NAROA FERNÁNDEZ Lehen Hezkuntzako irakaslea

Ikaskuntza kooperatiboak dituen onurak asko dira eta horiei buruz idatzi du Naroa Fernándezek hurrengo lerroetan. Lankidetzan, elkartasunean, eskuzabaltasunez edota errespetuz aritzeak ikasleen arteko harreman positiboa bultzatzen du. Ikaskuntza kooperatiboa denean, gainera, ikasleak beren garapenaren protagonista bihurtzen direla eta ikasleen arteko giro ona sortzen dela dio Fernándezek.

 

Ikaskuntza kooperatiboa entzutean, kooperazioan elkarrekin ikasten ditugun ezagutza berriak etortzen zaizkigu gogora. Pujolásek (2009) dioenez, ikaskuntza kooperatiboak inklusiorantz bideratzen laguntzen du. Gainera, hezkuntza-jarduerak bakarka edo era lehiakorrean egituratuta eta antolatuta daudenean baino inklusiboagoak dira horrela. Ikaskuntza kooperatiboa gauzatu dadin, guretzat oso garrantzitsua da lankidetzan aritzea. Hots, elkartasunean, eskuzabaltasunez, solidaritatez, errespetuz, elkarri lagunduz… beste gauza askoren artean, eta, betiere, ikasle guztien ikasketa bultzatuz. Pujolás eta Lagok (2009) ere horixe diote, ikasle guztien ikaskuntza bultzatu behar dela ikaskuntza kooperatiboaren bitartez, eta ez soilik ikasteko zailtasunak dituzten ikasleena. Bestalde, ikaskuntza kooperatiboek ikasle guztien parte-hartzea sustatzen dute. Izan ere, ikasleak beren garapenaren protagonista bilakatzen dira. Horrek guztiak eragin positiboa du ikasleen arteko harremanetan, haien artean giro ona sortzen laguntzen baitu. Ikaskuntza kooperatiboen bitartez, ikaskideekin talde-lanean aritzean, areagotu egiten da haiengandik ikasteko aukera, talde txiki heterogeneoetan banatuta eta elkarri lagunduz jarduten baitute, irakasleak irakatsitakoa barneratzeaz gain; elkar aintzat hartuta, elkarri lagunduz, jarduerak elkarrekin garatuz…, haien arteko mendekotasun positiboa areagotzen da. Hortaz, jarduera indibidualekin alderatuz gero, desberdintasun handia dagoela sumatu genezake. Izan ere, bakarka ari direnean, bakoitzak bereari begiratzen dio, inor aintzat hartu gabe, lehiakortasuna areagotuz, elkarri lagundu gabe… besteak beste. Horregatik, arestian esan bezala, ikaskuntza kooperatiboak inklusiorako bidea errazten duela uste dugu. Spencer Kaganek (1990, Pujolás eta Lago 2009tik jasoa) dio, ikasketa kooperatiboa ikasle talde txikien osaketa heterogeneoari (gehienetan), errendimenduari eta ahalmenari dagokiela. Horien bitartez, berdintasunezko parte-hartzea ahal den gehien ziurtatzea (taldekide guztiek partaidetzarako aukera berdina izanda), elkarreragina indartzea, taldean lan egiten ikastea eta taldekide guztien proposamenak kontuan hartzea ahalbidetzen du ikasketa mota horrek. Ikaskuntza kooperatiboaren hainbat alderdi nabarmentzen ditu Kaganek. Haren ustez, hasteko, ikaskuntza mota horretan, taldeko kideek erantzukizun bikoitza dute: batetik, irakasleak irakatsitakoa barneratzea eta, bestetik, taldekideek ere beste horrenbeste egitea. Eta gainera, arestian aipatu bezala, ikasleek, talde-lanaz baliaturik, solidaritatez lan egiten ikasten dute. Beraz, ikaskuntza benetan kooperatiboa den erabakitzeko, ondorengo aldagai eta irizpide hauek izango ditugu kontuan: - Lankidetza - Jarduera lehiakorretik inklusiorako jauzia - Giro onaren eragina harremanetan - Ikasle guztien parte-hartzea Vygotskyk (1978) dio elkarrekintzan aritzeko beharrezkoa dela taldean onartua izatea, eta lehendabiziko pausoa bakoitzak bere burua onartzea dela. Horretarako, irakasleek ikasgelan giro egokia sortzea oso garrantzitsua da, ikaslearen ongizatea bermatzeko. Ideia horrekin nolabait lotuta, Saratxagak (2014) dio aniztasunaren garrantzia ezinbestekoa dela kooperazioan lanean aritzerakoan. Izan ere, pertsona orok duen onena eskaintzen du. Ríosek (2012) honela definitzen du ikaskuntza kooperatiboa: jardueran parte hartzen ari direnen artean aurkaritzarik ez dagoen talde-jarduera. Ikaskuntza kooperatiboan, norbaitek helburua lortuz gero, gainerako guztiek ere lortzen dute. Martínezek (2005) dioenez, kooperazioan aritzeak bakarkako lanak ez dituen abantailak ditu, taldearekin eta taldearentzat ikasten laguntzen duelako, erlazio sozialak garatzen diren bitartean. Kasu batzuetan, irakasleak ikasleak gidatu beharko ditu, jarduera indibidualak garatuz, baina, beste batzuetan, talde-lanean esperimentatzen utzi beharko die. Hortaz, Martínezen beraren ustez, ikaskuntza kooperatiboak ikasleei kooperazioan esperimentatzeko aukera emateaz gain, arauen garrantziaz ohartzen, desberdintasunak eta eskubideak errespetatzen, gatazkak beren kabuz konpontzen... ikasteko aukera ere ematen die. Eta horrek guztiak lanketa egoki bat behar du, aniztasuna kontuan hartuta.


