuntza espazioak aztertzeko garaian, ezinbestekoa da ikaskuntza inguruen diseinuan aditua den Rosan Boschek esaten duena aztertzea. Hark azpimarratzen duen moduan, ikasteko testuinguruek motibagarriak izan behar dute. Horien diseinua era estrategikoan landuz gero, ikasleen konpromisoa eta motibazioa garatzeaz gain, sormena, pentsamendu sortzailea eta lankidetza ere aberasten baitira.
Rosan Bosch Studion, garbi dute ikasleek gehiago parte hartu behar dutela beren ikaskuntzan, beti ere autonomiaren eta mugen arteko oreka egokia dagoela. Autonomia horren parte da ikasleek euren ikaskuntza eremuaren diseinuan parte hartzea. Irakasleak zein ikasleak eskola espazioaren erabiltzaile nagusiak dira, eta, beraz, ezinbestekoa da horren diseinuan bi kolektibo horien hitza kontuan izatea.
Nire esperientzia pertsonaletik abiatuta (2017. urtean amaitu nuen Batxilergoa) eta azken urtean irakasle lanetan ezagutu ditudan eskolak ikusita, ohartu naiz ikasgelako espazioek gaur egun ere gune zurrunak izaten dituztela. Egia da ikastetxe batzuetan aldaketak egiten hik hasi I 280. zenbakia. 2023ko uztaila I 29 hasi direla, baina espazio falta izan ohi da aldaketa horien jatorria, eta ez espazioak egokitzeko beharra. Horren adibide da aldaketak egiteko garaian ez dela ikasleen iritzia kontuan izaten.
Unitate didaktikoaren diseinua
Heziketa egokia izan dadin, espazioak eta metodologiak bide beretik joan behar dute, bietako bat atzean geldituz gero, oso zaila baita ikasleek merezi duten heziketa jasotzea. Horregatik, ikaskuntza espazioaren antolamenduak eta plangintzak leku nabarmena izan beharko lukete irakasleen zein ikasleen prestakuntzan, espazioa hezkuntza helburuak lortzen laguntzen digun faktore didaktikoa baita.
Hori kontuan izanik, aproposa iruditu zitzaidan unitate didaktiko bat sortzea, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasleen prestakuntzarako titulua lortzeko Master Amaierako Lana egiten ari diren ikasleek euren ikasgelako espazioa diseinatzeko unitate didaktiko bat, alegia.
Unitate didaktiko orotan egiten den moduan, testuinguru egoera definitu nuen: Azken ikasturteetan, aldaketa handiak egiten ari dira metodologiari dagokionez. Aldaketa horien artean esanguratsuenak teorian oinarritutako eskoletatik talde lanean oinarritutako eskoletara pasatzea eta proiektuen bidez lan egitea dira, besteak beste. Baina lanketa horiek egiteko garaian, ikasleek arazo garrantzitsu batekin egiten dute topo: ikasgelak ez daude talde lanerako behar den moduan antolatuta eta egokituta, eta espazio horiek berrantolatu behar izaten dituzte maiz, mahaiak elkartuz, zenbait altzari baztertuz… Azken batean, ikasleek aukera handirik eskaintzen ez duen espazio txiki horretara egokitu behar dute, eta horren kexu dira. Ikasleek proiektua garatu dezaten, jarraibide batzuk ematea ezinbestekoa da. Horregatik, ikas-egoera diseinatzeko garaian, ezinbestekoa da ikasleentzako agertoki erakargarri eta erreal bat definitzea. Proiektu motibagarria garatuz gero, ikasleek era aberasgarriagoan barneratuko dituzte edukiak eta jakintzak, eta, orobat, denbora luzeagoan atxikiko dituzte. Egindako proposamenaren kasuan, honako ikas-egoera hau planteatu zaie: Ikastetxean egiten ari diren metodologia aldaketa guztiek espazioan aldaketak egitea eskatzen dute; baina ikastetxeko egoera ekonomikoa dela eta, epe laburrera begira ezingo da azpiegitura lan handirik egin. Hori kontuan izanik, ikasgelan aldaketak egiteko aukera eskaini du zuzendariak, eta 1.000 euroko aurrekontua hitzeman du horretarako. Arazo horren aurrean ikasleak hobeto kokatzeko eta haien interesa pizteko, galdera batzuk egingo zaizkie: - Zer irudituko litzaizueke ikasgela lan egiteko gune erakargarri eta eroso bihurtuko bagenu? - Prest egongo al zinatekete espazio hori guk geuk sortzeko? - Egin beharreko aldaketak 1.000 euroko aurrekontuarekin egiteko gai izango al ginateke?
