Maitane Basasoro EHUko irakasleak eskolak parte-hartzaileago bilakatzeko gakoak bildu ditu ‘Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri’ izeneko doktorego tesian. Irakasleen begirada, curriculuma eta antolaketa-eredua berrikustea proposatzen du, Antzuolako Herri Eskolan egindako ikerketa etnografikoan oinarrituta.
Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri izeneko doktorego tesia aurkeztu eta defendatu zuen Maitane Basasorok iaz, Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektuaren analisitik abiatuta. Ikastetxeetan haurren benetako parte-hartzea bermatzeko giltzarriak ematen ditu Basasorok. EHUren Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntzako kidea eta irakaslea da Basasoro. Diskurtsotik harago, hezkuntza legedietan ikasleen parte-hartzea bermatu behar dela idatzia baitago, ikasleen benetako parte-hartzea berma dadin proposamenak egiten ditu Basasorok: “Lege esparruak zein hezkuntza arloko eragileek ikasleen parte-hartzea ezinbestekoa dela adierazten dute; hau praktikara eramateko garaian, ordea, hutsunea nabaria da eta hezkuntza-praktika ‘parte-hartzaile’ gisa izendatzen diren akzio sinbolikoetara mugatzen da”.
Hezkuntzaren zeregin demokratikoa erdigunean du Basasororen tesiak, harentzat hezkuntzaren erronka nagusiak “ezagutzaren transmisio hutsetik askoz harago, gizarte justuago baten garapenean ekarpena egitea eta parte hartzea izan beharko luke; justizia sozialetik eta justizia sozialerako egiten den hezkuntza, alegia”. Hezkuntza demokratikoa bilatzen baldin badugu, edo justizia soziala bilatzen baldin badugu gure ikastetxeetan, ezinbesteko baldintza da parte-hartzea, ikerlariaren hitzetan: “Nola izango da gure ikastetxea demokratikoa ez badugu parte hartzeko aukera ematen? Eta aldi berean, nola heziko dugu demokraziarako edo parte hartzerako, ez baldin badugu parte hartzen ikasten?”. Horixe da tesiak aletzen duen oinarria.
Behin hezkuntzaren funtzio nagusietako bat zehaztuta, parte-hartze demokratikoa sustatzeko, Basasororen aburuz beharrezkoa da partehartze sinbolikoa eta parte-hartze erreala bereiztea. Basasorok partehartzea “herritar aktibo eta kritiko gisa hezteko eta hazteko ezinbesteko erraminta modura” ulertzen du; “parte-hartze demokratiko batez ari gara, non ikasleek modu zuzenean eta errealean eskolako bizitzan eragiteko aukera izango duten”. Haatik, praktikak erakusten du eta gaiari buruzko literaturak berresten, parte-hartze guztiak ez direla errealak eta demokratikoak: “Parte-hartzaile izendatzen ditugun ekintzen edo jardueren atzean berez jarduera pasiboak edo jarduera sinbolikoak bultzatzen dituzten ekintzak egon daitezke, beraz, lehenik eta behin kontzeptuaz hausnartu behar dugu gure ikastetxeetan: zertaz ari gara gure ikastetxean parte-hartzeaz ari garenean?”.
Galdera horri beste bat eransten dio: zertarako parte hartu? “Inpaktu bat edukitzeko”, erantzun du Basasorok, horretan bereizten dira, besteak beste, parte-hartze sinbolikoa eta benetakoa. “Eragin bat eduki behar du gure parte-hartzeak, gure jokabideek komunitatean eta hobekuntzan eragin behar dute”.
Benetako parte-hartzeak hiru ezaugarri hauek izan behar dituela dio Basasorok: ikuspegi inklusiboa, komunitarioa eta kritikoa. “Partehartze erreal eta demokratiko bat lortzeko, baldintza horien inguruan hausnartu beharko genuke ezinbestean. Inklusiboa adierazten dugu, parte-hartzea ez delako justua pertsona guztien ahotsak (edo isiltasunak) kontuan hartzen ez baditugu. Horretarako, aniztasunaren balio positiboa kontuan hartu eta guztientzako bideragarriak diren mekanismoak aktibatu behar dira. Komunitarioa adierazten dugu, pertsona orok, gizarteko partaide den heinean, komunitate baten edo proiektu baten baitan hartzen duelako parte. Beraz, parte izateak, besteekin batera erabaki kolektiboak hartzea dakar. Zentzu horretan, harremanak ere erdigunean daude. Kritikoa adierazten dugu, ez delako erabakia modu isolatuan hartzea bilatzen; parte hartzen badugu, erabaki horrek protagonistarengan eta komunitatearengan eragina izango duelako da. Parte-hartzearen bidez, eraldaketa bilatzen da”.
