Arizmendi ikastolaren eraldaketa prozesua
Eraldaketa etorri badator, guk nahi ala ez. Alde batetik, agerikoa da eskoletako egonezina eta motibazio falta —Bigarren Hezkuntzan bereziki— eta bestetik, gizartearen beharra; gizartea asko aldatu da. Eskolak aldatu beharra dauka, bai ala bai. Kontua da nola egin nahi dugun hori: harrapa gaitzan uzten dugu edo gu aurreratzen gara eta zentzu batekin egiten dugu gure ikastetxearen eraldaketa? Zentzuz eginda, eraldaketa askoz eraginkorragoa eta kudeagarriagoa da”. Amaia Anteroren hitzak dira, Arizmendi ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko taldekidearenak. Leintz bailarako ikastolak hamarkadatik gora darama eraldaketa prozesuan. Abiapuntuan premia zehatz bati erantzuteko ekin zioten berrikuntzari: “2009an kooperatibetatik unibertsitatera (Huhezira) behar bat iritsi zen: testuinguru kooperatiboan gaude eta egitura kooperatiboak ditugu, baina subjektu kooperatiboak falta zitzaizkigula ikusten zuten. Sozialki ez zuten nahiko luketen atxikimendua ikusten izaera kooperatiboarekiko”. Premia horri erantzuteko abiatu zuten ikastola osoa eraldatu duen berrikuntza prozesua, behar sozialari ez ezik, hezkuntzaxedeei eta haurren beharrei erantzutera igaro den aldaketa.
Eraldaketak hausnarketa behar du: Huhezin ikerketa talde bat jarri zen martxan orduan, Hazitegi, eta bertan parte hartu zuen Arizmendi ikastolak. Horrela, Mondragon taldearekin eta Rafael Cristobal psikiatra eta haur psikologian adituarekin eraldaketa pedagogiko sakonean murgildu zen ikastola: “Hipotesi nagusia zen subjektu kooperatiboak, batez ere, Haur Hezkuntzan eraikitzen direla”. Adituen teorizazioak Arizmendi ikastolan lur hartu zuen, hain zuzen ere Uribarri zentroan (Arizmendi ikastolaren sei guneetako batean, Arrasaten), Haur Hezkuntzako eraldaketa egitea proposatu zioten unibertsitateak eta psikiatrak ikastolari, subjektu kooperatibo horren bila. Pilotajean parte hartu nahi zuten HHko irakasleei eta familiei formazioa eman zieten. Proiektu Berria martxan jarri zen Uribarrin, eta ondoren eredu hori Arizmendi ikastolako HHko beste guneetara transferitu zuten, Aretxabaletako Basabeazpi ikastolara eta Arrasateko Umezaintzara, Santa Teresara eta Olartera. Eskoriatzako Jose Arana gunean une hartan ezin izan zen eraldaketa arkitektonikoa aurrera eraman, baina gerora lortu da.
Hurrengo urratsa Proiektu Berria deitu zitzaion eredua HHtik LHra transferitzea izan zen. “HHn Proiektu Berriarekin hazi ziren haur horiek LHra zetozen eta arduradunak konturatu ziren LHn ere aldaketak egin behar zirela, baina LHko irakasleoi gainera etorri zitzaigun eredua —kontatu dio Hik Hasiri Maider Hercek. Orduan LHko irakaslea zen Herce eta gaur egun, LHko zuzendaritzatik pasa ostean, LHko berrikuntza arduraduna da—. Gu gustura geunden gure egiteko moduekin, eta ez genuen ulertzen paretak botatzea, bat-batean irakasle mahaiak kentzea eta gisako aldaketen zergatia; zergatik eta zertarako aldatu? Zergatik aldatu espazioak? Zergatik hasi proiektuka lan egiten Txanelarekin gustura baldin bageunden? Eta hirugarren aldaketa nagusia adin-nahasketa zen, eta guk zalantzak genituen”. “Begirada onarekin egindako aldaketarako proposamena zen, baina lursaila prestatu gabe zegoen, eta LHko irakasleek ez zuten ulertzen”, erantsi dio Anterok.
