Irakasleen hautaketarako mekanismoak aztertzen ari da Maialen Oiartzun EHUko irakaslea 'Irakaslerik onenak kalitateko eskolarako: lanbiderako sarbidearen diagnostikoa eta proposamenak euskal eskola publikorako' izeneko tesian. Hik Hasiren 276. alean argitaratutako artikuluaren jarraipena da hau. Irakasleen sarbideari dagokionez, aldaketerako nahia nabaria dela dio Oiartzunek, ziurgabetasuna eta beldurra ere badiren arren.

Duela hiru hilabete, martxoko alean, irakasle lanbide publikorako sarbidearen diagnostikoaren lehenengo zatia aurkeztu nuen. Bertan, irakaskuntzan lanean hasteko ezartzen diren prozedurak izan genituen hizpide. Irakasleen hautaketa-prozedura, lanpostuen esleipena zein hasiberrientzako hastapen programen arazoa irakaskuntzari buruzko uste sinple eta okerretan oinarrituta daudela azaldu genuen. Horrexegatik, sarbide-sistema berrikusteko eta ezagutza eguneratuan oinarritzeko beharra aldarrikatu genuen.

Lehenengo hurbilpen horretan, gainera, zera adierazi genuen: sarbide-sistemaren arazoa sakonki ulertzeko, ez dela nahikoa egiturak aztertzea. Izan ere, egiturari erreparatzea errealitatearen zati bati erreparatzea da. Hori dela eta, gaurkoan beste zertzelada batzuk azalduko ditugu: hezkuntza eragileen ikuspegiek eta iritziek irudikatutako errealitatea.

Kontuan hartu behar dugu sarbide-politika lege formako testu batean zehaztuta dagoen arren, pertsonok bilakatzen dugula errealitate bertan jasotakoa. Hala, legearen egikaritzea ezin bana daiteke politika ezarri behar duten hezkuntza aktoreen interpretazioetatik. Sarbide-politikari buruz zer-nolako iritzia duten, irakasle hasiberri bat eskolara iristen denean zer-nolako harrera egiten dioten edota irakasle hasiberria ebaluatzean zer-nolako irizpideak kontuan hartzen dituzten, hezkuntza aktore horien pertzepzioaren ondorio da. Horiek horrela, sarbide-sistemaren inplementazio prozesua aztertuta, honakoa ondorioztatu dugu: irakasle lanari zein kudeaketari buruzko sinesmenak, balioak eta arauak prozesuaren elementu gakoak dira, irakasle hasiberrien portaeran eragiteaz gain, sarbide-sistema ezartzen duten aktoreen portaeran ere eragin handia baitute.

Azterketa horren emaitzak laburki azalduko ditugu jarraian. Aurreko atalean azaldutakoarekin loturak errazteko asmoz, egitura bera erabiliko dugu. Sarbide-sistemaren hiru prozeduretan jarriko dugu arreta, bakoitzean identifikatutako arazoak laburki azalduz.

Irakasleen hautaketa-prozesuari buruz

Aurreko atalean aipatu genuen hautaketa-prozesuaren lehenengo funtzioa irakaslegaiaren portaera iragartzea dela, eta, horretarako, iragarri nahi dugun portaera zein den argi izatea ezinbestekoa dela. Hona hemen lehenengo arazoa: ez dago irakasle hasiberrien portaerari buruzko iritzi bateraturik, irakasleen zereginen gaineko desadostasunak baitaude.

