Arantza Berrioategortua Landaluze, Abadiñoko Zelaieta Herri Eskolako Haur Hezkuntzako irakaslearen artikulua.

 

Negutik udaberrirako sasoian gaude. Inauste sasoian. Natura bezala, gu ere berritzen. Egindako akatsetan berriro ez erortzeko asmoz, ustez erabaki hobeak direnak hartzen saiatzen. Euskal Herriko leku ezberdinetan ditugun ohiturez eta tradizioez gain, inauteriak fantasiarako, sormenerako eta adierazpenerako jai ere badira. Identitate ezberdinetan murgiltzeko aukera ematen digutenak. 

Baina, nola egin dezakegu haurtzaroan norbanako bakoitzarekin errespetuz jokatzeko? Baliagarria ote da helduok haurrak zertaz mozorrotuko diren erabakitzea? Zertan pentsatzen dugu mozorroa aukeratzen dugunean? Norena da nahia? Bada gai berdin baten inguruan mozorrotzea proposatzen duenik, talde izaeraren edota kolektibotasunaren izenean. Baina, agian, horiek helduen pentsamendutik egindako planteamenduak dira eta ez haurren pentsamendutik egindakoak. 

Ikasleek haien nahiak eta iritziak entzunak eta errespetatuak direla sentitu behar dute. Horrela sortuko dira ikasle parte-hartzaileak eta horrela hasiko dira pentsamendu kritikoa garatzen. Hain beharrezkoa gaur egungo gizarte paternalistan, non besteen esku uzten dugun guri buruzko erabakiak hartzea. Eta ikasleak mozorrotu nahi ez badu? Ez bada eroso sentitzen? Itxura aldaketak ezinegona sortzen badio? Nabarmen utziko dugu guztion aurrean mozorrotu nahi ez duelako? 

Inauteriak ospakizuna badira, guztion gozamenean pentsatu beharko genuke eta kontuan izan zein behar dituen eta zein momentutan dagoen haur bakoitza.  

Guztiontzako gai bakarra edota mozorro berdina erabakitzen dugunean, non uzten dugu indibidualizazioa? Bakoitzaren ezaugarriak, gogoa, gustua, beldurrak, izaera propio edota bestelakoak? Inauterietan bakoitzak zertaz mozorrotu erabaki ezin badezake, inauteriak berak, izana galtzen du. Zein ederra egun batzuez ausartzen ez garen hori izatera jolastea, transgresiora jolastea, norbere irudia transformatzera jolastea, ausartzea. Nahi duzuna izateko aske sentitzea. 

Ikasle guztien ezaugarriak kontuan izateko eta haien iritziak entzuteko eta errespetatzeko asmoz, bakoitzak erabaki dezala zer egin. Bada mozorrotzea, bada koko janztea edo zomorrotzea, bada ez mozorrotzea, bada mozorroa sortzea, bada osagarri bat jartzea, bada… gure (bizi dugun) aniztasunari lekua egitea.