Ez zen soilik LHko irakasleen ezin ulertua, HHz besteko etapa guztietan Proiektu Berria “HHko kontua” zela sentitzen zuten, “asko jota LHko lehenengo ziklora iritsiko zena”, gogoratzen du Anterok. Orduan klabea izan zen zuzendari berriak zuzendaritza talde berriari egin zion enkargua: “Ikastola honek pertsona begiratzeko eta esku-hartzeko modu amankomun bat behar du etapa guztietarako”, esan zion Iñaki Etxezarreta zuzendari berriak Anterori, eta Hercerekin eta zuzendaritza taldeko beste kideekin “HHn, LHn, DBHn eta Lanbide Heziketan, etapa guztietan, irakasleak orientatuko zituzten begirada eta ildo pedagogikoak” zehaztera jarri zen taldea 2013an.
Ikaslea erdigunean jartzeak elementu curricularrak periferiara pasatzea eskatzen du eta elementu pertsonalak, pertsona ereduari dagozkionak, erdigunera ekartzea
Maider Herce, Arizmendi ikastolako Lehen Hezkuntzako Berrikuntza arduraduna
Markoa: Konfiantziaren Pedagogia
Konfiantzaren Pedagogia kontzeptua lantzen hasi zen orduan zuzendaritza berria Cristobal aholkulari zuela. “Proiektu Berriko izanari izena jartzeaz gain, lur-hartzeko hiru esku-hartze eremu bereizi genituen: pertsonaren garapena eta zaintza, testuingurua eta ikas-irakaskuntza prozesua”, azaldu du Anterok. Hiru hanka horietan finkatu zuten Konfiantzaren Pedagogia, eta hainbat galdera egin zizkieten euren buruari 2015ean marko pedagogikoa ezartzeko eta liburura eramateko:
Zer egin behar dugu ikasleak bere buruarengan, eta besteengan konfi antza izan dezan?
Zer egin behar dugu haurrak bere testuinguruan konfi antza izan dezan?
Zer egin behar dugu pertsonak ikas-irakas prozesuan konfi antza izan eta berau modu seguruan egin dezan?
LHn eraldaketarako lursaila prestatzeko, formazioa eta bidelaguntza giltzarriak izan ziren, irakasle guztiek ezagutu behar zuten ikastolaren iparra markatuko zuen proiektua eta euren zalantzei eta kezkei erantzuteko bidelagunak behar zituzten.
Eraldaketako klabeak
Kooperatibetatik zetorren behar zehatz batetik abiatuta, Arizmendi ikastolak 13 urte daramatza berrikuntza prozesuan, marko pedagogikoa aldatu du, etapen antolaketa eta egituraketa aldatu du, metodologiak, ebaluazioa, espazioak, rolak, materialak eta abar. Gisa horretako eraldaketa integrala egiteko klabeak zein diren galdetuta, hainbat aipatu dituzte Maider Herce eta Amaia Antero berrikuntzako lan-taldekoek. “Gure prozesua ez da perfektua, hori hasteko; autokritikarako eta hobetzeko gauzak baditugu, baina irakasleak aldaketa sakon honetan inplikatzeko formazioa eta bidelaguntza gakoak izan dira. Lehendabizi berrikuntzan dihardugun irakasleok formatu gara, baina irakasle guztiei eman diegu formazioa eta behar izan denean, bidelaguntza. Autoformazioa ere garrantzitsua da, irakasle bakoitzak bere gaitasunak aurkitzeko. Garrantzitsua da, baita ere, ereduak ezagutzea, guk amesten duguna jada beste ikastetxe batzuetan gauzatzen ari direla ikustea”, azaldu du Hercek.
Ikastola handia izaki (6 gune, 3.200 ikasle eta 275 profesional), berrikuntza pentsatzen eta diseinatzen talde zabala aritu da urte hauetan, baliabide pertsonalak jarri baititu Arizmendik. Ausardia da beste klabeetako bat, Anteroren aburuz: “Zuzendaritza ausarta behar da. Hasteko, berrikuntzan sinetsiko duen zuzendari bat eta ondoan ongi lerrokatutako ekipo on bat, zuzendaritza horrek lana delega dezan berrikuntza talde sendo batean, ikertzeko, edukiak sortzeko, formazioa emateko eta bidelaguntza eskaintzeko prest dagoen ekipo pedagogiko sendo bat”.
