Xabier Sarasua, Iraleko irakaslearen iritzi artikulua.
E-ra-gin hitzak egin-arazi esan nahi badu, eta e-ra-kutsi-k ikusi-arazi, zer ote da i-ra-kastea?
Ikaslea erdigunean jartzea izango da hezkuntza eremuan azken aldian entzuten den esaldirik erretorikoena. Baina ezinbestean ahalegindu behar genuke hori paperetik egunerokora eramaten, sistemak bestelako zereginez etengabe arreta desbiderarazten digun arren: protokoloak, justifikazioak, kalifikazioak, txostenak... Edonola ere, ikas-arazteko eta ikaslearengan aldaketak e-ra-giteko, ez ote dut aurrez pentsatu behar nola indartu, nik, irakasleak, nire bokazioa eta eguneroko motibazioa, eta zer aldatu behar dudan nire egiteko moduetan? Zer begirada eta estrategia behar ditudan, ikasleei hobeto laguntzeko akademikoki nahiz pertsona gisa garatzen?
Ikaslea bere prozesuaren protagonista izan dadin, ez ote dut nik gehiago aldendu behar irakasteko modu direktibotik? Aske izateko bidean ibil dadin, ez ote dizkiot eskaini behar erabakimen librerako aukerak, mugak ezagutzeko esperientziak? Emozionalki babestua senti dadin, berriz, ez ote dut landu behar nire bidelagun rola? Eta zer aldatu behar dut nire irakaskuntza jardueretan, ikaslea trebatu dadin analizatzen, kuestionatzen, inferentziak egiten, bere ikuspuntua diskurtso egokiaz justifikatzen eta gogoetak partekatzen? Euskaran trebatu dadin, ostera, ez ote diot gehiago hitz eginarazi behar? Ez al daude lotuta aurreko bi lanketak? Eta hiztun oso izatera irits dadin, ez ote dut aurrez nik soziolinguistikan jantzi behar, herri kulturan trebatu, nire hizkuntza gaitasunak hobetu, hizkuntza komunitateko partaidetzan sakondu? Ikasleari mundu aldrebes hau hobetzeko gai izaten laguntzeko, ez ote ditut lehenik nigan ondu behar autokonfiantza, sormena, ekimena, lankidetza, konpromiso soziala eta eragiletza, feminismoa, kritikotasuna, elkarzaintza, ama naturarekiko elkarrekikotasuna, idealen alde borrokatzeko grina...? Eta ez ote dut trebatu behar horiek guztiak ikasleak berak lantzeko moduetan, adibidez kritikoa izateko nire modua transmititzera ez mugatzeko?
Hezkuntza Sailari eta ikastetxeetako zuzendaritzei dagokie irakasleoi behar dugun prestakuntzarako bideak eta tarte egokiak eskaintzea. Izan ere, ez al gara irakasleak ikasleen hezkuntza ibilbidea emankorra izateko bitartekari nagusiak?
Haatik, irakasleoi dagokigu, belaunaldi berriak hezteko arduratik geure buruak etengabe prestatzea eta ahalduntzea, zeregin horretan daukagun onena emateko. Nola zaindu, aberastu eta formatu nire irakasle-tasuna? Zertan behar dut sakondu eta hobetu?