Izarraizpe Ikastola Publikoa BHIn, Ikasle Ordezkarien Batzordea (IOB) sortu dute.

 

Herritar aktibo eta arduratsu bihurtzeko, ikasleek parte hartzen ikasi behar dute, eta horretarako tokia eta denbora eskaini behar zaie. Izarraizpe Ikastola Publikoa BHIn, Ikasle Ordezkarien Batzordea (IOB) da ikasleen parte-hartzea egituratzeko tresnetako bat: ikasleek beraiek kudeatzen dute espazioa, eskolako egunerokoan eragiteko.

 

Azpeitiko Izarraizpe Ikastola Publikoa BHIko eguneroko bizitzan, Ikasle Ordezkarien Batzordea (OIB) bihurtu da ikasleen topagunea: hamalau ikaslek eta erreferentzia den irakasle batek osatutako taldea da, ikastetxeko kontu handiak eta txikiak mahai gainean jartzen dituena. Ikastolako komunitateko beste eragileek —irakasleek eta gurasoek— duten antzera, ikasleek ere beren ahotsa entzunarazteko eta erabakiak partekatzeko gune egonkor bat dute orain.

Pandemia garaian, ikastetxeko zuzendaritza-taldea hezkuntza proiektua berritzen hasi zenean, galdera batekin egin zuen topo: non eta nola jasotzen da ikasleen ikuspegia erabakietan? “Konturatzen hasi ginen ikasleen ahotsa askotan jaien antolaketan edo momentu puntualetan baino ez genuela kontuan hartzen”, azaldu du Jexux Larrañagak, Izarraizpe Ikastola Publikoa BHIko ikasketaburuak. Hutsune horri erantzun nahi izan zioten, eta hortik sortu zen IOBren ideia.

Erasmus Programako topaketa batean Alemaniako Aachen hiriko St. Leonhard Gymnasium ikastetxeko ikasleen batzordea ezagutu zuten. Han ikusi zuten ikasleek nola hartzen zituzten erabakiak eta nola antolatzen zuten euren ordezkaritza. Xabat Azkue, DBH 4ko ikasleak egitura bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen: “Ikusi genuen dena oso ondo lotuta zutela eta konturatu ginen hemen ere hori egin genezakeela”. Ideia horrekin itzuli ziren Alemaniatik eta hortik abiatu zen IOBren egitasmoa.

 

Nola sortu eta nola osatu den batzordea

Bisita hartatik itzulita, zuzendaritzak eta ikasleek elkarrekin diseinatu zuten egitura. 2023an IOBren ildo nagusiak adostu zituzten, eta 2024ko ikasturterako martxan jartzea erabaki zuten. Helburua argia zen: ikasleen ahotsari egitura eta jarraikortasuna ematea, eta ez zedila gauza isolatu edo kanpoko ekintza puntual bat izan.

Deialdia irekia da: DBHko 2. mailatik Batxilergoko 2. ikasturtera arteko ikasleei egiten diete proposamena, eta nahi duenak eman dezake izena. DBH 1eko ikasleak oraindik ez dira sartzen, ikastetxera iritsi berriak direlako. Muga bakarra da, gehienez 25 kide egon daitezkeela batzordean.

Ikasle interesdunei batzordea zer den, zer konpromiso eskatzen duen eta nola funtzionatzen duen azaltzen diete. Araudia eta informazioa etxera eramaten dute, familiakoekin komentatzeko, eta ondoren hartzen dute erabakia. “Garrantzitsua zen ikasleak behartuta ez sentitzea”, dio Larrañagak; parte-hartzea hasieratik boluntarioa izatea nahi baitzuten.

IOBren beste berezitasunetako bat da ikasleek beraiek aukeratzen dutela zein irakasle izango den taldearen erreferentzia. “Konfiantzazko irakaslea” deitzen diote: “Guk hautatzen dugu ondo ezagutzen gaituen eta lasai hitz egiteko konfiantza ematen digun norbait”, azaldu du Azkuek. Irakasle horrek proposamena onartzen badu, ordutegian ordu bat gordetzen du batzordearentzat, eta ordu horretan biltzen dira.

 


Konturatzen hasi ginen ikasleen ahotsa askotan jaien antolaketan edo momentu puntualetan baino ez genuela kontuan hartzen

Jexux Larrañaga, Izarraizpe Ikastola Publikoa BHIko ikasketaburua


 

Eguneroko dinamika: entzun, eztabaidatu eta erabaki

IOBk ez du eguneroko edo asteko lan finkorik. Arazo edo kezka bat agertzen denean aktibatzen da eta behar adina bilera egiten ditu. Askotan, ikasleren batek egoera bat azalarazten du eta ikasle ordezkariek proposamenak jasotzen dituzte gela bakoitzean. Ondoren, bileran mahai gainean jartzen dituzte: zer gertatzen ari den, zein aukera dauden, nori komunikatu behar zaion eta abar. Arazoaren tamainaren arabera, astero edo bi astean behin biltzen dira. Bileretan akta idazten dute eta hurrengo saioan berrikusten dute aurreko bileran adostutakoa bete den ala ez.

