Ikusi eta ikasi, eta ondo entzun, dio abestiak. Eta horretarako aukera emango digu aurrerantzean Ikusgelak: ikusteko, entzuteko eta ikasteko aukera. Hainbat gairi buruzko bideo pedagogiko libreak eskainiko dituzte, euskara hutsez eta edonork ikusteko eran.

Euskarazko bideo pedagogikoak sortzeko proiektua da Ikusgela, eta euskarazko Wikipedia osatzeko helburua du. Eskolaz kanpoko eremuetara zabaltzeko bokazioz sortu bada ere, ikasleentzako zein irakasleentzako tresna erabilgarria izango da. Hala azaldu du Ander Bolibar Ikusgelako arduradunak: “Ikasleek bigarren azalpen bat jasotzeko aukera izango dute aurrerantzean. Gure planteamendua hauxe da: ikaslea bere kabuz heldu dadila material horietara, eta ez irakasleak esan diolako. Demagun eskolan Platon lantzen ari direla, Youtubera sartzen dela eta euskarazko bideoa ikusten duela. Modu horretan eskuratzeko pentsatuak daude bideoak, eta ez hainbeste irakasleak ikasgelan erabiltzeko material moduan, baina ziur ikasgeletan ere erabiliko dituztela. Ikasgela iraulia metodologiarako ere pieza interesgarriak dira”. 

Hala ere, ez dituzte ordezkatuko ikasgelan erabiltzen diren materialak: “Material osagarria da eta orain artean euskarak eduki ez duen Ikusi eta ikasi, eta ondo entzun, dio abestiak. Eta horretarako aukera emango digu aurrerantzean Ikusgelak: ikusteko, entzuteko eta ikasteko aukera. Hainbat gairi buruzko bideo pedagogiko libreak eskainiko dituzte, euskara hutsez eta edonork ikusteko eran. eremua hartu dugu. Erdaraz halako euskarri ugari dago, baina euskaraz hutsune handia zegoen eta horregatik ekin genion bideoak sortzeari”. Euskarazko hutsunea betetzera datoz, beraz: “Sarean kontsumitzen diren edukien % 80 ikus-entzunezkoak dira eta ingurune digitalean euskara konkistatu beharreko eremua dela iruditzen zaigu. Gaur egungo kontsumo ohiturak kontuan hartzea da geure asmoa: geure kosmobisiotik, geure herritik eta geure hizkuntzan”. 

Gainera, Ikusgelak zubi lana egin nahiko luke: euskara eremu formalean soilik erabiltzen dutenak eremu informalean ere euskarazko edukiak ikustera bultzatu nahi ditu. Ikasleei eta irakasleei baliabideak eskaintzeaz gain, nerabeak euskarazko edukiak kontsumitzera bultzatu nahi ditu eta horregatik sortu dituzte eskola curriculumari hertsiki loturik ez dauden bideoak ere. 

Hainbat gai 

Ikusgelak nahi beste material eta formatu lantzeko aukera zabaltzen du baina lau gairekin hastea erabaki dute: filosofia, ekonomia, euskal literatura eta historia. Filosofian, esaterako, euskarazko materialaren falta handia zegoela adierazi zieten Ikusgelako arduradunei Agora elkarteko eta EHUko Joxe Azurmendi katedrako kideek. Hala azaldu du Bolibarrek: “Curriculumean euskaraz landu arren, ikasleek materialak ingelesez eta gazteleraz erabiltzen zituztela esan ziguten eta hutsune hori betetzeko beharra ikusi genuen. Filosofian, adibidez, Agorako eta EHUko Joxe Azurmendi katedrako kideek egiten dizkigute fitxak eta haiek finkatu dituzte edukiak. Guk koordinazio lana egiten dugu eta, era berean, alderdi pedagogikoa lantzen dugu. Ekonomiako bideoak, esaterako, Lanbide Heziketako Jakinbai elkartearekin harremanetan egin ditugu eta bertako irakasleek berrikusi dituzte gidoi guztiak”. 

Edukiari berari edukiontziari baino garrantzi handiagoa ematen diote Ikusgelako arduradunek, eta Wikipediak eta Youtubeko kanalak garrantzi handiagoa izango dute bideoen zabalkundean Ikusgela web atariak berak baino. 

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak koordinatzen du egitasmoa eta Hiru Damatxo ikus-entzunezkoen ekoiztetxea ere proiektuan murgildu da hasieratik. Maiatzean hasi zuen ibilbidea Ikusgelak Simone de Beavoir eta Hannah Arendt filosofoen bideoak zintzilikatuz. Selektibitatean lehen aldiz bi emakume filosofo ebaluatu ziren eta jada landuta zuten material hori jendearen eskura jartzea erabaki zuten. Irailean egin zuten egitasmoaren aurkezpena eta aurrerantzean etengabe elikatuko dute Ikusgela. Ikasturte honetarako erronka astero bideo berri bat argitaratzea izango da. Ikusgela arnas luzeko proiektua dela uste dute arduradunek.