Bakoitzak bakoitza izateko eskubidea du; baita norbera izateaz pozik egotekoa ere. Ez da lorpen erraza. Txikitatik hasten dira haurrak bide hori egiten, nerabetan jarraitzen dute, baina, izan, bizitza osoko erronka da. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da indibidualtasuna lantzea, nor izateko zimenduak jartzea eta bakoitzak bere identitatea eraikitzea.  

Ibilbide horretan, nork bere indibidualtasuna aldarrikatzeko moduetako bat ezezkoaren eta kontra egitearen eskutik etorri ohi da. Hala dio aldizkari honetan Xabier Tapia psikologo klinikoak: “Umeak eta nerabeak ezetz esatean edo kontra egiten ari zaizkigunean, helduarengandik bereizteko, desmarkatzeko, urruntzeko gogoaz eta grinaz ari zaizkigu, eta, bere autonomiaren lehen pausoak ematearekin batera, bere nortasun osoa ari dira plazara-tzen”.

Indibidualismoarekin zerikusirik ez duen indibidualtasun horrek presta dezake haurra ondoen bizikidetza egokirako, ingurukoak berdinetik berdinera tratatzeko, besteen gainetik jarri beharrik gabe nor izateko...

Baina bada arrisku bat: indibidualtasuna indibidualismoarekin nahastekoa, hain zuzen. Elkarrizketa nagusian Alvaro Beñaran psikomotrizistak dioen moduan, une honetan haurretan antzematen den arazo handienetariko bat baloreetan dago, bereziki aldamenekoa kontuan hartzeko ezintasunean: “Kezkatzen nau ez ote dugun soilik ‘ni’ eta ‘nirean’ pentsatzen. Landu dugu hainbeste haurrak bere burua baloratzearena, batzuetan nahi gabe beste muturrera pasatzen garela; hau da, identitatea edukitzeaz hitz egiten dugu, baina oso berekoi bihurtzen gara”.

Besteen gogoak kontuan hartzeko eta albokoak errespetatzeko oinarria enpatia da. Alberto Lasa psikiatrak argi dio: enpatiaren bizipena oso txikitatik esperimentatzen dute haurrek; alegia, oso garaiz ikasten dute besteak sentitzen duena norberak sentitzen. Eta enpatiak jaiotzatik haur txikiak gurasoekin duen harremanean du muina. Hain zuzen ere, funtsezkoa da guraso eta seme-alaben arteko harreman horretan oreka bilatzea, Beñaranen esanetan. Alegia, alde batetik, iniziatiba utzi behar zaio haurrari; baina bestetik, erreferentziak eman behar zaizkio. “Eta, beste ezeren gainetik, beldurrik gabeko heziketa, errespetuz betetako heziketa. Hori da gakoa”.