Dokumentazio eta ikerketa teorikoaz gain, Antzuolako Herri Eskolan egindako ikerketa etnografikoa da Basasororen tesiaren zutabe nagusia. Parte-hartzeaz modu parte-hartzailean ikertu du. Aipatutako joera pasiboak kontuan hartuta, teoriaren eta praktikaren arteko arrakala gaindituko zuen eredu baten bila jo zuen Antzuolako Herri Eskolara. Basasorok 28 belaunalditako Antzuolako Herri Eskolako ikasle-ohiak bildu zituen haien ahotsak eta esperientziak jasotzeko, eta horiez gain, irakasle eta irakasle-ohiekin talde eztabaidak egin zituen eta eskolan behaketa-lana egin zuen. Horren guztiaren analisia burututa, kontuan hartu beharreko dimentsioak eta gakoak aurkeztu ditu tesiak: “Hiru dimentsioren inguruan eztabaidatzea garrantzitsua iruditzen zaigu: irakaslearen begiradaz eta horrek barne hartu beharko lituzkeen hainbat balioez; curriculumak eduki beharko lukeen izaeraz, eta hirugarrenik, antolaketa-ereduak bildu beharko lituzkeen ezaugarriez”.
Lehenengo, irakaslearen begirada
“Lehentasuna begiradaren lanketari eman behar zaio, ez baitauka zentzurik curriculuma eraldatzeak edo antolaketa-eredua aldatzeak, ez badugu benetan haurra subjektu aktibo gisa ikusten”. Basasororen aburuz, ikasleen parte-hartze demokratikoa bultzatuko duen eredu batera hurbiltzeko, irakasleek beren praktika begirada berritu batetik aztertu behar dute: “Haurra ‘ikusteko’ moduak eragin zuzena du helduaren jokabidean eta gazteenei parte hartzeko eskaintzen zaizkien aukeretan. Ikuspegi ‘inozo’ batetik, ikasleen gaitasunak eta aukerak gutxiesteko joera dugu, heltze-prozesuan dauden gizakiak izango balira bezala ulertuta. Era horretan nekez ematen zaie askatasuna, ikaskuntza-prozesua eraginkorra izan dadin uneoro heldua behar dutela ulertzen baita. Aldiz, haur eta gazteak subjektu aktibo gisa ikusteko aukera ere badugu. Ikuspegi horretatik, ikaslea berezko interesak, gaitasunak eta eskubideak dauzkan herritar gisa uler dezakegu, orainaldiko herritar aktibo gisa”.
Horrez gain, ezagutza ulertzeko moduak ere zerikusia du parte-hartzearen afera honetan, Basasororen arabera: “Ezagutza transmisio hutsetik jasotzen dela pentsatzeak eredu tradizionalaren harreman hierarkikoak iraunarazten ditu. Horren ordez, ezagutza errealitatearekin harremanetan eraikitzen den prozesu global gisa ulertzeak ate berriak irekitzen dizkigu; praktikarako eta autonomiarako espazioak irekitzen ditu, hausnartzeko eta kritikotasunerako aukerak biderkatzen ditu eta elkarrekintzaren bitartez ezagutza modu kolektiboan eraikitzeko aukerak zabaltzen ditu”. Antzuolako ikasle-ohiek irakasleen begirada horren garrantziari egiten diote erreferentzia talde-eztabaidetan: “Esperientzia onak oso lotuta daude irakaslearen begirada alternatibo honekin: irakaslea aliatu gisa ikusi izan dute halakoetan eta ezagutza eraikitzeko askatasuna sentitu dute”. Begirada horrek, halaber, eragin zuzena du eskolako kulturan eta bertan sortzen diren harremanetan.
Irakasle-ikasleen arteko harremanei lotuta, begirada berritu batek botereaz hausnartzera ere eraman beharko luke ikastetxea. Joxemi Zumalabe Fundazioak boterearen ulerkeraz egindako hausnarketa ekarrita, irakasleak daukan botereaz jabetu eta berau modu negatibo batean eta ezer inposatzeko erabili beharrean, “ikasleak ahalduntzeko eta erabakiak har ditzaten testuinguMaitane Basasoro EHUko irakaslea eta tesiaren egilea. ruak sortzeko baliatzea” planteatzen du tesiak: “Antzuolan askatzailea izan zen begiradaren lanketa hori egitea eta boterearen ikuspegi horrekin bat egitea. Oso zaila da boterea ematea haurraren eta ezagutzaren ikuspuntu mugatu batetik. Hausnarketa prozesuak aktibatuz, berriz, aurretik zituzten eskema tradizionalak deseraiki zituzten. Modu horretan, harremanak beste modu batera eraikitzen hasi ziren eta boterearen balio eraikitzaileaz kontzientzia hartu zuten. Botere-harremanez jakitun, horiek eraldatzeko eta boterea beste modu batera erabiltzeko apustua egin zuten”.
