Bakardade handia sentitu zuen Brigida Iriondok bere semeak autismoa duela esan ziotenean, Gai Nagusian kontatu digun gisan. “Norbaitekin hitz egitea funtsezkoa da, neurotipikoak diren haurren gurasoek nekez ulertuko baitzaituzte”. Nuala elkartea sortu zuen Elgoibarko eta inguruko gurasoei, haurrei eta nerabeei laguntzeko. “Hitz egiteko txoko bat” eratzeaz gain, aisialdi eskaintza sorteko eta herrian eragiteko darabilte elkartea, inklusioari begira. Gorka Aranberrik, beso paralisia duen haur baten gurasoak, Marea Urdina elkartean aurkitu du babesa, Urola Kostako elkarteak eskualdean egiten duen lana oso lagungarria dela dio.

Bakardadea, sentipen hori gogoratzen du Aitziber Ugartemendiak ere gaztaroan minbizia bizi izan zuenean. Orain, bigarrengoz gaitzari aurre egin behar izan dionean, Izan Inurri elkartera gerturatu da. Elkarteari eskaini diogu Mintzo atala. “Husteko eta betetzeko lekua” da harentzat eta beste askorentzat Izan Inurri; “energia dosi handi bat jasotzeko espazioa, jendea ezagutzeko eta ibilbide antzekoak egin dituzten pertsonekin partekatzeko aukera eskaintzen duena”, Maider Estensororen hitzetan; hark ere minbizia pasa du. Ainara Tenak duela 22 urte minbizia izan zuenean, faltan izan zuen Izan Inurriren moduko “tribu” bat izatea. Oraindik min egiten dio orduan bizi izandako bakardadeak. “22 urte igaro dira pasa nuenetik eta osatuta nago, baina dolu hori pasatzen jarraitzen dut, ez baita erraza. Nik 20 urte neuzkan orduan eta ez nuen aukerarik izan halako familia bat izateko. Orain Izan Inurri ezagutzea ikaragarria izan da; zeure moduko jendea, zeuk izan dituzun pentsamenduak eta minak dauzkana… Orduan ez ninduen inork ulertzen”.

Elkartzeko deia egiten du Sabin Bikandik ere Sormenaz elkarrizketan. Beste tonu batean, umoretik, gozamenetik… baina elkartzearen garrantzia nabarmentzen du: “Dantza elkartzeko eta ondo pasatzeko aukera bat da, eta batez ere disfrutatzekoa”. HAZI HEZIren ale honetan ikusi dugunaren kontrara, gaur egun ez baita ohikoa elkartzea. “Gaur egun sistemak horixe egiten du: banatu egiten gaitu eta sakabanatuta eta beldurtuta gaude, eta horrela ez daukagu botererik ezer egiteko; ez euskararen alde, ez gure seme-alaben alde…”.

Gauzak ez doazenean ongi, baina baita gauzak ongi doazenean ere, zeinen garrantzitsua den elkartzea. Minak txikiagoak baitira partekatzen direnean, eta pozak, aldiz, handiagoak.