LIBE GOÑI GARATE | ATZOKO ETA GAURKO IRAKASLEA

Oteitzan (Nafarroa) jaio, 3 urte zituela Lazkaora (Gipuzkoa) joan eta hogeita 22 urterekin poliziarengandik ihesi, Donibane Lohizunen (Lapurdi) hartu zuen bizileku Libe Goñi Garatek. Bera izan zen Seaskako lehen andereñoa. 1969an, Baionan, Argitxu Nobliaren eta Lazaro Arandiaren semealabekin hasi zen haien etxean irakasle lanetan, eta hor erein zuten Seaskaren hazia. 52 urte geroago, landare ederra ikusten du begien aurrean. Garai hartan, egungo egoera utopia hutsa zela dio Goñik, pentsaezina zela euskara eta euskal nortasuna suspertu diren moduan suspertuko zirenik, eta ikastolak iraultza handia izan direla uste du. Egindakoaz harro, baina umiltasun handiz dio haiek ereindako hazia ureztatu duten lekukoen, galtzagorrien lanari esker gaudela egun gauden egoeran. 2007an hartu zuen erretiroa baina ez ditu alboratu irakasle lanak. Reikiari lotua da orain, eta liburua argitaratu du aurten: 'Har 3 minutu zuretako'. Hiru minututan egiteko ariketak proposatzen ditu, gorputza sendatzeko eta indartzeko. Udaberrian lehen MonzonGanuza saria jaso zuen “herriari bizi osoko lana eskaini dion herritarra” izateagatik.

 

Ikastolei lotua eman duzu bizitza, Libe. 

Bai. Donostian egin nituen irakasle ikasketak eta ikastoletan lanean hasi nintzen ondoren. Karmele Esnalekin batera hasi nintzen eta Elbira Zipitria ezagutu nuen. Nire ideia Euskal Herriarengatik zerbait egitea zen. Hizkuntza garrantzitsua dela ikusten genuen eta pentsatzen genuen ikastolak euskara salbatuko zuela. Hori zen gure barneko gogoa. Orain ohartu gara ikastolak ez duela euskara salbatu. Garai hartan eskola espainiarra biziki txarra zen, eta Elbira Zipitriak Donostian sortu zuen ikastola. Hari zor diogu ikastolen sorrera, eta ni bere eskuetatik pasatua naiz. Gero, haurren marrazkien bidez haien izaera ezagutzen ikasi nahi nuen eta horretarako Iruñeara joan nintzen. 1968an eta 1969an unibertsitatean aritu nintzen: denbora erdiz ikastolan aritzen nintzen lanean, eta denbora erdiz unibertsitatetan. Baina 1969ko otsailean ama larrituta etorri zitzaidan “Libe, txapelokerrak etorri ditun etxera eta alde egin ezan hemendik!” esanaz. Orduan, etxetik alde egin eta Donibane Lohizunera etorri nintzen. Nire asmoa hemen ikastolak bultzatzea zen, baina hasieran ezezkoak jaso nituen, izpiritua ez baitzen horretan.

Ezezkoak baiezko itxura hartu zuen, ordea…

Bai. Lazaro Arandiak nigana jo zuen haren emaztea, Argitxu Noblia, semealabekin euskaraz ariko zen irakasle bila zebilelako. Eustakio Mendizabal Txikia, ezagutzen genuen biok eta haren bidez heldu zen niregana. Parisera joateko nuen asmoa bertan behera utzi eta Donibane Lohizunetik Baionara etorri nintzen, haien etxera. Etxe batean hasi ginen beraz, jangelan, bi haurrekin. Horrela hasi zen dena. Txoko hari izena jartzeko unea ere iritsi zen, paperak egin behar baikenituen gure jarduna legeztatzeko eta haur tipiak genituenez, Seaska izena eman genion. Ordutik aurrera, erretiroa hartu arte, hor ibili nintzen buru-belarri.