Helburua: Arizmendiren pertsona eredua
Aldaketa handiagoa zetorren, gainera: salto kualitatiboa emango zuen Arizmendi ikastolak 2018an Konfi antzaren Pedagogia inplementatzen ari zirenean Kataluniako Horitzó 2020 egitasmoa ezagutu eta zuzendaritza pedagogikoa Katalunian hainbat ikastetxe egiten ari ziren eraldaketari begira jarri zenean. “Katalunian eskola batzuk beste ebaluazio mota batekin ari zirela lanean entzun genuen, etapak beste modu batean antolatzen zituztela… Irakurri eta hara joan ginen”, kontatu du Anterok. Horitzó 2020 egitasmoaren koordinatzaile Xavier Aragay eta Pepe Menendez ezagutu zituzten eta haiekin ekin zioten eraldaketako hurrengo urratsari: “Guk ordurako esaten genuen Arizmendi ikastolaren eginkizuna ‘pertsona euskaldun kooperatibo eta konpetenteak’ sortzea zela, eta Konfi antzaren Pedagogia hori garatzen lagunduko zigun marko pedagogikoa zela, baina Aragayk honako galdera hau egin zigun: “Zein da Arizmendi ikastolan irakasle bakoitzak gelara sartzen denean daukan enkargua? Zer da, Matematika, Heziketa Fisikoa edo Musika irakastea? Eta nola lotzen da hori Arizmendik eraikitzen lagundu nahi duen pertsona euskaldun kooperatibo eta konpetentearekin?’. Hor klik egin genuen: eskola guztiok daukagu gure misioa, baina nola lortzen dugu misioa egunerokotasunean lurreratzea? Hori da galdera klabea. Nola lortzen dugu gure errotuluetan eta hezkuntza proiektuetan hain polit gelditzen den hori egunerokotasunera eramatea?”.
Eskola guztiok daukagu gure misioa, baina nola lortzen dugu misioa egunerokotasunean lurreratzea? Hori da galdera klabea
Amaia Antero, Arizmendi ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko taldekidea
“Momentu hartan ez geneukan erantzunik”, kontatu du Hercek. Konfi antzaren Pedagogiak markoa ezartzen zuen baina ez zen lurrera jaisten. Erantzuna “Pertsona Ereduaren elementua deskubritzeak” ekarri zien. Ariketa bat proposatu zieten Kataluniako adituek: “2019an ikastolara etorri zen Amets umea, 2034 inguruan ikastolatik aterako da, ondoren Lanbide Heziketako zikloren batera edo unibertsitatera joango da, agian lan mundurako prestatzen jarraitzera, eta 2040 inguruan, lan mundura jauzi egingo du. Agian berak konfi antza osoa izango du ikastolan. Nolakoa izango da mundua 2040an?”. Pandemia aurretik egin zuten ariketa hori etapa guztietako arduradunek. “Ziurgabetasuna zen nagusi. Ondorioa da ez dakigula. Ariketa horrekin, eta ziurgabetasun horretan, Arizmendik garatzen lagundu nahi duen Pertsona Eredua zein den hausnartu genuen”, azaldu du Hercek. “Pertsona euskaldun, kooperatibo eta konpetentea” erdigunean jartzetik, bereizgarri gehiago zehaztera etorri ziren: kooperatiboa, barne-sendotasuna duena, euskalduna, eraikitzaile eta ekintzailea eta eraldatzailea izendatzera. Ondoren, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean eta ikastola guztiekin partekatzeko, bostera ekarri dituzte bereizgarriak.
Defi nizio horren atzean dagoen lan kognitibo guztia, Pertsona Ereduaren bereizgarriak eta bereizgarri bakoitza defi nitzen duten ezaugarriak Ametsak betetzeko daude liburuan bildu zituzten. “Arizmendi ikastolak eraikitzen lagundu nahi duen Pertsona Ereduaren ezaugarrietako bat ‘hurbilekoa eta enpatikoa izatea’ dela badiogu, zehaztua dugu Arizmendin hori nola ulertzen den: ‘Presentzia eta arreta eskaintzen duena dela, epaitzen ez duena’, adibidez. Eta benetan Pertsona Eredu zehatz hori lortzeko, ikasleengan zer-nolako inpaktuak eragin behar ditugun aztertu genuen. Irakasleak ikasleengan bereizgarri bakoitzean inpaktatzea lortu behar du, eta orain beraz, irakasle bakoitzak garbi du zein den bere enkargua”, azaldu du Anterok.
