Haizea Huegun, musikagilea eta musika irakaslea.

 

Huegun eskolaratu gabe hazi zen eta musika bere kabuz ikasi zuen, jakin-minak eta sormenak gidatuta. Gaur egun piano irakasle eta konpositore gisa dihardu lanean.

 

Haizea Huegunek Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen Musika Konposizioko Goi Mailako Graduko ikasketak, eta horien ostean ekin zion musikagile eta irakasle gisa egiten ari den bideari. Bere ibilbidea sorkuntza askatasunean eta emozioaren bidezko ikaskuntzan oinarritzen da, eta gaur egun Donostiako Aiete auzoan dagoen Ahaire Musika Akademian hogei ikasle ingururi ematen dizkie klaseak.  

 

Noiz eta nola hasi zinen musikaren eta konposizioaren bidez zure burua adierazten? 

Hamabi urterekin hasi nintzen musikaren munduan. Egia esan, adin horretan berandu hasi nintzela esaten zidaten, baina nik garbi nuen pianoa jotzen ikasi nahi nuela. Hasieran, gurasoek ez zioten garrantzi handirik eman nire desioari; pentsatu zuten, seguruenik, hamabi urteko neska baten kapritxoa izango zela. Baina nik temati jarraitu nuen, eta azkenean irakasle bat bilatu zidaten. Horrela hasi nintzen pianoarekin, eta lehen momentutik maitemindu nintzen musikarekin.  

Oso ondo gogoratzen dut gurasoek irakasleari lehen egunean esan ziotena: “Guk nahi duguna da Haizeak musikaz gozatzea. Ez diogu exijituko kurtso amaieran obra jakin bat jotzea, ezta kontzerturik egitea ere. Guretzat garrantzitsuena da disfrutatzea eta bere erritmoan ikastea.” Uste dut oinarri horri esker lotu nintzela hain modu berezian musikarekin. Hasieratik, nire borondatez jartzen nintzen pianoaren aurrean egunero, ordu-erdiz edo ordubetez. Inork ez ninduen behartzen, eta nik plazer hutsez egiten nuen. Gero, hamabost urterekin, irakaslez aldatu nuen eta konposizio ariketak egiten hasi nintzen; ez lanerako edo emaitza zehatz bat lortzeko, baizik eta musika hobeto ulertzeko grina nuelako. 


Zure ingurukoek zure interesa sostengatzen dutenean, eta behartua ez sentitzeak, sormena modu aske eta osasuntsuan loratzen laguntzen du 


 

Zure etxean artea beti presente egon da aita eskultorea izanik. Nolakoa zen haurtzaroko giro sortzaile hori, eta nola eragin dizu gaur egungo sormen prozesuan? 

Nire aitak hogeita hamabost urte daramatza eskultore lanetan eta etxean beti egon da artearen presentzia, baina modu naturalean, presiorik gabe. Gurasoek egin duten gauza bakarra da, niri interesatzen zitzaizkidan gauzetan jarraitzeko aukera ematea. Esaterako, Pianoa gustatzen zitzaidanez, haiek ere nirekin etortzen ziren kontzertuetara. Eta hori ez zen musikarekin soilik gertatzen, bizitzako arlo guztietan egin dute gauza bera: nire jakin-mina entzun eta nire bideari lekua egin. Uste dut jarrera horrek, asko markatu nauela gaur egun daukadan sormen prozesuan: sortzeko askatasuna izateak, zure ingurukoek zure interesa sostengatzen dutenean, eta behartua ez sentitzeak, sormena modu aske eta osasuntsuan loratzen laguntzen du.  

 

Eskolatu gabe hazi izanak nola uste duzu baldintzatu duela zure sormen ikuspegia eta musikarako modua? 

Uste dut eskolan sistemak berak markatzen duela dena: ordutegiak, erritmoak eta gaiak, denentzat berdin. Nire kasuan, ordea, nik neuk gidatu dut ikaste prozesua nire interesen arabera, eta uste dut hor dagoela sormenaren muina. Gurasoek hori ulertu zuten, eta beti jarraitu zuten nire jakin-mina. Ez nintzen eskolara joaten, baina etxean eguneroko errutina bat nuen, ordutegi baten barruan, nire denbora antolatzeko. Goizean pianoa jotzeko gogoa baldin banuen, hori egiten nuen; beste egun batzuetan, irakurtzea edo matematika egitea nahiago izaten nuen, eta horri heltzen nion. Garrantzitsuena zen nik aukeratzen nuela nola eta noiz ikasi, eta horrek askatasuna eta ardura uztartzeko gaitasuna eman dit. Uste dut horrek zuzenean baldintzatu duela nire musikarako modua: nire erritmoan lan egitea, jakin-minak gidatuta sortzea, eta ez kanpotik etorritako agindu edo presio baten arabera.  

 

Musika konposatzaile gisa, zinema munduan filmetarako eta dokumetaletarako musika sortzen duzu. Nolakoa izaten da sorkuntza prozesu hori? 

Bost urte daramatzat musika konposatzaile gisa lanean, eta egia da lan-karga asko aldatzen dela urte batetik bestera. Batzuetan proiektu ugari pilatzen dira eta beste batzuetan, berriz, denbora gehiago izaten dut sortzeko eta esperimentatzeko. Une honetan, Primeran plataforman estreinatuko den Argi Gorriak telesailerako soinu-banda konposatzen ari naiz, eta, aldi berean, dokumental batzuk ditut esku artean, etorkizun hurbilean garatzeko asmoz. Prozesua nahiko zehatza eta elkarrekintza handikoa izaten da: lehenik, zuzendariak muntaiaren bertsio bat bidaltzen dit; nik proposamen musikal batzuk sortzen ditut, eta gero, elkarrekin adosten dugu zein norabidetan jarraitu, zer mantendu eta zer aldatu. Proiektu hori egiteko eskaintza jaso nuenetik, sei hilabeteko epean egingo dut.  