Egindako proposamenaren jomuga, ikasleak erdigunean kokatuta, haien hezkuntzarako aproposena izango den espazioa eratzea da, taldearen behar espezifikoetara egokituz betiere.
Definitutako helburuak lortzeko eta ikasketa esanguratsua izateko, behar-beharrezkoa da gaur egun oraindik ere pisu handia duen eredu tradizionaletik metodologia aktiboetarako jauzia egitea.
Diseinu berria proposatzeko, ikasleek espazioak hezkuntzan duen garrantziaz jabetu beharko dute, hezkuntza metodologia desberdinak aztertu beharko dituzte, bai eta horien beharrak identifikatu ere. Espazioen antolaketaz gain, hainbat koloretan, materialetan eta testuratan jantzi beharko dute.
Proposatutako unitate didaktikoa lau fase nagusitan banatzen da:
Hasierako fasea. Ikasleei agertokia eta proiektuaren nondik norakoa azaltzeaz gain, prozesu osoan erabiliko den metodologia eta ebaluazioaren nondik norakoak azalduko zaizkie.
Garapen fasea. Ikasleek hasiera batean beharko dituzten edukiak barneratzea izango da fase honen helburua. Bai eta egungo gela 3D aplikazio baten bidez irudikatzea ere.
Aplikazio fasea. Aurreko fasean beharrezko ezagutzak bereganatu dituztenez, proposamenari forma ematen hasteko unea izango da hau.
Orokortze eta transferentzia fasea. Proiektua ebaluatu, hobekuntza proposamenak egin eta lana aurkeztu beharko dute. Proiektuarekin amaitzeko, denen artean adostasuna lortu eta proposamen bakarrarekin gelditu beharko dute.
Planteatutako jarduera horiek banaka, binaka edo taldeka egiteko diseinatu dira, hainbat eratara lanean aritzeko eta haien gaitasunak garatzeko asmoz. Proiektu nagusia taldekako lana izanik, garrantzitsua izango da ikasleek elkarrekiko dependentzia izatea, nahiz eta jarduera batzuk bakarka egin behar izango dituzten.
Eskolako espazioak koherentziaz antolatzea
Helburua emaitza hoberenera iristea izanik, ikasgelako eremuan zentratzea erabaki nuen arren, kontuan izan behar da hezkuntza eremuez hitz egitean ezin dugula ikasgeletan soilik zentratu, eskolako edozein gune izan baitaiteke heziketarako gune, eta beraz, koherentziaz antolatu beharko dira horiek guztiak. Horregatik, hezkuntza ahalik eta aproposena, aberasgarriena eta inklusiboena izateko, garrantzitsua da eskolako espazio guztiak aztertzea eta ebaluatzea.
Jarraian, adibide gisa, GRALerako egindako proposamena ikus daiteke (ikus hurrengo orrialdea). Bi irudiek espazio bera irudikatzen dute. Lehen irudian, ikasgela une hartan zegoen bezala ikus daiteke; bigarrenean ordea, argi naturala dago, espazioak malguak dira, eta ikaslea ikasgelako protagonista izatea bilatu da. Bi irudietan, ikasgela puntu beretik eta perspektiba berarekin ikusten da, aldaketa horiekin beste gela baten itxura hartzen duen arren.
Amaitzeko, proposamen honetan aldaketa handia egin nuen arren, eskola goitik behera aldatzearen beharra alde batera utzi nahi nuke, kasu askotan ez baita beharrezkoa. Eskolako espazio bakoitzak eskaintzen duena aztertzea eta horri etekina ateratzea da garrantzitsuena. Irakasleak ez luke konformatu behar ematen zaion ingurunearekin, espazioaren egiturak eta hango elementuek hezitzaileak ikasleari helarazi nahi dionarekin koherenteak edo kontraesankorrak izan daitezkeen mezuak helarazten baitizkiote.
Hori kontuan izanik, espazio bakoitzak eskaintzen duena aztertzea eta horri etekina ateratzea da diseinatu nuen unitate didaktikoaren helburua. Horri esker, proposamen hori egoera, baldintza, ikastetxe eta ikasle guztientzat molda daiteke. Izan ere, ikasgelako espazioaren diseinua ikasleek egingo dute. Beraz, ikasgelarako proposatzen dituzten hobekuntzak, txikiak izanagatik ere, etorkizunean oso lagungarriak izango zaizkie.