Vygotskyk antzeko ideia defendatzen du: bestearekin elkarrekintzan hazi eta ikastea dela harreman sozialen ardatz nagusia. Hori guztia gutxi balitz, gizabanakoek beren gaitasunak garatzea ahalbidetzen du, lankidetzaren bitartez. Harremanak garapenaren eragile eta motorra dira.


 

Ikasleak ez dira eskolara ikasiak joaten, eta gauzak ikasteko erritmo desberdina dute. Hortaz, argi ikus daitekeenez, prozesua akatsez beterik dago, eta ikasleek horietatik ikasteko esparru paregabea da kooperazioa. Izan ere, ikaskuntza kooperatiboaren bitartez, ikasleek askotariko erantzunen inguruan taldean hausnartzeko aukera dute, guztien ezaugarriak kontuan izanik. Ikaskuntza kooperatiboa funtsezko ardatza da. Freirek (1970) dio gaitasunak taldean eraikitzea ezinbestekoa dela. Hori esanda, aukera ematen du honetaz hausnartzeko: gizakiaren jarduera ez da indibiduala, eta funtsezkoa da elkarrengandik ikastea. Hortaz, ikaskuntza kooperatiboan, berebiziko garrantzia du ikasle guztien partaidetza sustatzeak. Vygotskyk antzeko ideia defendatzen du: bestearekin elkarrekintzan hazi eta ikastea dela harreman sozialaren ardatz nagusia. Hori guztia gutxi balitz, gizabanakoek beren gaitasunak garatzea ahalbidetzen du, lankidetzaren bitartez. Harremanak garapenaren eragile eta motorra dira. Aipatzekoa da, halaber, Johnson, Johnson eta Holubec-ek (1994) ikaskuntza kooperatiboa talde txikien erabilera didaktikotzat definitzen dutela. Ikasleek elkarrekin lan egiten dute, beraien eta ikaskideen ikasteprozesuan hobekuntzak areagotzeko. Hori behar bezala bermatzeko, beharrezkoa da helburu komun bat izatea (taldekide bakoitzak helburuaren inguruan daukan irudikapena partekatuz). Horrela, ikasleen artean elkarrenganako mendekotasun positiboa sortzen da, norbanakoaren lorpenak taldearen lorpenarekin lotuta baitaude. Hori dela eta, bakoitzaren lana aurrera eramateko, gainerako ikaskideak behar dira, eta, helburua lortzeko, funtsezkoa da norbanakoaren ezaugarriak kontuan hartzea eta aniztasunari erreparatzea. Artetxek, Usabiagak eta Bilbatuak (2012) diote, ikaskuntza benetan kooperatiboa izan dadin, ez dela nahikoa ikasleak taldeetan jartzea, ikaskuntza-prozesua elkarrekin egitea dela kontua, eta, horretarako, beharrezkoa dela lau puntu betetzea: helburu komun bat izatea (norbanakoak helburuaren inguruko irudikapena partekatzea), bat-bateko komunikazioa (erabakiak hartzeko), bakarkako erantzukizunak izatea eta, Johnson, Johnson eta Holubecen (1994) antzera, elkarrekiko mendekotasun positiboa (pertsona bakoitzak gainerakoen beharra du bere lana aurrera ateratzeko, eta taldeak, berriz, kide guztiena); diote beharrezkoa dela hori guztia, aniztasuna kontuan hartuta ikaskuntza kooperatiboa sustatzeko. Duránek (2003, Pujolás eta Lago 2009tik jasoa) ikaskuntza kooperatiboa talde-lanaren barruko atala dela dio, taldeko edo ikasgelako kideen arteko