Eder Etxebarria Rojo | Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea eta hikhasitarra
Zenbatetan entzun izan dugu gaur egungo gazteak, batez ere 2000. urtetik aurrera jaiotakoak, “aro digitalean jaiotakoak” edo “natibo digitalak” direla? Irakasle gisa aritu aurretik, ontzat ematen nuen ikuspegi hura eta guztiz sinetsita nengoen gazteek mundu digitala erabili ez ezik azken honen kontrola ere bazutela. Izan ere, ordenagailuak, mugikorrak, tabletak, ordulari konektatuak eta beste hainbat tresna teknologikoak eskura izan dituen gazte belaunaldiak gailu hauek ezinbestean menperatu behar zituen.
Duela zazpi urte irakasle lanetan abiatu nintzen eta hastapeneko bi hilabeteetan ikusi nuena nahikoa izan zitzaidan “natibo digitalen” teorian sinesteari uzteko. Hamaika adibide eman banitzake ere, deigarrienak egin zitzaizkidanak aipatuko ditut: Googlen tresnak erabiltzen zituzten lan guztiak burutzeko, Googlen bilatzaileak aurkezten zizkien emaitzetatik lehenari baino ez zioten so egiten, hodeian egindako lan bat edozein modutan partekatzen zuten, mugikorrak sare sozialen zurrunbiloan murgiltzeko baino ez zituzten baliatzen eta ordenagailuan teklatua eta saguaren laguntzarekin ohikoak behar zuten hainbat keinu guztiz ezezagunak zitzaizkien.
Ondorioztatu nuen, hortaz, ikasleak tresna digitalen kontsumitzaile akritikoak zirela eta ezinbestekoa zela egoera iraultzea. Tresna digital alternatiboen bilaketan oso lagungarriak egin zitzaizkidan Hezkuntzan Librezale eta Elkartenet. Haien lana oinarritzat hartuz, hainbat jarduera antolatu genituen Etxepare Lizeoan. Esate baterako: hardware lantegiak, Luberri Linuxen instalazio saioak, programa libreen deskubritzeak, webguneen sorkuntza Wordpressekin, Mastodon eta Pixelfed sare sozial federatuak eraikitzea, eta abar.
Esperientzia hauek guztiak oso aberasgarriak izan dira. Batez ere, ikasleentzat. Mundu berri bat deskubritzeaz gain interneteko kontsumitzaile soilak izatetik sortzaile eta eraikitzaile izatera jauzia egin dute. Baionako esperientzia xume honek balio dezala Euskal Herriko irakasleok gure gazteen emantzipazio digitala bultza dezagun.