Pertsona Ereduaren bereizgarriak ikasleen irteera profilari begira pentsatuak izan ziren lehendabizi, eta beraz, Batxilergo mailako inpaktuak erredaktatzea izan zen hurrengo lana, eta jarraian Batxilergorako definitu zituzten inpaktu horiek HHraino jaitsi behar izan zituzten, etapa amaiera eta ziklo amaiera guztietan inpaktuak definitzeko.
Sakoneko eraldaketa: sistemikoa eta disruptiboa
HHn hasi zen eraldaketa, ondoren LH apur bat ukitu bazen ere Konfiantzaren Pedagogiarekin, Batxilergoa izan zen pertsona ereduaren bereizgarrien arabera, desberdin lan egiten hasi zen etapa, eta tartean gelditu zitzaien DBH. Ikaskuntzarako Eredu Berria diseinatu zuten orduan LHko 3. zikloa eta DBHko 1. zikloa batuz: “Batetik, LHren eta DBHren arteko arrakala gainditzen saiatzeko; eta bestetik, DBHn orokortua dagoen nahigabea eta frustrazioa eta eskola porrota eta porrot bitala ekiditeko”, Anteroren arabera. Prototipoa diseinatu zuten DBHrako, egiturazko aldaketekin: lehenik eta behin, zikloa LH5etik DBH2rako mailek osatuko zuten aurrerantzean Batu izenpean, eta DBHko logika zatikatua saihestu zuten, “arlo bat ikasgela bat, irakasle bat, logika hori apurtu egin nahi genuen. DBHko irakasleek eduki dezaketen rol tekniko hori ere gainditu egin nahi genuen; LHn irakasleak generalistagoak dira, baina hezitzaile rola oso barneratua daukate; baina DBHn alderantziz da: nagusiki euren burua arloko irakasle moduan ikusten dute, eta gero, tutore moduan. Euren enkargua arloa da. Hori apurtu egin nahi genuen, eta horretarako LHrekin lotura egitea estrategikoa iruditzen zitzaigun”.
Eraldaketa benetakoa izan dadin, sakonekoa eta egiturazkoa izan behar dela ikusi dute Arizmendin. “Batzuetan, berrikuntzaren izenean egiten ari diren hainbat gauza plano metodologikoan gelditzen direla ikusten dugu, metodologia berriak txertatzen dira ikastetxeetan: orain, ikaskuntza kooperatiboa; orain, adimen emozionala; orain mindfulnessa; orain pentsamendu trebetasunak lantzeko metodologiak eta dena dira metodologiak. Guk uste dugu eskola batek sakoneko eraldaketa bat aurrera eramateko, gainditu egin behar duela metodologien planoa, eta komunitate osoak partekatzen duen sakoneko ipar bat behar dela. Ikaskuntzarako eredu honek honako hau planteatu du: egiten dugun guztia Pertsona Eredua garatzeari begira egin dezagun”. Ordutik, Arizmendin egin duten berrikuntza oro, helburu duten Pertsona Eredua eraikitzen laguntzeko izan dadin saiatu dira.
BATUn, LH5etik DBH2ra, ezarri duten prototipoa eraldaketarako eredu integrala da. “Berrikuntza honetan sistema osoa eraldatu behar dugula ulertu dugu”, adierazi du Anterok. “Eraldaketa sistemikoa eta disruptiboa izan da. BATUn dena aldatu dugu, sistema osoa: espazioak, rolak, metodologiak, ebaluazioa, materialak, antolaketa; dena. Eta benetako eraldaketak ausartak izatea eskatzen du. Orain bai, ikaslea ahalduntzen duen ereduranzko bidea egiten ari gara”. Ikaslea benetan erdigunean jartzeak, elementu curricularrak periferiara pasatzea eskatzen du, Hercek adierazi duenez: “Elementu pertsonalak, pertsona ereduari dagozkionak, erdigunera ekartzea esan nahi du”. Horrek ez du adierazten edukiak eta konpetentziak lantzen ez dituztenik, aitzitik, ikasleak modu esanguratsuan ikasteko eta ikastolan definitu duten Pertsona Eredua garatzeko Ikaskuntza Esperientzia Motak, IEMak, diseinatu dituzte eta horien arabera antolatu dute astea. “Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza guztion ahotan dago, eta guk pauso bat aurrera ematea proposatzen dugu, eta Euskal Herriko ikastetxe guztietarako amestuko nuke jauzia. Geruza bat gehiago ezartzea proposatuko nuke: edukiak behar ditugu pertsona eredu jakin bat garatzen laguntzeko; beraz, edukiak konpetentziak lantzeko bitarteko dira, eta guretzako, konpetentziak pertsona ereduak garatzeko bitarteko dira. Beraz, baliabide bat gehiago dira konpetentziak, ez dira helburua”. Logika horretatik eraiki du Arizmendik ikaskuntza eredu berria LH5etik DBH2ra. Orain, BATUn esperimentatu eta doitutako prototipoa, eraldaketa integrala, beste etapetara transferitu behar dute.
