INUITEN EGOERA GROENLANDIAN

EIDER PALMOU ORUE-ETXEBARRIA HAUR HEZKUNTZAKO ZUZENDARI PEDAGOGIKOA BILBOKO URRETXINDORRA IKASTOLAN

TXERRA RODRIGUEZ GOMEZ EMUN-EN HIZKUNTZA AHOLKULARIA ETA SOZIOLINGUISTIKAN DOKTOREA

 

Groenlandia. Uharte zuri eta erabat ezezaguna. Munduko uharterik handiena da (Australia kontinente gisa hartzen da). 2.166.086 kilometro koadro ditu, horietatik 44.087 kilometro kosta, eta % 81 izotza (udan behinik behin. Neguan, udaberrian eta udazkenean izotza % 100 baita). Lur zati handi eta zuri horretan 56.000 pertsona baino ez dira bizi (horietatik 14.000 Nuuk-en, hiriburuan). Hiri eta herri guztiak daude kostaldean, barruko aldean bizitzea ezinezkoa baita. Ez dago zuhaitzik (urki eta sahats nano batzuk izan ezik), ez dago errepiderik, ez dago trenbiderik. Ez dago garirik, ez dago barazkirik, ez dago frutarik...

 

Baina Groenlandia lehen mundua da. Pertsonako 60.000 euroko errenta dute han. Telefono mugikorrak, internet, kable bidezko telebista eta abar ohikoak dira euren egunerokoan. Euren etxeak barrutik gure etxeen tankerakoak dira. Hala ere, gu ez bezala, naturari erabat egokitutako herria da, natura moldatzerik ez duen herria. Eta komunitatea lehenetsi duen herria, norbanakoen gainetik. Horregatik, orain hamarkada batzuk arte, pertsona zaharrek karga izateari utzi eta euren burua hiltzen zuten. Kolektiboa beti egon delako norbanakoaren gainetik. Beti, gaur egun arte. Han bizi dira inuitak (ez eskimalak, hori izen peioratiboa da eta ez dute maite). Inuitak, baina, ez dira bakarrik Groenlandian bizi. Guztira, 19 inuit talde daude munduan (horietatik hiru Groenlandian): Alaskan, Siberian eta Kanadan. Haien egoera (ekonomikoa, kulturala, linguistikoa) Groenlandiako inuiten aldean kaskarragoa da, dezente kaskarragoa.

Genealogia apur bat

1721. Orain 300 urte. Groenlandiara heltzen dira lehen apaizak, vikingoetatik lehen mendebaldarrak, daniarrak eta norvegiarrak. Eta, orduan, Groenlandia eta, harekin batera, han bizi ziren inuitak, goizetik gauera daniar bihurtzen dira. Nahiz eta Kopenhage non dagoen ez jakin. 1850. Apaizen lanari esker batez ere, inuitak alfabetatuta daude. Urte horretatik aurrera ez dago Groenlandian analfabetorik, inuit guztiak alfabetatuta daude eta, gainera, euren hizkuntzan (sasoi haietan inuit gehien-gehienek kalaallisut hizkuntza baino ez zekiten). 

1953. Groenlandiak kolonia izateari uzten dio eta Danimarkako probintzia bihurtzen da. Eta inuitek deitu duten “kolonialismo gogorra” hasten da. Danimarkak hainbat erabaki hartzen ditu. Batetik, ordura arte nomadak ziren inuitak etxeetan eta herrietan bizitzera behartu zituen gobernuak. Bestetik, irakaskuntza derrigortu zuen eta daniera inposatu, eskolatze bide osoan. Eta, hirugarrenik, ustiapen ekonomikoari ekin zion Danimarkak. Horren ondorioz, kontinentetik jendea abiatzen da hara bizitzera. Batez ere, lanbiderik garrantzitsuenak betetzera (irakasleak, medikuak, barkuetako kapitainak, enpresetako jabeak…). Kolonizazio gogor horren ondorioz, inuiten bizi-baldintzak eta bizi-kalitatea zeharo hobetu ziren. Baina akulturazioa gogorra izan zen. Euren erlijioa debekatu zuten, euren hizkuntza debekatu zuten eta baita hainbat ohitura ere (kantu inprobisatuak, besteak beste). Gainera, Groenlandian ordura arte ikusi bako egoerak bizi izan ziren. Ordura arte uhartean ez zegoen klase sozialik, denak berdinak ziren, dena partekatzen zuten… Baina daniar elitea osatzen hasiko da, inuiten bizi-baldintzetatik zeharo urrun. Eta, jakina, horrek guztiak gaur egun oraindik gainditu gabe dauden zenbait arazo ekarri zituen: alkoholismoa, suizidioa eta emakumeen kontrako bortizkeria.

50, 60 eta 70eko hamarkadak gogorrak izan ziren Groenlandian. Umeak ere “lapurtu” zituzten eta Kopenhagera eraman zituzten hezkuntza hobea emateko aitzakiaz. Izan ere, euren helburua zen ume horiek inuiten elitea osatzea, baina Mendebaldeko hezkuntzan eta inuiten kulturatik kanpora heztea (zurien hezkuntza eman zitzaien, alegia).

