ZURAIDE TELLETXEA ZUBELDIA | IRUNGO TOKI ALAI INSTITUTUKO DBH3-KO IKASLEA

Hezkidetzaren inguruko saioak izaten ditugu maiz: hitzaldiak, jolasak, ekitaldiak... Baina tristea egiten zait, ikasle naizen aldetik, klasean emandako horrek ezertarako balio ez duela ikustea. Badirudi denok dakigula zer dagoen ongi eta zer gaizki, elkar errespetatu behar dugula, gure eskubideak oinarrizkoak direla eta haiengatik borrokatu behar dugula... Baina, zoritxarrez, nire inguruan behintzat, hori ez da errealitatea. Gelako lau paretetatik atera eta emakumea gutxiesten jarraitzen dugu: Instagramera bere argazkiak igotzen dituen neska gaztea kritikatzen hasten gara; onartua dagoena baina haragi pixka bat gehiago erakustearekin bat hasten dira begiradak eta txutxu-mutxuak; gorputza gustatzen ez bazaie, modu desegokian esateko eskubidea dutela uste dutenak ere badaude; beldurra pasatzen jarraitzen dugu: nire lagunek autobusa hartzen jarraitzen dute etxera bakarrik ez joateko, kalean bakarrik noala giltzak prest edukitzen ditut badaezpada… Momentu horietan guztietan aurrerapausorik ez dugula eman sentitzen dut, nazka ematen dit horrelako gizarte baten parte izateak eta bertan bizitzeak. Horrelako egoerak ikustean amorruak garaitzen nau, beti beldurrez bizi behar izateaz nekatuta nago. Nire buruari askotan galdetzen diot ea noiz bukatuko ote den hau... Zoritxarrez, ez dut erantzunik eta edukiko banu ere ziur nago ez litzaidakeela batere gustatuko. Bitartean, aurrera begira, nire inguruan gure esku dagoen guztia egiten jarraitzea gustatuko litzaidake. Soinketako irakasleari edozein mutilek baina gaitasun gutxiagorik ez dugula argi utziko diogu eta jolas-garaian neska gehiago ikusiko ditugu futbolean jokatzen. Urteetan zehar emakume askok isilpean egin duten lan guztia argira aterako dugu ikasgaietako curriculumetan, hezkuntzan eredu femenino gehiago behar baititugu, eta haien lana baloratu, denbora luzez gutxietsia izan baita. Testu-liburuetan edo ikasmaterialetan ager daitezkeen emakumeen irudi umiliagarriak salatuko eta baztertuko ditugu. Herriko kaleak historian zehar borrokatu duten emakumeen izenez beteko ditugu, haietan ibiltzerakoan beldurra pixkanaka gutxitzen joan dadin, indarkeria sexistak ez du bertan lekurik izango, hala, behingoz eta betiko, libre izan gaitezen. Argi daukat hezkidetzari dagokionez hutsune handia dudala nire egunerokoan, maila teorikotik praktikara pasatzeko garaia badela, eta ez dugula etsiko, erre ezin izan zituzten sorginen oinordeak baikara gu, ikasleok; baita zuek ere, gurasoak eta irakasleak.