 


Garrantzitsuena zen nik aukeratzen nuela nola eta noiz ikasi, eta horrek askatasuna eta ardura uztartzeko gaitasuna eman dit. Uste dut horrek zuzenean baldintzatu duela nire musikarako modua


 

Musika klasikoaren munduan ere murgilduta zaude.Nola ikusten duzu gaur egun jendearen eta musikaren arteko harremana, eta nola uztartzen dituzu musika klasikoa eta gaur egungo sormen askatasuna? 

Bai, hala da. Egia esan, askotan pena ematen dit musika klasikoa helduen munduarekin edo elitismoarekin lotuta egotea. Azken batean, musika musika da, eta guztioi dagokigun adierazpide bat da. Horregatik saiatzen naiz nire ikasleak, eta baita lagunak ere, musika klasikoa gerturatzen: kontzertuetara joaten gara, entzunaldi txikiak antolatzen ditugu, eta, orain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren sare sozialetarako edukiak sortzen ditut.   

Azkenaldian, musika klasikoa eta gaur egungo sormenaren ikuspegia uztartzen ari naiz, eta egia esan, oso harrera ona izan du. Hasieran pentsatzen nuen inori ez zitzaiola musika klasikoa interesatuko, baina harrituta nago jendearen erantzunarekin. Izan ere, playlist bat sortu nuen musika klasikoarekin, eta askok idatzi didate esanez egunerokoan entzuten dutela. Horrek erakusten dit musika klasikoarekiko interesa badagoela, eta begirada berri bat behar da soilik.  

 

ESAS sareko kidea zara, emakume sortzaileak eta musikariak elkartzen dituen espazioan. Zer indar eta elkartasun sortzen da halako talde batean eta nola sustatzen duzue sormena kolektiboki? 

Bai, adibidez, iaz Dance of Change izeneko diskoa sortu genuen eta bertan musika klasikoa eta elektronikoa fusionatu genituen. Duela bi hilabete, Madrilen banatutako +Musica sarietan, Grabaketa Klasikorik Onenaren saria jaso genuen, eta horrek ilusio handia egin zigun.   

ESAS sarearekin, alde batetik, emakume sortzaileentzat eta musikarientzat elkartzeko espazio bat sortu dugu; bestetik, musika klasikoa ezagutarazteko lan egiten dugu, ikuspegi berritzaile batetik. Horretarako, ñabardura txikietan jartzen dugu arreta: adibidez, musika klasikoko kontzertuetan ohikoa den kolore beltzeko jantzien ordez, guk kolore zuriko arropak erabiltzen ditugu. Protokolo eta irudi horiek aldatzea da gure helburuetako bat. Gainera, kontzertuak ez ditugu beti Kursaal bezalako aretoetan egiten; askotan aire librean edo kultur etxeetan antolatzen ditugu, jende gehiagorengana iristeko eta musika klasikoa hurbilago sentitzeko.  

 


Askotan pena ematen dit  musika klasikoa helduen  munduarekin edo  elitismoarekin lotuta egotea. Azken batean, musika musika da, eta guztioi dagokigun adierazpide bat da. Horregatik saiatzen naiz nire ikasleak, eta baita lagunak ere, musika  klasikora gerturatzen


 

Horrez gain, adin guztietako ikasleei pianoa jotzen irakasten diezu. Zer ikasten duzu zuk irakaste prozesu horretan, eta zer indar ikusten diozu musika modu askean ikasteari? 

Sei urteko haur txikiei eta jubilatuta dauden adineko pertsonei ere aritzen naiz pianoa irakasten. Niretzat, funtsezkoa da berehala antzematea ikasleak benetan etorri nahi duen ala gurasoek behartuta etortzen den, eta hori oso azkar nabaritzen da. Nire asmoa da musika beste era batera irakastea, presiorik eta beldurrik gabe. Musika modu askean ikasita, jendea gusturago eta motibatuago egoten dela uste dut. Eta nik neuk asko disfrutatzen dut prozesu horretan, ikusten dudalako musikak ez duela soilik sormena eta irudimena lantzen, baizik eta desahogatzeko bide ere badela, ahalegina eta pazientzia irakasten dituela, eta azken batean, norbere buruarekiko konfiantza sendotzen duela.  

Niretzat, ikasleak urteekin nola hazten diren eta nola eboluzionatzen duten ikustea da saririk handiena. Helduenekin asko lantzen dut berriz ere haurtzaroan zuten sormen hori berreskuratzea, askotan eguneroko errutinan galduta geratzen baita. Haurrak, berriz, berez ateratzen dute irudimena eta sorkuntza, eta horrek sekulako energia ematen dit. Azkenean, nik egiten dudan lana horixe da: pertsona bakoitzak bere barneko sorkuntzarekin berriz konektatzea, eta musika bide horretarako tresna besterik ez da.  

 

Zer aholku emango zenieke guraso eta heitzaileei, haurren musikarako sena eta adierazpen gaitasuna elikatzeko? 

Gurasoei eta hezitzaileei gomendatuko nieke etxean zein ikastetxeetan musika entzutea eta gozatzea, baita kontzertuetara joatea ere. Ez da beti beharrezkoa musika-tresna bat jotzea; garrantzitsuagoa da musika eguneroko bizitzan modu naturalean txertatzea. Musikaren sena pizteko ez da gauza handirik egin behar: detaile txikiak aski izan daitezke. Eta, batez ere, haurrak ez behartzea funtsezkoa da; musika bizitzeko askatasuna eta plazera behar dira.