Ikerketan parte hartu duten eragileen artean hiru eredu identifikatu ditugu: irakasle hezitzailea, irakasle profesionala eta irakasle teknikoa. Irakasleak hezitzaile gisa irudikatzen dituztenen ikuspegiaren arabera, irakaslearen zeregina edukiak transmititzea baino haragokoa da. Ikasle guztiak kontuan hartzea eta ikasle guztien garapen integrala lortzea da haien zeregina. Hori horrela, ikasleekiko enpatia izatea, gatazkak ebazteko gaitasuna izatea edota harremanetarako gaitasuna izatea da lehenesten dituzten ezaugarrietako batzuk. Irakasleak profesional gisa irudikatzen dituztenak bat datoz ikuspegi horrekin, baina irakasleek ezagutzarekiko konpromisoa izan behar dutela azpimarratzen dute. Hau da, irakasleek etengabe ikasteko eta euren praktika hobetzeko konpromisoa izan behar dutela adierazi dute. Irakasleei buruzko ikuspegi teknikoagoa dutenek, ordea, irakaslearen zeregina ikasgelako ekintzetara mugatzen dute, irakaskuntza ekintza ongi antolatzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta teknikei garrantzia emanez.

Irakasle hasiberrien gaineko iritziari buruz galdetzean, eskolako eragileek hainbat ahulezia salatu dituzte. Irakasleak hezitzaile gisa irudikatzen dituztenen iritziz, irakasle hasiberriek irakasle lanari buruzko uste okerrak dituzte, hain zuzen ere, irakasle izatea edukiak transmititzea izaten jarraitzen duela pentsatzen dutelako. Hala, irakasle hasiberri horiek bestelako eginkizunetan parte hartzeko oztopoak jartzen dituztela salatu dute hainbat eragilek. Horrez gain, irakasle hasiberri ugariren motibazioarekin kexu dira, gero eta ohikoagoa omen delako irakaskuntza arloa lanerako aukeratzea funtzionario izaerak dituen lan-baldintzek bultzatuta.

Elkarrizketatuek, hortaz, irakasle lanbide publikorako sarbide-sistema ezegokia dela irizten diote, hein handi batean, euren igurikapenekin bat egiten ez duten irakasleak hautatzen dituztelako. Sarbide-sistemak bilatzen duen eta eskolako eragileek eskatzen duten irakasle ereduaren artean desberdintasunak daudela esan daiteke, beraz. Hala ere, kontuan hartu behar dugu irakasle hasiberrien portaerari buruzko hiru eredu identifikatu ditugun arren, horiek esperientzian eta usteetan oinarritutako ikuspegiak direla. Gainera, ikuspegi likidoak direla antzeman dugu, jarraian azalduko ditugun beste hainbat elementuri buruz galdetzean ikuspegi horiek diluitu egin baitira.

Irakasle hasiberrien hastapen-programei buruz

Diagnostikoaren lehenengo atalean aipatu genuen sarbide-sistemaren bigarren funtzioa irakasle hasiberrien ikaskuntza eta garapen egokia bermatzea dela. Hori, modu formalean, hautaketa-prozesuaren praktiketako urtean zehar egin daiteke eta, horretan, zeregin berezia dute ikuskariek, tutoreek zein zuzendaritza-taldeek. Praktiketako urtearen izaera formatiboari buruz galdetzean, ordea, aldeko eta kontrako iritziak jaso ditugu.

Irakasle hasiberrien praktikaldiaren kontrako jarrera adierazi dutenen ustez, praktiketako urte hori ez litzateke beharrezkoa izango baldin eta hasierako prestakuntza egokia izango balitz. Irakaskuntzan aritzeko prestakuntza aldirik garrantzitsuena hasierakoa dela uste dute, eta, beraz, irakaskuntzarako graduetan eta masterretan irakasten dena zer den sakonki aztertu beharko genukeela.

Ikaskuntzaren alde egin dutenen ustez, irakasle hasiberriak jardunean soilik garatuko ditu hainbat gaitasun. Hasierako prestakuntza egokia izan arren, gaitasun horiek praktikan baino ezin baitira garatu. Eginaren eginez, alegia: ereduak behatuz, imitatuz eta esperientziak partekatuz. Tutore edo mentore figuraren beharra azpimarratzen dute, nahiz eta ohartarazi gaur egungo antolakuntzarekin zaila dela halako zeregina behar bezala aurrera eramatea. Irakasle hasiberrien garapenaren garrantzia aitortu arren, gutxi dira praktikaldia ikaskuntza prozesu gisa kontzeptualizatzen dutenak. Gogora ekarri behar dugu praktikaldia hautaketaprozesuaren parte dela, eta praktikaldia bukatzean, irakasle hasiberri hori ziurrenik hurrengo urtean beste ikastetxe batean arituko dela. Hala, zuzendaritza-taldeek, oro har, ez dute praktiketako irakasleen garapena euren hezkuntza proiektuaren estrategiaren barnean biltzen. Horra hor bigarren arazoa.

