Hitanoa biziberritzeko asmoz sortu zen ‘Ingo xonau!’ egitasmoa Oñatin 2019an. Emakumezkoek hika gero eta gutxiago erabiltzen zutela ikusita, noka indartzeko apustua egin zuten. Herri osoa zipriztindu du egitasmoak, baita ikastetxeak ere, eta ikasgeletan hika lantzen hasi ziren.
Idoia Etxeberria oñatiarra da eta Badihardugu elkarteko kidea. Ingo xonau! proiektuaren arduraduna da Etxeberria eta berak eman digu egitasmoaren nondik norakoen berri.
Zergatik abiatu zenuten ‘Ingo xonau!’ egitasmoa Oñatin?
Herritar talde bat kezkatuta zegoen hitanoaren, bereziki nokaren erabilerak behera egin duelako, nabarmen, azken urteetan. Berrogeita hamar urtetik gorako emakumeek erabiltzen zuten batez ere, baina adin horretatik behera erabiltzen zutenak gutxi batzuk baino ez ziren. Mutilen artean, berriz, bizirik dago, baina hika mutilen arteko kontua izaten da eta neskei egitekotan, askotan toka egiten diete.
Ni Ahotsak.eus egitasmoan ari naiz lanean, Badihardugu elkartean. Gure elkartearen helburua ahozko ondarea jasotzea da, baina euskalkiak eta herri hizkerak indarberritzea ere ezinbestekoa da guretzat. Oñatiarra izanik, nirekin harremanetan jarri ziren noka jasotzea interesgarria izango litzatekeela esanaz. Lanean hasi ginen eta hainbat emakume elkarrizketatu genituen noka jasota gera zedin. Baina jaso soilik ez, ikusi genuen biziberritu ere egin behar zela. Eta Ingo xonau! proiektua sortu genuen.
Nondik hasi zineten?
2019an hasi ginen lehen elkarrizketak egiten. 54 pertsona elkarrizketatu genituen guztira, horien artean 52 emakume. Bi gizon ere elkarrizketatu genituen, haiek ere noka egin baitezakete, ez da emakumeen kontua soilik.
Jasotako testigantzekin ikus-entzunezko materialak sortu genituen. Horien artean, 25 minutuko dokumental labur bat. Oñatin nokaren erabilera zergatik galdu den azaltzen dugu bertan. Erabilera sustatzeko txapak eta Oñatiko hika poltsikaran liburuxka atera genituen eta baita herrian debalde banatu zuten Hika txuletia ere. Adizki erabilienak jaso genituen txuleta horretan. 'Hikalaguna' izeneko proiektua jarri genuen martxan; hika ikastaroak egin ditugu, Beatriz Irizar irakasle dela… Hika ikasteaz gain, ikastaro horiek emakumeak ahalduntzeko tresna ere izaten ari dira.
Eta ondoren egitasmoa ikasgeletara iritsi zen.
Ikastetxeetan hitanoa lantzeko unea iritsi zen, bai. Mudantza garai moduko bat dagoela ikusten genuen. Ume-umetan agian ez da hika egiten, baina mutilen artean, nerabezaro garaian hika egiten hasten dira. Mudantza hori gertatzen den momentuan aditzak ezagutzeko aukera izatea eta soilik mutilen kontua ez dela jakitea garrantzitsua dela iruditu zitzaigun. Beraz, irakasleekin hitz egin eta zerbait egitea erabaki genuen.
Eta nola jarri zenuten martxan? Zer alderdi hartu zenituzten kontuan?
Irakasleek esan ziguten zerbait arina izan behar zela, denbora askorik hartzen ez zuena, lanez leporaino eta denborarik gabe zebiltzalako. Zerbait arina eta jolastia izan behar zuen, ahozkoa lantzeko aukera ematen duena. Eta astean behin, ordu laurdeneko tartea eskaintzea erabaki genuen. Irakasleak prest agertu ziren, eta euskarazko irakasgaiaren barnean lantzen dute gaia. Hiru ikastetxetan ari dira egiten: Txantxiku ikastolan, Larraña institutuan eta Elkar Hezi ikastetxean.
Eta zer mailatan lantzen da?
DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailatan lantzen ari dira, baina ikastetxe bakoitzean erabaki dute zein mailatan landu, betiere ikasleen profilaren arabera. 2021eko urtarrilean hasi ziren eta horretan jarraitzen dute orain ere. Lehenengo egunean liburuxka, txuleta eta txapa banatzen dizkiete ikasleei eta dokumentala ikusten dute. Hortik aurrera, bakoitzak bere martxan lantzen du. Ahozkoa lantzeko hogeita hamar proposamen prestatu genituen, ikasleek bikoteka lantzeko: iritzi-trukeak, asmakizunak, lehiaketa txikiak, jolasak… egiten dituzte. Jolasarekin lotzen dutenez, ikasleentzako motibagarria da eta gustura egoten dira. Gazte hizkera informal moduan bizitzen dute hitanoa eta eurentzat baliagarria dela ikusten dute. Hori bai, kaleko erabileran benetako eragina izan dezan, hori pixkanaka-pixkanaka egosi behar da. Irakasleen orain arteko balorazioa oso positiboa izan da eta urtero lantzen jarraitzeko asmoa dute.