Eraldaketa sistemikoa eta disruptiboa izan da. Batun dena aldatu dugu, sistema osoa: espazioak, rolak, metodologiak, ebaluazioa, materialak, antolaketa; dena
Amaia Antero, Arizmendi ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko taldekidea
Ikaskuntza eredu berria: arloetatik esperientzietara
Arizmendi ikastolak helburu duen Pertsona Eredua zehaztuta dauka bost bereizgarritan eta berau garatzeko ikaskuntzako eredu berria ezarri du LH5etik DBH2ra, Batu egitasmoan.
Arizmendi ikastolak bost bereizgarritan zehaztua dauka garatzen lagundu nahi duen Pertsona Eredua: euskalduna, kooperatiboa, erabakitzailea eta ekintzailea, barne-sendotasuna duena eta eraldatzailea. Ikasleengan eragin eta eredu horretara hurbiltzeko, ikaskuntzako eredu berri bat diseinatu zuten LH5etik DBH2rako, eta ondoren beste etapetara zabaltzen joan dira eredua. Ikaskuntza eredu berriaren ezaugarrietako bat arloetatik IEMetara pasatzea izan da, Ikaskuntza Esperientzia Motetara. “Gure ikasleek modu esanguratsuan ikasteko eta Pertsona Eredua garatzeko diseinatzen ditugun esperientzia motak dira IEMak —azaldu du Maider Hercek—. Pertsona Ereduaren 5 bereizgarrietan eta 18 ezaugarrietan inpaktuak bilatu dira. Esperientzia horiek modu sistematikoan bizi ditu ikasleak, aste eredu baten barruan”. Ikaskuntza Esperientzietarako materiala hiru ezaugarri kontuan izanda sortu dute “Bat: Pertsona Ereduaren zein ezaugarritan eragin nahi dugu? Bi: Curriculumetik zein helburuk eta zein edukik laguntzen digute horretan? Eta hiru: Garapen Iraunkorreko Helburuak”.
Klik-ak: egunari hasiera eta amaiera ematen dieten esperientziak dira. “Hausnartuz eta euren buruarekin eta besteekin konektatuz egiten dute”. Erdu egitasmoan (HH) zirkulazio librean ibiliko dira haurrak, etxetik ikastolaratzeko prozesua modu natural batean gauza dadin. Batun (LH5-DBH2), gaur eguneko gaien inguruan eztabaidatzeko, hausnartzeko eta sakontzeko baliatzen dituzte Klikak.
PROIak: hurbileko eta ez hain hurbileko egoera, arazoak ikertuz errealitate horretan eragiteko esperientziak diseinatu ditu lan-talde batek. BATUko maila bakoitzerako seina proiektu dituzte ekoitziak eta gainerako etapetan diseinatzen eta esperimentatzen ari dira.
Sakon: arloak kendu eta aste eredua aldatu zutenean, hizkuntzaren eta idazketa-irakurketaren eta logika matematikoaren garapenean sakontzeko esperientzia propioak sortzeko beharra ikusi zuten.
GPS: Garapen Pertsonalerako Saioak dira. Barne-sendotasunaren bereizgarriari erantzuten dio. Norbere buruaren ezagutza, harremanak, bizitzarekiko jarrerak edota meditazioa lantzen dituzte.
Bidean: ikasleak bere burua pertsona-ereduarekiko erreferentzian aztertzen duen sintesirako esperientzia da.
LABak: ikaslearen sormena garatzeko eta PROIetatik eratorritako produktuak garatzeko tartea eskaintzen du LABak. “PROIetan bideo bat erabaki badute ikasleek, adibidez, LABetan bideo hori grabatzen ikasten da”.
BIZI: aste-eredu ohikoa apurtzen da aste batez, eta ikasleek euren zaletasunak deskubritzeko, boluntariotza-esperientziak bizitzeko aukera eskaintzen du BIZIk.
