Esteban Borrome eta Ortzi Jauregi, Baionako Bernat Etxepare lizeoko terminaleko ikasleak
2021-2022ko ikasturtea bukatuta, aurten izandako gertakari eta tematika ezberdinak 0tik 10era notatu ditugu. 0- Minusekin ezin dugunez notatu, euskararekiko Hezkunde Nazionalak gaur egun duen jarrerari 0-ko nota ematen diogu. Izan ere, frantses Hezkunde Nazionalarengandik azterketak euskaraz pasatzeko eskubideari begira gibelakada nabarmentsua egina izan da. Egoera ezin txarragoan kokatuak gira, izan baxoa euskaraz pasatzeko eskubidearen aldetik, zein brebetaren azterketa euskaraz egiteko eskubidearen aldetik.
Frantses hezkuntza sisteman duela urte batzuk izan diren erreforma eta aldaketa garrantzitsuak aipatu behar ditugu. Adibidez, Parcoursup plataforman eskola batzuek berme bat galdegiten dute ikaslearen dosierra irakurria izan dadin. Horrek dirudunei mesede egiteaz gain, ikasleen arteko inegalitateak handitzen eta agerian ezartzen dituela argi da.
Pandemiari aurre egiteko neurri bereziak gaizki kudeatu dira. Protokolo sanitarioa bi aste guziz aldatzen zen. Lizeoko ikasle, irakasle, buraso, langile guzientzat egoera jasangaitza izan zen.
Ikasleengandik inplikazio eskasa, bereziki “Azterketak Euskaraz” mugimenduarekiko. Lizeoko ikasleen partetik, erantzun eta mobilizazio ahula izan da. Kamisetak saldu baino gehiago, ehun berde horren gainean idatzia den lema behin betiko ozen aldarrikatu dezagun, gure eskubideen zilegitasuna muturreraino bultzatuz.
Jantegiko janariaren xahutzea. Harritzekoa da, egunero, jantegiko zikinontzietatik zenbat janari botatzen den. Horren mugatzeko eta ikasleak sentsibilizatzeko pausoak egin badira ere, egoera ez da asko aldatu.
Euskararen erabilpena. Azken urte hauetan Etxepareko ikasle ainitz erraztasunez lerratzen dira erdarara eta, horren ondorioz, hizkuntzaren erabilpena biziki apala dela iruditzen zaigu. Antolatzen diren ekitaldi eta ateraldietan parte hartzeak ikasleen euskal nortasuna azkartzea ahalbidetzen du. Baina bere hizkuntza baliatzen ez duen euskaldun senditzen denari nola deitu behar zaio orduan?
Lizeoko ordutegia gaizki antolatua da. Asteazken arratsaldetan 3rak arte kurtsoak ditugu, inguruko lizeoek berantenik 12etan bukatzen dituztelarik. Asteazkeneko eta ostiraleko eguerdiko pausan jateko tarte biziki laburra dugunez, arratsaldeko kurtsoetara aire hartzerik gabe joan behar dugu.
Urtean zehar antolatu diren ekitaldien ugaritasuna aipatu nahi dugu.
Azken urteetan lizeoan sortutako euskal talde giroa nabarmentzekoa da.
Euskarari lotutako ateraldiak berriz bizi izan ditugu pandemiarengatik bi urtez ezeztutako egon ondotik.
Lizeoko urteak bikainak direla entzuten dugu usu, haurtzarotik heldutasunera pasatzeko garaia dela eta gure bizitzako une onenak bertan bizi izanen ditugula. Bereziki, Etxeparen Iparraldeko lau kolegioak biltzeak jende berria ezagutzeko parada eskaintzen digu eta Iparraldeko hainbat xokoetarik etorritako ikasleekin nahasten gira.
Bukatzeko, ez dugu ahantzi behar, nahiz eta batzuek lizeoko garaiak goxoki eta giro onean iragan dituzten, beste batzuek ez dutela sentipen bera izan eta ez dutela hortaz beti oroitzapen ona atxikitzen. Horretarako, beti arretaz entzun eta arretaz zaindu behar dugu gure ondoan dena, gogoratuz ezberdintasunak talde baten aberastasuna osatzen duela.