elkarreragina planifikatzea eskatzen duena. Kooperazioak plus bat eransten dio lankidetzari; hau da, elkarrekin lan egite soilari elkartasuna, elkarren arteko laguntza eta eskuzabaltasuna eransten dizkio. Hori dela eta, talde kooperatibo bateko kideen artean ezartzen den harremana askoz sakonagoa da afektiboki. Ildo horretatik, partaideen ongizatea lortzen da, autokontzeptu positiboa garatzen delako. Gainera, denen partaidetza beharrezkoa denez helburura iristeko, giza harremanak hobetzen dira, sormenean eta kulturen artean aurrera egiten da, eta motrizitatearen garapena ere hobetzen da. Duránen ustez, era asko daude ikaskuntza kooperatiboan aritzeko: • Jolas kooperatiboak. Helburu bera izanda, taldekideen arteko harremanak hobetzen dituzten eta mugimendua eskatzen duten jolasak dira. • Ikaskuntza kooperatiboa. Ekintza antolatzeko moduari esaten zaio; jarduerak elkarrekiko mendekotasunez eta koordinatuta garatzeko prozesuari. Ikaskuntza kooperatiboetan, talde handiak talde txikiagoetan eta heterogeneoetan banatzen dira, eta taldeak finko mantentzen dira. Rolen banaketa egon daiteke, estatus mailak areagotu gabe, eta elkarrekikotasunharremanak bultzatzen dira. Emaitza, ikaslearentzat ez ezik, taldearentzat ere bada. Askotariko metodologiak erabil daitezke: kideen arteko tutoretzak, elkarren arteko irakaskuntza, talde kooperatiboetan oinarritutako irakaskuntza, arazoen ebazpena talde kooperatiboetan ardaztuta, kooperazio-proiektuak, arazoetan oinarritutako irakaskuntza eta ipuina motor kooperatibo gisa; horrela, umeak erronka edo abentura batean murgiltzen dira, eta taldean kooperatzen dute guztiek batera. Omeñacak (2001, Pozas eta Zurita 2010etik jasoa) dioenez, askotariko gaitasunak dituzten ikasleen trebetasun motor, kognitibo, afektibo eta sozialak hobetzeko, beharrezkoa da ikaskuntza kooperatiboaz baliatzea. Adituaren iritziz, hori da kooperatzea, pertsonarekiko errespetua, indibidualismoarekiko haustura, besteekiko konfiantza, prozesuan zehar gaitasunak gainerakoekin partekatzeko gogoa, egozentrismoa menderatzeko gaitasuna, taldekatzeetan ardurak hartzeko gaitasuna eta tolerantzia. Velázquezek (2007) dioenez, ikaskuntza kooperatiboaren helburua ez da gainerakoak baino hobea izatea. Aitzitik, elkarlanaren bitartez erronkei aurre eginez ikastea da xedea, ikasleek erabakiak beren kabuz era autonomoan hartuz. Ildo horretatik, haurrek hainbat balio kontuan hartu beharko dituztela aintzat hartuta: inklusioa, solidaritatea, elkarren arteko laguntza… Horiek guztiak lantzeko aukera ematen du, hots, aniztasunari trataera egokia ematekoa. Rierak (2011) dio, hezkuntza inklusiboaren alde egiteko eta ikasgelako aniztasunari erantzuteko, beharrezkoa dela ikaskuntza kooperatiboaren metodologiaz baliatzea. Besteak beste, elkar errespetatzeko, bizikidetza sustatzeko, elkarrekiko desberdintasunak balioztatzeko…

