Baionako Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek Ikasle kooperatibak egitasmoa gauzatu dute aurten.
Baionako Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek Ikasle kooperatibak egitasmoa gauzatu dute aurten. Mastodon sare sozialean instantzia bat eta Seaskaren agenda partekatua sortu dituzte.
Baxo teknologikoko adar bat da MKZT (Marketin eta Kudeaketa Zientziak eta Teknologiak). Horren barnean, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko lehen mailako eta terminal mailako ikasleek elkarrekin egiten dute Kudeaketa Zientziak eta Numerikoa izeneko ikasgaia eta hor kokatzen da Ikasle kooperatibak egitasmoa. Helburu garbia zuten: baxoak zehazten dituen konpetentzietan oinarrituta ikasleek kooperatiba bat eraikitzea. Eta bidean euskara, inklusioa, aniztasuna, erabilera digital arduratsua eta elkarlana eta kooperazioa landu dituzte.
Baxo teknologikoa enpresa munduan zentratzen da eta testuliburuetan ere horixe erakusten da, baina enpresa munduarekiko ikuspegi kritikoa eskasa dela eta Euskal Herriarekiko begirune txikia duela ikusita erabaki zuten Eder Etxebarria eta Peio Minhondo irakasleek egitasmoa abiatzea. “Frantziako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak eskaintzen dituen materialak eta liburuak haien errealitateari egokitutakoak dira, eta beste zerbait behar genuen, geuk sortua”, azaldu du Minhondok.
Ebaluazioa moldatzea ekarri du proiektuak, izan ere, lan kooperatiboak ebaluazio kolektiboaren beharra dakar. Horretarako, prozesuari lehentasuna ematen dion ebaluazio taula kolektiboa sortu dute: “Beharrezkoa da indibidualtasunetik ateratzea. Talde lana sustatu behar dela diogu eta egiten den lana taldeka ebaluatzea ere garrantzitsua da. Garrantzitsua da ulertzea enpresa bat ez dela soilik emaitza positibo bat lortu nahi duen tresna bat, baizik eta euren arazoak, nortasuna… dituzten pertsonek osatutako lantaldea dela eta ongi pentsatu behar dela nola ekin elkarrekin helburu jakin bat lortzeko”, dio Etxebarriak. Horrekin batera kritikotasuna lantzen dute kolektiboaren indarra sustatuz eta ikasle bakoitza bere kasa ibili gabe.
Era berean, teoria praktikara eramateak ikasketa askoz ere esanguratsuagoa izatea ekarri du, eta marko jakin batetik ateratzeko aukera ematen diela nabarmendu du Etxebarriak: “Programak enpresen eraginkortasuna neurtzeko eskatzen digu eta produktibitatea neurtzen dugularik, adibidez, denboraren faktorea dago. Erabakiak lehenbailehen hartu behar direla diote eta egitura bertikala duten enpresetan erabakiak azkarrago hartzen direla. Kooperatibismoak, ordea, urrunago iristeko pixkanaka joatea hobea dela dio. Batzuetan inporta zaizkigun gauzetan denbora gehiago pasa behar dugu eta ez da ezer gertatzen”.
Bi sorkuntza
Ikasturtean zehar bi tresna sortu dituzte ikasleek: Seaskaren agenda partekatua, alde batetik, eta Mastodon sare sozialean instantzia bat, bestetik. Zerbait egingarria behar zuten eta ideia asko atera ondoren, bi horiek gauzatzea erabaki zuten. Minhondok azaldu du: “Ikasleek sormen handia dute eta hasieran ideia asko zituzten, baina guk bagenuen helburu bat: proiektuaren egingarritasuna”.

Lehen saioak formaziorako eta kooperatibismoa zer den hobeto ulertzeko erabili zituzten. Hala azaldu du Etxebarriak: “Gu ez gara gaian adituak eta hainbat aditu ekarri genituen. OlatuKoopeko Beñat Irasuegi etorri zen ikasleei kooperatibismoa zer den azaltzera, Jessica Etxeberri Euskal Hirigune Elkargoko ekonomia sozial eraldatzailearen arduraduna gurekin izan genuen, euskal moneta arduradunak etorri ziren eta Elkarrekoek haien kooperatiba eredua azaldu ziguten. Azken saioan Elhuyarreko kideekin izan ginen ikasleek euskarak horrelako proiektuetan duen garrantzia ezagutu zezaten. Bost saio horien bidez egin behar zutena hobeto ulertzeko aukera izan zuten”.
Horren ondoren galdera zehatz bat erantzun behar izan zuten: nola garatu aktibitate ekonomiko bat ekonomia sozial eraldatzailean? Ikasleek ideia franko bota zituzten eta horien artean zen kultur arloko tresnaren bat eskaintzea: “Digitalizazio numerikoa gehitu genion eta hortik abiatuta Mastodon sare sozialean instantzia bat sortu zuten, sare sozial libre, federatua eta burujabea eraikitzeko. Ikastolen ekimenak partekatzeko agenda partekatua ere sortu genuen”, azaldu du Etxebarriak.