Gure ikasleek modu esanguratsuan ikasteko eta Pertsona Eredua garatzeko diseinatzen ditugun esperientzia motak dira IEMak, Ikaskuntzako Esperientzia Motak
Maider Herce, Arizmendi ikastolako Lehen Hezkuntzako Berrikuntza arduraduna
Lehen sastrakaz beteriko basoa, orain ikasgela
Almen guneko basoa Gura egitasmoko proiektu ardatzetako bat bihurtu da aurten, LH1etik LH4ra astero ateratzen dira haurrak eta irakasle talde bat proiektuak diseinatzen ari da.
Arizmendi ikastolaren Almen gunean, Eskoriatzan, baso bat dago ikastolaren ondoan. Urtetan, ordea, basoa ez da izan irisgarria, maldan eta sastrakaz betea baitzegoen. Auzolanean, familien, langileen, irakasleen eta ikasleen artean basoa irisgarri egin dute, eskailerak, heldulekuak eta elkarguneak eraiki dituzte eta, une honetan, GURA egitasmoaren (LH1-LH4) erdigunean dago basoa, Naturan Hezten proiektua: “GURA mundua ezagutzen hasteko leiho bat izan behar da. ERDUtik datoz (Haur Hezkuntzatik) eta etapa horretan haurrak egozentristak dira eta euren gorputzaren kontzientzia hartzen hasten dira. GURAra datozenean, ikuspegia zabaldu egin behar dute, Nitik Gutaz hizketan hastera igarotzen dira, eta Gu horretan sartzen da mundua. Munduaren erakusleiho gisa IEM Ikaskuntza Esperientzia Mota garrantzitsua da”, azaldu du Maider Herce Lehen Hezkuntzako Berrikuntza arduradunak.
Arizmendiko Pertsona Ereduaren bereizgarriekin bat eginez, ikaslea ahalduntzea helburu duen ereduan osoki txertatu da Naturan Hezten, GURA etapan Almenen, Hercek adierazi duenez: “Torrebaso ez da beste edukiak lantzeko espazioa, adibidez matematika manipulatiboa lantzeko espazio bat. Ikasgela da, eta bizipenen bitartez natura ezagutzen eta ulertzen ari dira ikasleak ezagutzarekin eta ulermenarekin etorriko baita natura maitatzea eta errespetatzea”. Mailaka, astean behin goiz osoa basoan pasatzen dute GURAko haurrek. “Hiru ordu igarotzen dituzte basoan jolas librean eta kanpoko ekintzetan, eta hiru ordu barruan, Naturan Hezten proiektuari eskainita; talde motorrak sekuentzializatuta dauka maila bakoitzak zer landuko duen, hala nola landaredia, zuhaitzak, zomorroak, hegaztiak, lurzoruak…”. Horretarako, irakasleek Baso-eskolako formazioa jaso zuten Ekoguneko adituekin eta baita familiek ere. “Errealitatetik eta bizipenetik ikasten da. Jada ikaskuntza ez da kontatzen diguten zerbait; “hegaztiak udazkenean Afrikara joaten dira” ikastea gauza bat da eta, bestea, sumatzea azaroa arte entzun ditugun hegaztiak urtarrilean, dagoeneko, ez direla entzuten”.
Ikasturte honetan ekin diote Naturan Hezten egitasmoari, baina dagoeneko antzeman dituzte hobekuntzak. “Alderdi psikomotorretik hasita, haurrak irailean nola ateratzen ziren basora, edo orain zelako abileziarekin ibiltzen diren ikusita, argi dago garapena”. Horrez gain, basoan sortzen den giroa nabarmentzen dute irakasleek, “giro lasaia, gatazka bakoa eta baretasun handiagokoa”. Ikasleen jakinmina zelan pizten den azpimarratzen dute irakasleek, eta baita konexioa ere, “ekintzetan eta dinamiketan agian ez hainbeste, baina jolas librean basoan integratuak sentitzen direla sumatzen da”.
Errealitatetik eta bizipenetik ikasten da. Jada ikaskuntza ez da kontatzen diguten zerbait. Beste gauza bat da sumatzea hegaztiak, dagoeneko ez direla entzuten
Maider Herce, Arizmendi ikastolako Lehen Hezkuntzako Berrikuntza arduraduna