 

Erreferentzia bibliografikoak 

- ARTETXE, A.; USABIAGA, A.; BILBATUA, M. (2012). “Ikasleen ikaskide taldeak eta irakasleen ikassarea”. Jakingarriak, 71, 28-33. http:// www.jakingarriak.com/wp-content/ uploads/2013/02/71aldizkaria-3art.pdf 

- FREIRE, P. (1970). Pedagogía del oprimido. Madril: Siglo XXI. 

- JOHNSON, D.W.; JOHNSON, R.T., eta HOLUBEC, E.J. (1994). Los nuevos círculos del aprendizaje. La cooperación en el aula y la escuela. Capital Federal (Argentina): Aique. 

- MARTÍNEZ, L. (2005). “Capítulo VII. La lección de Educación Física: buscando la coherencia entre las ideas pedagógicas y la construcción de escenarios educativos”. EUE de Palencia. Valladolideko Unibertsitatea, 72-188. 

- POZAS, D; ZURITA M. (2010). “El juego cooperativo como medio de fomento de valores en las clases de educación física en primaria en las escuelas profesionales sagrada familia”. II congrés internacional de didactiques. 235, 1-9. 

- PUJOLÁS, P. (2009). “Aprendizaje cooperativo y educación inclusiva: una forma práctica de aprender juntos alumnos diferentes”. Vic-eko Unibertsitatea, 1-59. 

- PUJOLÁS, P.; LAGO, J. (2009). IK/KI programa («Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi») taldean ikasten irakasteko. Ikasketa kooperatiboaren inplementazioa ikasgelan. 1-137.

- RIERA, G. (2011). “El aprendizaje cooperativo como metodología clave para dar respuesta a la diversidad del alumnado desde un enfoque inclusivo”. Revista Latinoamericana de Inclusión Educativa, 5(2), 133-149. 

- RÍOS, M. (2012). “Inclusión del alumnado con discapacidad”. Didáctica de la Educación Física 38; 7-18. 

- SARATXAGA, K. (2014). Albisteak. http://www.hikhasi.com/ albistea.php?id=896 

- VELAZQUEZ, C. (2007). El aprendizaje cooperativo en educación física: qué, para qué, por qué y cómo. Azken kontsulta: 2015-03-04. Iturria: https://www.academia.edu/3029282/ El_aprendizaje_cooperativo_en_ educaci%C3%B3n_f%C3%ADsica_ qu%C3%A9_para_qu%C3%A9_por_ qu%C3%A9_y_c%C3%B3mo. 

- VYGOTSKY, L. S. (1978). Pensamiento y lenguaje. Madril: Paidós.