Askotan esaten da gazteak sare sozialen kontsumitzaile hutsak direla eta hemen badira gazte batzuk Seaskari tresna digital libre bat proposatu diotenak. Ideiak dituzte eta lan egiteko gogoa ere bai
Eder Exebarria, Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea
Seaskaren agenda partekatuan ikastolen ekimenak jasotzen dituzte eta orain Seaskaren esku utziko dute bertatik elikatu dezaten. Ikasleek komunikazio tresna digital burujabe bat diseinatu, martxan jarri eta kudeatu dute, erabilera errealean oinarritutako ikaskuntza sustatuz: “Gaur egun ikastola guztiek posta elektronikoz komunikatzen dizkiote ekitaldiak Seaskari, eta Seaskak posta elektronikoa bidaltzen du ikastola guztietara hilabeteko ekimenen berri emateko. Beraz, geure helburua zen kutsadura mailaren gaineko gogoeta egitea eta interaktiboagoa izango zen eta beharrei hobeki erantzungo dien tresna bat sortzea”, azaldu du Minhondok.
Mastodon sareari dagokionez, helburua da ikasleen, irakasleen eta lizeoko komunitatearen arteko komunikazioa erraztea, modu arduratsuan, etikoan eta hezitzailean. Plataforma horren bidez, informazio garrantzitsua partekatu, proiektuak elkarrekin garatu, ideiak plazaratu eta ikasleen lanak eta proiektuak ikusgarri egiteko aukera eskaini dute. Eta, orain, adibidez, irakasleek kontu bat sortu ahal izango dute euren ikasgaiari buruzko informazioa edo baliabideak partekatzeko, ikasleei galderak egiteko aukera eskainiz eta eduki pedagogikoak modu digitalean eskuragarri jarriz. Era berean, ikasleen proiektuak aurkezteko eta iragartzeko tresna gisa ere baliagarria izango da.
Irakasleak zein ikasleak gustura
Minhondo eta Etxebarria gustura aritu dira proiektuan. Elkarlanean aritzea positiboa eta aberasgarria izan da bientzat. Normala den moduan gorabeherak izan diren arren, ikasleak ere, oro har, gustura aritu direla dio Minhondok: “Bilan positiboa egin dezakegu, inplikatu dira, interesa izan dute eta serioski eraman dute”. “Seaskako komunikazio arduraduna etorri zenean, tresnaren aurkezpena egin zioten, oso harro zeuden eta biziki ongi egin zuten. Askotan esaten da gazteak sare sozialen kontsumitzaile hutsak direla eta hemen badira gazte batzuk Seaskari tresna digital libre bat proposatu diotenak. Ideiak dituzte eta lan egiteko gogoa ere bai”, gaineratu du Etxebarriak.
Lutxi Desmartisek eta Julen Goienetxek Baxo teknologikoko lehen maila amaitu dute aurten eta datorren ikasturtean proiektuarekin jarraitzeko asmotan dira. Goienetxek zalantza zuen hasieran: “Hastapenean ez nuen uste hain interesgarria izango zenik, eta asko gustatu zait”. Sare soziala sortzea eta taldean aritzea oso interesgarria izan dela adierazi du, bestalde, Desmartisek.
Mastodon sare sozial librea proiektuaren bidez ezagutu dute biek eta datorren urtean ildo beretik jarraitu nahiko lukeela dio Desmartisek: “Horrela jarraitu nahiko nuke, baina beharbada praktika gehiagorekin”.

Eta, aurrerantzean zer?
Datorren urtean ikasleek erabaki beharko dute proiektuari zer segida emango dioten. Proiektuaren azken saioaren helburua horixe zehaztea izan zela dio Etxebarriak eta horretarako hainbat galdera egin zizkieten ikasleei: “Zer egingo dugu sare sozialarekin? Terminalekoek kontua mantendu ahal izango dute joaten direnean? Utziko al diegu Lizeoarekin lotura digitala mantentzen? Komunitate bat sortu nahi al dugu sare sozialaren inguruan?”. Datorren ikasturtean ere galdera horiei erantzungo diete Lizeoko ikasleek.
“Helburua da haien kooperatiba eta haien tresna izatea, eurena sentitzen ez baldin badute, ez baitu zentzurik”, adierazi du Etxebarriak. Hori bai, badira negoziaezinak diren hainbat alderdi: “Kooperatibismoan jarraitu beharko dute, eta sortzen duten proiektuak sozialki balio erantsia duena, euskaraz eta eraldatzailea izan beharko du”.
“Beste urte bat beharko dugu, behintzat, garapena ikusteko. Ea jakintza dutenek datorren urtean nola hartuko dituzten ikaskide berriak, ea gai izango diren ardura berriak hartzeko, ea aurten babestu ditugun balio horiek transmititzeko gai ote diren… Datorren urtea biziki garrantzitsua izango da analisi orokorragoa egiteko. Ikasgaiaren ikuspegia enpresa mundutik dator, oso ikuspegi zurruna da, produktibitateari lotua, eta enpresa munduak ez du zertan horrelakoa izan”, amaitu du Etxebarriak.