1973. Urte horretan Danimarka eta, harekin batera Groenlandia, Europahik hasi I 262. zenbakia. 2021eko azaroa I 25 ko erakundeetan sartzen dira. Inuiten haserrea ekarri zuen erabaki hark, batez ere, ezarri zitzaizkien arrantza kuotengatik. Haserre horri hamarkadatan pilatutakoa gehitu behar zaio, akulturazioa eta abar. “Lapurtutako” ume horiek uhartera itzuli ziren, baina Danimarkaren kontrako eragina izan zuen horrek. Izan ere, gazte horiek inuit kulturan txertatu ziren, independentista bihurtu ziren eta iraultza artiko baketsua jarri zuten martxan.

1979. Groenlandiak autonomia estatutua lortu zuen, iraultza artiko horren lehen lorpen nagusia. Estatutu horretan daniera eta groenlandiera hizkuntza koofizialak bihurtu ziren, irakaskuntzan inuitera sartu zen eta derrigorrezko bihurtu zuten. Behetik gora hasi ziren inuitera sartzen irakaskuntza sisteman. Itzelezko inbertsioak egin zituzten materialetan, pedagogian eta Groenlandiako curriculuma eraikitzen. Kontuan hartu behar da sasoi haietan irakasle guztiak daniarrak zirela eta curriculuma Kopenhagek markatzen zuela. Eta horri buelta eman diote inuitek, urteen poderioz.

2003rako Groenlandiako eskola sistema osoa inuiteraz zen, 6 urtetik 18 urtera bitartean (derrigorrezko eskolatze urteetan). Horretarako, Irakasle Eskola ere eratu zuten Nuuk-en eta beste milaka auzolan, borrokatxo eta ahalegin (banako zein kolektiboak) egin zituzten helburu horretara heltzeko.

2003. Eskolaren biziberritze hori lotuta dago hizkuntzaren biziberritzearekin, eta biziberritze sozial eta komunitarioarekin. Urte horretan amaitutzat ematen da iraultza artikoa. Biziberritzearen oinarriak sendo zirelako ordurako. Autoestimu kolektiboa lortzeko pauso sendoak eman zituzten eta duintze eta autozaintzarako neurriak hartu zituzten inuitek, baina euren izaera bereizia eguneratuta mantenduz.

2008. Autonomia erreferendum berria egin zen Groenlandian. Baiezkoak erraz irabazi zuen (botoen % 75etik gora). Horren ondorioz, Groenlandiak eskumen guztiak bereganatu zituen, defentsa eta justizia izan ezik. Gainera, autodeterminazio eskubidea ere aitortu zion Danimarkak. Estatutu berri horretan groenlandiera bihurtu zen hizkuntza ofizial bakarra.

2021. Groenlandiak oraindik ez ditu gainditu kolonizazioak eragindako arazo sozial larriak. Arazo ekonomikoak ere baditu eta Danimarkarekiko mendekotasun ekonomiko handia izaten jarraitzen du. Horri aldaketa klimatikoa gehitu behar zaio. Izotz geruza mehetzen ari da uhartean eta kutsadura handitzen ari da (kontuan hartu behar da inuiten elikaduran arrantzak eta ehizak oraindik indar handia dutela). Baina, era berean, onurak ere ekarri diezazkieke aldaketa klimatikoak. Izan ere, Groenlandiaren lurrazpian mineralak daude eta horiek erauztea errazagoa eta merkeagoa izan daiteke (momentu honetan, mineral horiek ateratzeko 150 lizentzia baino gehiago daude). Horrez gain, Groenlandia hegoaldean hasi dira hainbat gauza landatzen, ardiak izaten eta abar. Azken hauteskundeetan, hala ere, aldaketa gertatu da. Ezkerreko alderdi independentista eta ekologistak irabazi ditu hauteskundeak eta badirudi aldaketa datorrela, erauzketa hauen inguruko polemikak baldintzatu dituelako hein handi batean bozketak.

Zalantzez beteriko etorkizuna eta geroa da inuitena. Historiaren ziabogetan orain arte arraun egiten jakin dute eta bizirik eta osasuntsu heldu dira, baina ikusi beharko da aurrerantzean zer gertatzen den. Egonkor dauden arren, ezin da ahaztu oso gutxi direla eta horrek ahultasuna dakarkie hainbat arlotan. Eta, bestetik, eurak daude aldaketa klimatikoaren lehen lerroan eta euren jardunak ere baldintzatu dezake gurea hein batean.


