Jose Antonio Zubeldia Aierbereren artikulua.
Irakasle lanetan aritzen garenoi sarri suertatzen zaizkigu gure menuan honelako hitzak: nahasmendua, desoreka, zailtasuna, alterazioa eta bestelakoren bat. Horietako batzuek arreta faltaren argazkia pixelatzen digute. Eta gero eta gehiago dira argazki horretan ateratzen diren ikasleak. Gainera, nahasmendu horren titulua eskuetan dutela etortzen zaizkigu. Normala da; nork ez luke gauza bera egingo?
Buruhausteak izaten ditugu ikasle horiei erantzun bat emateko orduan. Gure gizarte teknologizatuan, beti daukagu konponbidearen botoia bilatu, aurkitu eta sakatzeko itxaropena eta presa; ohituta gaude aplikazioen berehalakotasunera.
Lehendabizi, gaitasunei buruz pentsatuko dugu. Burmuinak bere historiatxoa osatzen du, eta aldaketak izaten ditu bizitzako aro guztietan. Gainean daramagu, gainera, heziketaren bidaian egokitu zaizkigun geneen bizkar-zorroa ere, eta badauka zeresanik horrek; alegia, bizimodua ez da protagonista bakarra gure gaitasunen eraikuntzan.
Horren harira, oso egokiak izan daitezke erabaki eta errutina batzuk ikasle arretatsua hezte aldera; esate baterako, egunero lasai irakurtzea, atentzioa jartzea matematika prozesuetan eta musika ikastea. Musika ikasten duten umeek arreta-gaitasun handiagoa erakusten dute ikastetxeko zereginetan; izan ere, ariketa horrek burmuineko arretaren zona estimulatzen du. Gauza bera gertatzen da matematikaren lanketarekin: egunero matematika landuta, kontzentrazioa indartzen da. Halaber, irakurtzeak ekintza bakarrean jarrarazten digu fokua. Hala, ikastetxeetan egunero patxadaz irakurriko bagenu, umeen aditasuna sendotuko litzateke. Hiru ariketa horiek egunero edo ia egunero praktikatzea oso onuragarria izango litzateke ikasleek arreta zeregin batean jartzen asmatzeko.
Ikasle gaixoentzat, zaila da kontzentrazioa indartzea, haien eguneroko martxa frenetikoan: irteerak, hitzaldiak, ekitaldiak, ikasgai sorta, hitzaldi gehiago, kanpainak… Batzuetan, turista talde bat dela ematen du, batetik bestera eta presaka dabilena. Haiekin batera, irakasleak, turismo gidari lanak egiten, nahiz eta askotan titiriteroen antza hartzen dugun, hainbeste eginkizuni erantzun behar horretan. Hara! Oharkabean agertu zaigu ikasleen arreta-gaitasuna elikatzeko laugarren tip posible bat: irakasleen eredua, bere lana arretaz eta mimoz egiten duen irakaslearena.