Irakasle gisa aritu zinen hemen Baionan bertan, baina baita Arrangoitzen eta Angelun ere…

Bai, etxe batean hasi nintzen eta ondoren, Enbatak utzitako gela batera joan ginen. 1969ko uztailean anai-arreba batzuk hartu genituen, eta abuztuan Lazkaora joan eta euskaldundu ziren. Loturak egin nahi nituen Hegoaldearen eta Iparraldearen artean eta hor hasi zen dena. Nire gogoa zen, nire bihotzak hori eskatzen zuen. Nik ez dut ezer berezirik egin, halakoa naiz. Buruan ametsen bat dudanean ehunetik ehun ematen dut. Herriarendako nahi nuen zerbait egin, euskaldun hutsa sentitzen bainaiz.

Urte asko eman zenituen Seaskan irakasle. Hastapenetan izan zinen eta erretiroa hartu arte bertan aritu zinen lanean. Bilakaera handia izan du Seaskak, etengabe hazten ari da eta ikasle asko ditu gaur egun. Nola bizi izan duzu bilakaera hori?

Urte asko eman zenituen Seaskan irakasle. Hastapenetan izan zinen eta erretiroa hartu arte bertan aritu zinen lanean. Bilakaera handia izan du Seaskak, etengabe hazten ari da eta ikasle asko ditu gaur egun. Nola bizi izan duzu bilakaera hori? Zeren nire lekukotasunik hartu izan ez balute, gaur egungo egoera ez zen hau izango. Ikastolak gurasoak eta herriko jendeak lotu ditu. Niretzat ikastola iraultza handia da, ez da soilik eskola. Hemen tsunami handi bat gertatu da. Hegoaldean bazen euskal kontzientzia, jendeak sentitzen zuen ez zela espainiarra, Francoren kontra borrokatu ziren. Baina hemen, Frantziaren izenean borrokatu zuten alemaniarren aurka eta gehiengoa ez zen euskaldun sentitzen. Galdua zuten hori erabat. Eta ikastolak indar hori, gogo hori berpiztu du eta jendea euskaldundu du.

Zer sentitzen duzu orain, atzera begiratuta? Zuek erein zenuten hazia, eta orain landarea begi bistan duzue. Euskara soilik ez, euskal nortasuna indartzen ere lagundu dute ikastolek.

Bai. Nortasuna indartu dute, herria bera. Ikastolak ekarri du iratzartze hori. Dirua behar zen, Frantziako Hezkuntza Sistemari aurre egin behar zitzaion, eta borroka hori ez da bukatu oraino. Baina nork esango zuen ikastolen aldeko eskaerak egiteko Parisera joaten ariko zirela ezker eta eskuin! Utopia hutsa zen hori.


Nik beti erraten dut ni hasi nintzela, baina lekukoak, galtzagorriak, direla behar-beharrezkoak direnak. Lekukoa hartzen dutenak, horiek dira benetan txapeldunak


 

2007an hartu zenuen erretiroa. Orain, ikastolako irakasle lanak utzita eta beste distantzia batetik begiratuta, nola ikusten duzu gaur egun euskararen eta euskal hezkuntzaren egoera?

Nik pena handia hartzen dut haurrak ikastolatik ateratzen direnean frantsesez mintzatzen. Hori da nire sentimendua. Kataluniarrek badute kataluniar izatearen harrotasun eta izpiritu hori, baina guri hori falta zaigu. Nik miresten ditut kataluniarrak, beste garapen bat izan dute. Helduok kontzientzia izan behar dugu. Guk izan behar dugu eredu, zeren hala ez bada, haurrek ingelesa ikasten duten moduan ikasiko dute euskaraz. Eta nik, zoritxarrez, helduak ez ditut eredu ikusten.

Elkarrizketaren aurretik saminez aipatu duzu hutsune handia badela eta Hegoaldeko ikastoletan ez dela frantsesa ikasten, baina ingelesez badakigula.