Ikastetxeetan ez da garatu oraindik irakasle hasiberriaren garapenak irakasleari berari zein eskolari egiten dion ekarpenaren kontzientziazioa. Horra hor aurreko atalean aipatu dugun ikuspegi likidoen adibide bat, irakasle profesionalaren ikuspegia ahulagoa baita irakasle hasiberrien garapenari dagokionean.

Lanpostuen esleipen-prozesuari buruz

Azkenik, aurreko atalean aipatu genuen lanpostuen esleipen-prozesuaren helburua irakasle hasiberriaren eta lantokiaren arteko bateragarritasuna bermatzea izan beharko lukeela. Artikulu honen lehenengo atalean azaldu genuen bateragarritasun hori ez dela beti gertatzen. Horrexegatik, ikastetxeek lanpostuen esleipenetan parte hartzeko aukera aldarrikatu du hainbatek, nahiz eta onartu ez daukatela batere argi nola egin beharko litzatekeen. Zalantza eta beldurra antzeman dugu iritzi hori adierazi dutenen artean ere. Hiruetan, gainera, aldatzeko zailena dela dirudi, aurreko atalean aipatu genuen moduan, gai horrek desadostasun handiak sortzen dituelako.

Aurrera begirakoak

Irakasle lanari zein kudeaketari buruzko sinesmenak, balioak eta arauak elementu erabakigarriak dira sarbide-politikaren inplementazio prozesuari dagokionez. Alde batetik, erabakigarriak dira sarbide-politikari buruzko pertzepzioa mugarritzen dutelako eta, bestetik, pertzepzio horrek hezkuntza eragileek irakasle hasiberriekiko izan beharko luketen portaeran eragiten duelako. Artikulu honetan azaldutako emaitzetan ikusi dugu uste desberdinak daudela bai irakasle lanari, bai irakasle hasiberrien ikaskuntzari, eta baita prozesu horretan izan beharreko ardurari dagokionez ere. Aldaketa baterako nahia eta jarrera nabari da, baina ziurgabetasuna eta beldurra ere nabaritu ditugu. Horiek horrela, kudeaketa eredu berri baterantz egin nahi badugu, pertzepzio horietan eragin beharko dugu, ezinbestean. Ikuspegi bateratua lortu behar dugu, eta hori lortzeko egiturazko aldaketak egin behar ditugu. Beldurrak eta zalantzak uxatu behar ditugu, ezagutza funtsatua eta partekatua eraikiz. Jakin badakigu zeinen zaila den hezkuntzan hori lortzea, baina modua bilatu beharko dugu.

Hezkuntza Legeak egindako ibilbidea eta egiteke duena

Gutxienez bi urteko ibilbidea egingo du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berriak, harik eta onartua izan arte. Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Akordioa lortzeko batzordea sortu zenetik, hainbat mugarri izan dira, bai Legebiltzarrean, bai alderdi politikoen artean eta baita gizartean ere. Denbora lerro batean kokatua agertzen dira jarraian.

  1. 2021eko urriak 14: Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Akordioa lortzeko batzorde bat sortzea adostu zuten EH Bildu, EAJ eta PSE-EEk eta, horiez gain, Elkarrekin Podemos-IUren aldeko bozka eman zuen.

  2. 2022ko azaroak 16: Hezkuntza Akordioa lortzeko batzordea martxan jarri zuten Eusko Legebiltzarrean, non hezkuntza eragile, aditu, aritu eta gizarte zibileko pertsonek euren iritzia eman zuten.

