Guraso eta irakasleen artean egiteko modukoa den galdera berri bat luzatu du Izar Arregi psikologoak ikasturte berriaren hasieran: ikasle nerabeen “lan” eskubideak bermatuta daudela uste al duzue? Ohartzen al gara bermatu beharreko lan eskubideak dituztela?

Langileen eskubideak eta lan baldintzen inguruan asko hitz egiten da, baina nerabeen “lan” baldintzak ekarri nahi ditugu HAZI HEZIko lerrootara. Ez lantegi, komertzio edo bulego batean eduki ditzaketen eskubideak, baizik eta ikasle modura ikastetxean dauzkaten lan eskubideak.

Hitz potoloetan galdu gabe, Izar Arregi psikologoak adibide konkretuak dakartza: “Orain dela gutxi argitaratu den lege berri batek dioenez, hilekoa min handiarekin pasatzen duten emakumeek lau egunetako baja har dezakete. Hilekoa duten ikasleek ere bai? Beste kasu bat: ikasle bat gaixo baldin badago, etxean geratzen da eta ez da eskolara joaten. Lana atzeratu egiten zaio eta gero errekuperatu egin behar izaten du, edo gaixoaldi luzea izan bada, agian errepikatu beharrean aurkitzen da. Antsietatea daukan ikasle batek ez dauka inolako bajarik hartzerik; aldiz, irakaslea izango balitz antsietate horren erdia lukeena, bajan egongo litzateke eta inork ez luke zalantzan jarriko soldata jaso beharko lukeenik”. Psikologoaren iritziz, askotan ez dugu pentsatu ere egiten ikasle nerabeek lan eskubideak dituztenik, eta are gutxiago eskubide horiek bermatu behar direnik.

Ikasleen “lan” eskubideak
Langile gisa, baja eskubidea eduki beharko lukete ikasle nerabeek ere. Eta lan baldintzei dagokienez, eskolak jasotzeko eskubidea. “Guraso, anai-arreba edo gertuko familiartekoren bat hil eta depresioarekin dagoen ikasleak ez du baja eskubiderik gaur egun. Berdin hanka puskatu eta etxean egon behar duen ikasleak. COVID-19a zuten ikasleek, ordea, bai. Kasu haietan online eskolak eskaini ziren, azterketak egiteko aukera eman zitzaien, selektibitatean ere malguagoak izan ziren... Aparteko sentsibilizazio bat egon zen eta ikasleen beharrak bermatzea lortu zen”, azaltzen du Arregik. “Orain, ordea, COVID-19a desagertu da eta baliabide guztiak atzendu dira, eta ez zukeen hala izan behar, alderantziz baizik: COVID-19aren kasuan jarri ziren bitartekoak erabiltzen jarraitu beharko litzateke, beste hainbat kasutarako ere baliagarriak direlako”.

Gizarte-laguntzailea, bitartekari
Ikasleen “lan” eskubideak bermatzeko, laguntza puntualak ematea baino soluzioak sistematizatzea egokiagoa dela dio psikologoak. “Horregatik, uste dut gizarte langile bat egon beharko litzatekeela ikastetxeetan. Haren egitekoa ikasleak entzunak izateko bide berriak bilatzea, ikasleen eskaerak jasotzea eta ikasleen bajak kudeatzea izango litzateke, besteak beste”. Bitartekari lanak egingo lituzke eta ikasleak eta gurasoak lasaiago egongo lirateke.

Gizarte-laguntzailearen egitekoak hauek izango lirateke, besteak beste:

- Geletara sartu eta bere burua aurkeztea.
   Ikasturte hasieran ikasleei beren eskubideen berri ematea.
- Gazteekin egotea eta haien eskariak jasotzea. Ikasleei denbora eta leku bat eskaintzea entzunak izan daitezen. Esate baterako, astean behin, bi ordu. Ikasleek, harengana jotzeko aukera izango lukete,          irakasleekin dituzten arazoen edo gatazken berri emateko eta hark bitartekari lana egingo luke, entzun, bideratu eta bere tokian jarri. Prebentzio lana izango litzateke.
- Ikasturtean zehar tarteka —ebaluzio bakoitzaren amaieran, adibidez— ikasle guztiekin borobilean elkartzea eta zer moduz egon diren galdetzea —gelan, ikaskideekin eta ikasgaian—, eta ekarpenik egin        duten ala ez.
- Ikasleen asebetetze maila ezagutzea. Ikasleak eta haien eskaerak ezagutzeko elkarrizketak egitea zozketaz aukeratutako ikasle batzuei. 
- Ikasleen bajen jarraipena egitea, betiere medikuen txostenetan oinarrituta.
- Bajan dauden ikasleen jarraipena. Bajan egon diren denboran galdu duten edukia nola errekuperatu aurreikusi behar du eta horretarako irakasle gehiago behar badira, hori nola kudeatu. Esate baterako,        minbizia duelako tratamendu bat jasotzen ari den ikasleak lau hilabete pasatzen baldin baditu eskolak jaso gabe, errepikatzea ez dadila aukera bakarra izan. Udan errekuperatzeko aukera luzatu dakioke,      horrek eskatzen dituen bitartekoak jarriz; esate baterako, udan irakasle bat izatea.