Beste aldeko jende guztiarekin hori gertatzen da, bai. Tripako mina ematen dit, benetan. Euskaldunon artean muga bat ezarri dugu edo ezarri dute, Francok egin ez zuena. Zeren Francorekin, ongi edo gaizki, frantsesez ikasten genuen eta orain ez da halakorik gertatzen. Ikastolen Elkarteari ere helarazi izan diot nire haserrea. Euskal Herrian hiru hizkuntza ditugu eta hori kontuan izan beharko genuke.


Hegoaldean bazen euskal kontzientzia, jendeak sentitzen zuen ez zela espainiarra, Francoren kontra borrokatu ziren. Baina, hemen, Frantziaren izenean borrokatu ziren alemaniarren aurka eta gehiengoa ez zen euskaldun sentitzen. Galdua zuten hori erabat


 

Bizitza osoa euskarazko irakaskuntzari lotua eman duzu eta hainbat sari jaso dituzu horren ondorioz. 2009an Argizaiola saria jaso zenuen Gerediaga Elkartearen eskutik, 2010ean Ohorezko Lauburua eman zizun Alkartasuna Fundazioak eta pasa den udaberrian Ganuza-Monzon lehen saria eman zizuten “herriari bizi osoko lana eskaini dion herritarra” zarelako. Nola hartu zenuen?

Negar egiteko gogoa ematen dit. Hunkitzen naiz. Norbaitek deitu zidan eta esan zidaten saria eman behar zidatela, ea nahiko nukeen. Ez nuen ulertzen eta ea nori deitu zioten ba ote zekiten galdetu nion. Beti esan dut gurasoei eta galtzagorriei zor diedala dena. Biziki zaila da opariak hartzea, nik ez dakit opariak hartzen. Gure zaflakoak eta minak hartzen ditugu bizitzan, baina zeinen zaila den opariak hartzea! Ez du ezer ikustekorik, baina nik maite nuen nire buruari reiki egitea. Depresioa duzunean, gorputza toki batean duzu eta izpiritua beste toki batean, ez daude lotuta, eta reiki-ak kontzientzia harrarazi zidan. Mundu magikoa zen niretzat eta maite nuen besteei egitea, baina besteek niri reiki egitea onartzea, biziki gogorra izan zait. Gero ongi sentitzen nintzen baina ez zen samurra. Opariak eta besteek emandakoa jasotzea zaila izan zait beti eta gauza bera gertatzen zait sariekin ere. Baina ustekabeko ederra izan zen. Aspaldiko bizipenak berpiztu zizkidan, bizipen gogorrak, gerla garaikoak eta tsunami handia izan da nire barnean. Ona izaten omen da halakoak bizitzea gure barnean garbiketa egiteko, baina egia esan urte aberatsa eta gogorra izan da 2021a. Bosgarren biloba izan dut eta liburua argitaratu dut, eta alde horretatik, pozgarria izan da. Eta saria ere etorri da. Baina poz handiekin bihotzak krak egiten ahal du, kasu eman behar da.

Liburua argitaratu duzu: 'Har 3 minutu zuretako'. Eta irakasle lanak erabat alboratu gabe, orain reiki-a eta norbere burua zaintzeko ariketak irakasten aritzen zara, ezta?

Pertsonei erakutsi nahi diet euren buruari hiru minutu eskaintzeak zer nolako abantailak eta onurak ekarri ahal dizkien. Reiki ikastera etortzen direnei esaten diet lehenik egiteko liburuan agertzen diren ariketak, eta gero, bigarren urratsa izango dela reiki ikastea. Ki hori gure energia da. Euskaraz hiz izena duela esan didate. Gu gai gira indar, kemen, energia hori, neurri batean iratzartzeko eta hiru minutu aski dira horretarako. Durangoko Azokan izan naiz berriki liburua aurkezten eta han pertsona batzuekin hiru minutuz ariketak egin ondoren, euren minak eztitu ziren. Gure baitan izugarrizko ahalak ditugu, sinetsezinak. Zentzumen guztiekin landu ditzakegu ahal horiek.