  3. 2021eko urria2021eko abendua: Ehun eragile eta adituren ekarpenak jaso zituen Hezkuntza Batzordeak.

  4. 2022ko otsailak 8: Hezkuntza Akordioa lortzeko ponentziako agerraldiak bukatuta, presidenteak, ondorio guztien lehenengo zirriborroa aurkeztu zuen.

  5. 2022ko otsailak 8- 2023ko martxoak 4: Txostenari ekarpenak egiteko epea.

  6. 2023ko martxoak 4: Hezkuntza Akordioaren zirriborroari egindako zuzenketak aurkeztu zituzten alderdi politikoek.

  7. 2022ko martxoak 18: Hezkuntza Akordioaren zuzenketak adostu ziren. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta EP-IU alderdiek Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa sinatu zuten. Egun historikoa.

  8. 2022ko apirilak 7: Akordioa Legebiltzarreko osoko bilkurak onartu zuen (% 90ak baino gehiagok) eta baita datozen urteetan garatzeko 43 neurri ere. Eusko Jaurlaritzak (Hezkuntza Sailak) akordioan oinarritutako hezkuntza legea egiteari ekin zion.

  9. 2022ko irailak 15: EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuaren lehenengo zirriborroa publiko egin zuten.

  10. 2022ko irailak 14- 2023ko urriak 13: Aurreproiektuaren lehen zirriborroari ekarpenak egiteko epea. 35 eragile eta norbanakoren ekarpenak jasotzen dira.

  11. 2023ko apirilak 25: Hezkuntza Lege proiektu berria Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan onartu zen eta Eusko Legebiltzarrari igorri zion.

  12. Falta dena

  13. 2023ko maiatzak 23- 2023ko ekaina: Eragileek EAEko Hezkuntza Lege proiektuari ekarpenak egingo dizkiote Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.

  14. 2023ko udazkenean (datak zehazteke): 

    - Hezkuntza Legeari zuzenketa partzialak aurkeztuko dizkiote alderdi politikoek Legebiltzarrean.

    - Hezkuntza Legearen osoko zuzenketen eztabaida.

    - Hezkuntza Legea berresteko Batzar Orokorra.

    - Legearen zuzenketa partzialen eztabaida Hezkuntza Batzordean.

    - EAEko Hezkuntza Legearen onarpena. 2023ko urte bukaerarako edo 2024ko otsailerako aurreikusten da.

Ekimen paraleloak

Legeak bere prozesua aurrera eraman duen hilabeteetan, mobilizazioak, agerraldiak eta eragileen balorazioak egon dira. Euskal Eskola Publikoaz Harrok manifestazioa egin zuen 2022ko azaroaren 5an. Azaroaren 30ean eta abenduaren 14an ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta bi greba egin ziren, sindikatuen iritziak aintzat hartzeko eskatuz. Ikasleak ere atera ziren kalera euren aldarrikapenak ezagutaraztera. Hezkuntza Plazarak agerraldi bitan adierazi ditu bere ekarpenak eta proposamenak. Kontseiluak atxikimendu zabaleko aldarrikapenak egin zituen azaroaren 10ean eta abenduaren 6an hezkuntza eragileekin eta euskalgintzako eta kulturgintzako arituekin eta argi adierazi zuen euskarazko hizkuntza eredu orokor eta inklusiboa behar dela “berdintasunaren eta kohesioaren” bidean ikasle guztiei euskalduntzeko eskubidea bermatzeko. Kulturgintzako eragileak Durangoko Azokaren atarian bildu ziren 2022ko abenduaren 10ean eta euskal kultura zeharlerro izan dadin eskatu zuten. Aldeko eta kontrako iritziak eta jarrerak egon dira, baina ikuspegi kritikoa nagusitu da denetan. Ekarpenak eta zehaztasunak eskatu dituzte denek.