Irune Garaikoetxea Diaz Iruñeko Biurdana institutuko DBH 4. mailako ikaslea 

Gaur zuzendaritza taldeak esan digu datorren ikasturterako ikasgaiak eta ordutegiak gure esku geldituko direla. Aukera ikusita, taldea elkartu eta honakoa baloratu dugu: hurrengo ikasturteko antolakuntza nahi dugun modukoa izateko, hoberena ikasle guztien iritzia jakitea izango litzatekeela. 

Lehenik eta behin, ikasle guztiei inkesta bat bidali diegu, non gure galderak erantzun dituzten eta haien proposamenak gehitu dituzten. 

Inkestako erantzunak hausnartu ondoren asanblada ireki bat egin dugu animatuta eta interesatuta dauden ikasleekin, eguneratuta egoteko. 

Asanbladan hainbat gai atera dira eta gehien errepikatu direnak hauek izan dira: ratioak jaitsiaraztea, ordutegia murriztea, azterketak sakabanatzea eta lanek azterketek baino pisu handiagoa izatea ebaluazioan. 

Azken urte hauetan nire gelan 30 pertsona egon gara ikastetxeko gelarik txikienean. Irakasleek klasean erne mantentzeko eskatzen jarraitzen dute, 30 ikaskiderekin eta espaziorik gabe egon arren. Ulertezina da gela txiki batean ikasle asko egotea eta handiagoa den ondoko gela hutsik egotea. 

Maila batean, adibidez, lau gela baldin bagara, hoberena beste talde bat ateratzea izango litateke, gela bat gehiago erabiltzea, eta horrela gelan espazio gehiago izango genuke. 

Bestalde, ordutegiaren murrizketaz aritu gara eta hainbat eztabaida izan ditugu: batzuek ordutegia gehiegizkoa dela pentsatzen dute eta beste batzuei ongi dagoela iruditzen zaie. Baina guztiok konklusio berera iritsi gara: irakasleek sei orduetan, saio guztietan, ikasteko gaitasun bera izatea eskatzen digute. 

Ikasleok saiatzen gara ulertarazten ezin garela egon ikasteko gaitasun berberarekin goizean edo eguerdiko ordubietan. Ikasleok azterketekin nazkatuta gaude, urtero gauza bera gertatzen delako. Hainbat aste dauzkate azterketak jartzeko eta horrela sakabanatuagoak egoteko, baina denek aste berean jartzen dituzte. Eta orduan, betikoa gertatzen da: ikasleok arazoak izaten hasten gara eta, batez ere, arazo psikologikoak izaten. Okerrena da normalizatu egin dugula ikasketengatik arazo psikologikoak izatea eta agobiatzea, lo gutxi egitea eta abar. 

Ikasle askok esan dugu azterketekin ez gaudela batere motibatuak eta, azken finean, ez dugula ezer ikasten. Aldiz, lanak bidaltzen dizkigutenean askoz gogotsuago hartzen ditugu saioak. Ikasteko askoz ere baliabide ulergarriagoak dira azterketa baino. 

Azterketetan buruz ikasten dugu, gero azterketan botatzeko eta klasetik ateratakoan jadanik ikasitako guztia ahaztuta dugu. 

Horregatik, ebaluaketan zehar lan gehiago egitea gustatuko litzaiguke eta gero notan, lanak azterketak baino pisu handiagoa izatea. 

Proposamen horiek guztiak zuzendariarengana eramango ditugu eta ikasleei asanbladan hitz egindako guztia jakinaraziko diegu. 

Ikasleriaren batasuna beharrezkoa da dinamika hau aurrera eraman dezagun, guztiok hezkuntza honekin nazkatuta gaudelako!!!!