Helduok kontzientzia izan behar dugu. Guk izan behar dugu eredu zeren hala ez bada, haurrek ingelesa ikasten duten moduan ikasiko dute euskaraz. Eta nik, zoritxarrez, helduak ez ditut eredu ikusten


 

Nola heldu zinen reiki-aren mundura?

1995ean zilo handi batean sartu nintzen. Infernua esaten diot nik. Zerbaiten bila nenbilen, ez nuen farmazia hustu nahi soilik. Donostiara joan nintzen egun batean reiki hitza entzun nuen lehen aldiz, zer zen ezagutu, eta reikiari lotu nintzaion. Onura ikaragarriak ekartzen ditu: haurren tripako minak bi minututan desagertzen dira, adibidez. Hasiera hartan, batez ere, nire burua artatu nuen. Aurrerago, 2019an, apnea egiten nuen eta hor hasi zen hiru minutuko ariketen planteamendua, guretzako hiru minutu hartzearen ibilbidea. Hiru minututan egiteko ariketa errazak dira, oso onuragarriak dira, baina norberak egin behar ditu. Bakoitzak bere buruari eskaini diezazkiokeen une txikiak dira. Gure gorputzaren %60 ura da eta oso garrantzitsua da ur hori mugitzea. Ez dugu gure gorputzaren kontzientziarik batere. Denbora batez, zentro batean egin dut reiki, adineko emazteekin gehienbat, ordu erdiz. Baina hartzaileak ziren beti eta orain hori amaitu da. Orain nahi dudana da haiek egin dezatela ekintza beren gorputzarentzat eta beren izpirituarentzat. Ezin gara beti zain egon gauzak noiz iritsiko. Bila joan behar dugu.

Eta orain hiru minutuz egiteko ariketak proposatzen dituzu.

Bai. Guk mugitu behar ditugu gure gorputza eta gure barneko ura. Eta hori ikasten dugun egunean, sendagileen erdiak beharko ditugu. Sendagileek erakutsi didate niri: hortzak hiru minutuz garbitu egunean hiru aldiz, antibiotikoa egunean hiru aldiz hartu, naturak hiru hilabeteko urtaroak ditu, 21 egunetan ateratzen da txita... Hiru zenbakia etengabe errepikatzen da bizitzako hainbat arlotan eta aski dira hiru minutu onurak ikusteko. Nik bost zentzumenak lotu ditut hiru minutu horiekin eta bakoitza lantzeko ariketak proposatu ditut. Hiru minutuz aritzea, ariketak hiru minutuz egitea oso garrantzitsua da. Edozein lan egiten hasi aurretik barneko ura mugitzeko, kanpoko gauzekin mozteko eta geure buruari eskerrak emateko, guretzako hiru minutu hartuko bagenitu, hobeto egongo ginateke. Gerora reiki egin nahi dutenek, beste urrats bat egin dezakete, baina hiru minutu eskaini behar dizkiegu bost zentzumenei. Mina dugunean oroitzen gara gorputzaz, baina gure atal guztiak eskertu behar ditugu. Naturak eskaintzen dizkigun altxorrak hain agerian dira, askotan ez ditugula ikusi ere egiten.

Hiru minutuz egiteko ariketa horiek haurrekin ere egin daitezke eskoletan?

Bai. Bistan da. Jolas modura planteatu daitezke haur txikiekin. Berehala doa denbora eta gorputzeko atal guztiak pasa baino lehen pasatu dira jada hiru minutu horiek. Haurrak asko erlaxatzen dira eta ahaztu egiten dute etxetik zekarten guztia. Eguna hasteko modu bikaina da. Idazten ari direla eta nekatuta daudela? Edo ordenagailu aurrean denbora asko eman dutela? Geldialdi bat egin dezakegu eta gorputza astindu. Oso garrantzitsua da gure barneko ura mugitzea, baita haurrentzat ere. Gauza errazak dira, eta ni prest nago jendeari erakusteko.