Larrañagak azpimarratzen duenez, “IOBk ikasleengandik eta irakasleengandik jasotako informazioa biltzen du, hausnartu egiten du, eta proposamen zehatzak egiten ditu, beti ere komunitate osoa kontuan hartuta”. Proposamen horiek zuzendaritzara eramaten dituzte, eta han aztertzen da zer den posible eta nola gauza daitekeen egoera bakoitza.

 

Ikaslea subjektu aktibo gisa ulertuta

IOBa ez da ikasgai bat, eta ez du programazio edo curriculum propio sakon bat. Hala ere, hezkuntzaproiektuaren erdigunean kokatzen da; izan ere, ikasle-subjektua ulertzeko modu bat adierazten du: “Ezin dugu etengabe esan ikaslea dela gure hezkuntza-proiektuaren erdigunea eta, aldi berean, subjektu pasibo bilakatuta utzi,” dio Larrañagak. Ahotsa, ardura eta eragina eman nahi dizkiote ikasleari.

Batzordean lantzen diren gaitasunak ez dira akademikoak soilik: autonomia pertsonala, pentsamendu kritikoa, talde-lana, ahozko adierazpena eta erantzukizuna ere garatzen dituzte. Azkueren hitzetan, “nolabaiteko entrenamendua da helduen munduaren dinamika txikiak ikasteko: bilerak egiten ditugu, akordioak eta desadostasunak izaten dira, eta bakoitzaren iritzia modu eraikitzailean azaltzen ikasteko balio baitu”.

 


Guk hautatzen dugu, ondo ezagutzen gaituen eta lasai hitz egiteko konfiantza ematen digun norbait

Xabat Azkue, DBHko 4. mailako ikaslea


 

Ikasleen ahotsak ekarritako aldaketak

IOBren lanak hainbat aldaketa ekarri ditu dagoeneko, eta ikasleek ere sentitzen dute euren ekarpenak fruitua ematen duela. Adibideetako bat berandutzeen gaineko araudiarena da. Lehen, hiru berandutze izanez gero arau-hauste larritzat hartzen genuen; orain, muga lau berandutzera pasatu da, dio Azkuek.

Bestalde, Larrañagak aipatu duenez, mutilen komunetan arazo larria izan zuten: “Zaborra, kalteak eta erabilera desegokia zirela eta, gunea itxita egon zen denboraldi luzez. IOBk egoera aztertu, ikasleekin eztabaidatu eta neurri sinple bat proposatu zuen: komunera doan ikasle bakoitzak koaderno batean izena eta ordua apuntatzea. Gela guztietan dago koaderno hori, eta ordutik egoerak hobera egin du”.

Informatikaren arloan ere esku hartu dute. “IMT Lazarus izeneko kontrol-sistema ezarri zenean, webgune asko behar ez bezala blokeatzen ziren, eta ikasleok ez ezik irakasleek ere zailtasunak zituzten lan egiteko. IOBk, IKT mintegiarekin batera, galdetegi bat prestatu zuen irakasleentzat eta ikasleentzat, eta jasotako ekarpenekin proposamen batzuk egin genituen: blokeaturik zeuden webguneak berrikustea eta irakasleentzako formakuntza saioak eskaintzea”, dio Azkuek. Pausoz pauso, arlo horretan ere aldaketak lortu dituzte.

 


Ezin dugu etengabe esan ikaslea dela gure hezkuntza-proiektuaren erdigunea eta, aldi berean, subjektu pasibo bilakatuta utzi

Jexux Larrañaga, Izarraizpe Ikastola Publikoa BHIko ikasketaburua


 

Erronkak, ikasitakoak eta etorkizunera begirakoak

Bide horretan, bi erronka nagusi nabarmendu dituzte. Batetik, ikasle nahikoa biltzea eta parte-hartzea sustatzea izan da. Bestetik, berriz, erronka taldeari “lurra hartzen” laguntzea izan da: zertan zentratu behar den, zer ez den haien egitekoa eta nola kokatu behar duten ikastolako organigraman. “Argi utzi nahi izan diegu IOBko kideei komunitateko kide garrantzitsuak direla eta haien ahotsak lekua eta eragina duela”, dio Larrañagak.

Etorkizunera begira, helburu nagusia da IOB pixkanaka sendotzea, ikastolan egonkortuta geratzea eta ikasle guztientzat erreferente bihurtzea. Larrañagaren ustez, ikasleek helduen munduko dinamiketara hurbiltzeko modurik egokienetako bat da: “Gure eskuetatik igarotzen diren ikasleek etorkizunean herritar kritiko, arduratsu eta parte-hartzaile izatea nahi badugu, IOB bezalako egiturak ezinbestekoak dira”.