Hezkuntza sistema bakarra dago Groenlandian. Doakoa da, baita jantokia ere. Han ez dago sarerik, ez publikorik, ez pribaturik. Eskola guztiak udalenak dira


 

Gaurko eskola

Baina, zelakoa da eskola eta hezkuntza gaur egun Groenlandian? Zertzelada txiki batzuk emango ditugu hurrengo lerrootan. Batetik, eskolatzea derrigorrezkoa da 6 urtetik 18 urte bitartera. Hala ere, 3 urtetik aurrera ere hasten dira eskolan hala nahi dutenak. Herri handietan izan ezik, kasu gehienetan eskolak unitarioak dira, hau da, adinaren arabera banatuta egon beharrean, hainbat adinetako umeak batera daude eskoletan. Bigarrenik, hezkuntza sistema bakarra dago Groenlandian. Doakoa da, baita jantokia ere. Han ez dago sarerik, ez publikorik, ez pribaturik. Eskola guztiak udalenak dira (Groenlandian ez dago jabetza pribaturik, lurra, etxeak eta abar komunalak dira. Erabilera pribatua bai, baina jabetza guztiena da). Gaur egun, 100 bat eskola daude, herri eta herrixka guztietan bana. Hirugarrenik, groenlandiera da irakaskuntza gidatzen duen hizkuntza. Hala ere, Lehen Hezkuntzatik aurrera, daniera ere ikasgai modura dute eta Bigarren Hezkuntzatik aurrera, ingelesa. Curriculuma, berriz, Groenlandiaren eskumena da eta eskola bakoitzak nahieran molda dezake bere errealitatera egokituz. Laugarrenik, Groenlandian unibertsitatea ere bada; elebiduna (daniera-groenlandiera). Irakasle, kazetari, langile sozial, hezitzaile sozial eta erizainak formatzeko eskolak jaso ditzakete Nuuk-en. Hala ere, inuit asko joaten da kontinentera, unibertsitate mailako jakintzak jasotze aldera. Groelandiako eskolatik ezer nabarmendu beharko bagenu, eskola horrek komunitatearekin duen harremana izango litzateke. Ez dakigu eskola komunitarioa den, ez dakigu kudeaketa publiko-komunitarioa duen. Kontzeptu horiek ez dira hango errealitatera (eta gure betaurrekoekin) egokitzeko modukoak. Baina komunitateak itzelezko eragina du eskolan (eta beste hainbat kontutan). Komunitatearen eta eskolaren arteko harremana ulertzeko, beharrezkoa da Groenlandian komunitateak zuen eta duen garrantzia ulertzea. Planetako baldintzarik gogorrenetan bizi izan dira inuitak (baita gaur egun ere). Baldintza horietan norbanakoak bakarrik ezinezkoa zuen bizirautea, ezinbestekoa zen kolektiboa. Ezinbestekoa zen auzolana, ezinbestekoa zen ehizatutakoa partekatzea, ezinbestekoa zen dena denen artean egitea. Horrez gain, ezinbestekoa zen jakintzaren transmisioa. Esteatita izeneko lanparen inguruan, inuitek euren arbasoengandik jasotako istorioak edota mitoak kontatzen zizkioten elkarri. Baina baita eguneroko kontuak ere. Kohesiorako beharrezkoa zen espiritualtasunaren lika elkarri itsasten zioten. Komunitarismo horrek ez du etenik izan (moldaketak eta eguneraketak bai). Gaur egun, esate baterako, herri guztietan dago zentro soziala deritzona. Eta herrietako eraikin nagusia izan ohi da. Bertan egiten dira jaiak, herri bazkariak eta herriaren geroa eta oraina erabakitzeko asanbleak. Herritarrak elkartzeko gune eta toki dira; harremanak eta eguneroko kontuak aletzeko topaguneak. Kontuan hartu behar da herri gehienetan ez dagoela ez tabernarik ezta dendarik ere.

Eraikin horien inguruan ehuntzen dira harreman sozialak, jakintzak berritzen dira eta herriak eraikitzen dira. Eta zentro horiek eta han sortutako harremanek zerikusia handia dute eskolekin. Eskolak erabat integratuta daude komunitatean eta komunitatearen bizitzan. Normalean ez dute patiorik eta umeek herriko kaleetan jolasten dute (auto gutxi egoteak horretan laguntzen du, jakina). Herri askotan eskola eta zentro soziala parez pare daude, plazaren alde banatan. Espazio zabala izateak esperimentaziorako eta ikasketetarako aukerak biderkatzen ditu. Eskolek ohiko ekipamenduak dituzte: ikasgelak, jantokia, txokoak… Baina eskola askotan, horrez gain, oheak ere badira. Kasu batzuetan, eguraldiak baldintzatuta, eskolatik urrun bizi diren umeak eskolan lo egitera geratu behar dira. Eta, hori gertatzen denean, komunitateak (edo tribuak) zaintzen ditu ume horiek. Groenlandian, inuitek buelta eman diote egoerari eta biziberritze maila nahiko altua lortu dute hainbat arlotan. Eskolara ere euren iraganeko jakintzak eta moldatutako egiteko erak ekarri dituzte (komunitateari lotutakoak). Baina, hala ere, inuitak gutxi dira eta aurrera begira erronka eta arazo askori egin behar diete aurre. Ea eurek bideak zabaltzen jarraitzen duten, guk ere haien orpoetatik jarraitzeko. Izan ere, gure ustez, inuiten biziberritzean (ez soilik hezkuntzan) eta moldaketak moldaketa, gurera ekarri beharreko gako asko dago.