Imanol Alvarez Varela, Bilboko Ellacuria-Zurbaran institutuko Filosofia irakaslearen iritzi artikulua.

 

Gabonetako bazkaloste batean jaio zen artikulu hau. Heziketa, guztion bizitzan presente dagoelako, modu batean edo bestean. Eta ikuspegi zabal horretatik idatzi nahi dut gaurkoan. Bizitzan, orokorrean, ikasteko gaitasunaz. Inor ez denez jakitun jaiotzen, hark egiten duelako benetako aldea.

Esango nuke, berezkoa dela, akatsaren aurrean, erresistentzia pertsonala. Bakoitzaren lana da hausnarketa hori egitea. Baina sentsazioa dut, ataza konplikatzen duen testuinguru sozial bat gehitzen ari gatzaiola guztion artean. Akatsa normalizatu beharrean, guztia parekatu dugulako erlatibismoaren izenean. Frustraziotik babestu nahian, hobetzeko aukera ukatzen ari garelarik gure haurrei eta nerabeei.

Zergatik gabiltza gure buruari harrika orduan? Hezituaren perspektibatik, akatsa deserosoa da, definizioz frustragarria. Hobekuntzak onarpena eskatzen du hasteko. Gauzak beste modu batean egiteko lana eta ahalegina ondoren. Hezitzailearen figurari erreparatuta, deskribatutako guztiari aurre egin beharra dago, eta inorentzat ez da trago goxoa gatazka. Garrantzitsua da, hemen, hanka-sartzea ikaste prozesuaren barruan ulertzea eta hobekuntzarako bidea iradokitzea.

Egia da guri akatsak soilik seinalatzen zizkigutela. Sarritan modu txarrean, gainera. Baina gu, beti bezala, beste muturrera joan gara erantzun zuzenaren bila: ukatzea. Akatsarekin dugun harremana modu osasuntsuago batean izatea da benetako erronka. Dena ez dugu ondo egiten. Normala! Ikasteko gaitasuna ez garatzea da benetako drama bakarra, existitzen den gaitasunik preziatuena.

Horregatik guztiagatik, edozer gauza justifikatzen duten gurasoek, kritika eta ebaluazio negatiboak egiten ez dituzten irakasleek, eskola porrota estaltzeko kalifikazioak puzteko presionatzen duen Hezkuntza Sailak… mesede eskasa egiten diote sistemari. Horren emaitza dira frustrazioarekiko tolerantziarik gabeak, eskubideak aldarrikatu, baina ardurak saihesten dituztenak, edo emaitza hobeak, lanean barik, kexatzen lortzen direla barneratu dutenak. Eman diezaiegun, benetan, ikasten ikasteko aukera.