Curriculum irekiaren alde
Irakaslearen begiradaren ondotik, curriculuma ere berrikusi beharko luke eskola parte-hartzaileago bihurtu nahi duenak, Basasororen aburuz. “Begiradaren garrantziaz jakitun, geure buruari egin beharko genizkiokeen galderak dira honakoak: nork definitzen du curriculuma? Noren interesen mesedetan? Zein dira gailentzen diren edukiak eta ezagutza prozesuak?”. Ikertzailearen arabera, curriculumaren ikuspegi itxi eta zurrun batetik zaila da ikasleen interesak eta beharrak benetan asetzea, “kontrako norabidean egitea litzateke baliotsua, curriculuma ikasleen interesetatik eta haiek inplikatuz eraikitzea”. Basasorok tesian jasotzen duen eran, ikasleen esperientziak ezinbestekoak dira ezagutzaren eraikuntzan eta horiek izan behar dute abiapuntua; “praktika zuzenak ematen dio zentzua eta esanguratasuna ezagutza prozesuari eta hori da herritar kritiko gisa ahalduntzeko oinarrizko baldintza”. Antzuola Herri Eskolaren kasuan, curriculum parte-hartzaile baten aldeko apustua egin zuten, curriculum irekia, emergentea eta ikasleekin batera eraikia”. Proiektu bidezko ikaskuntza izan zuten eraldaketarako gako: “Antzuola Herri Eskolan ez dute irakasgairik, ezta testu-libururik ere. Ikasleek aukeratzen dituzten proiektu globalen bidez egiten dute lan. Proiektuen bidezko lanketak ikerketan, hausnarketan eta ekintzan oinarritzen den hezkuntza eredua defendatzen du. Helburua parte-hartzaileen errealitatea hobeto ezagutzea eta horretan eragitea da. Taldeak bideratzen du ezagutza prozesua ikasleen eta irakaslearen arteko lankidetzan proiektuari zentzua emanaz.
Antolaketa malguagoa
Begirada aldatzeko eta curriculum parte-hartzailea gauzatzeko baldintzak sortu egin behar dira, eta horrek eskolaren antolaketa eredu malguagoa eskatzen du. Hain zuzen ere, Basasororen arabera, eragin beharreko hirugarren dimentsioa antolaketa-eredua da. “Antolaketa-ereduak jokabideak eta pentsamenduak baldintzatzen ditu eta, hala, argi izan behar dugu zein izaera eman nahi diogun antolaketa horri. Ikasleen parte-hartzea helburu badugu, honi mesede egingo dioten baldintzak eta egiturak beharko dira”. Denbora falta eta curriculumaren presioa maiz aipatzen diren mugak dira. Hori gerta ez dadin, lehentasunak identifikatu eta horiei erantzuteko antolaketa-eredu egokiena aurreikustea proposatzen du Basasorok. Ostera Antzuola adibidetzat hartuta, eta ikastetxearen lehentasunak argi izanda —ikaslearen eta ikaslearen interesen baitan eraikitako curriculum ireki eta parte-hartzailea—, ikastetxe mailako ardurak eta zereginak berrantolatu eta koordinatzaile figura sortu zuten, garbi baitzuten ikasleek erabaki behar zituztela proiektuetako gaiak eta zereginak. “Antolaketa rol hori txertatzeak sekulako abantailak ekarri ditu proiektuen garapenari eta kalitateari dagokionean: proiektuak bideratzeak dakarren zama irakaslearen gain geratu beharrean, bi pertsonen artean banatzen dute. Kasu horretan garbi antzeman daiteke antolaketa beharren arabera egiteak dakarren desberdintasuna. Antzuolan garbi zuten gaiaren aukeraketak ikasleen esku geratu behar zuela eta, beraz, bideragarria izateko baldintzetan jarri zuten indarra. Hala, aurretik zehaztutako antolaketa eredu konbentzionala zalantzan jarri eta beharren baitan baliagarria izango zen eredua bilatu zuten. Bide horretan, ikasleak antolaketan eta komunitatean inplikatzeko modua ere bilatu dute”.
Ikastetxe guztiek egin ditzakete parte-hartzaileago bihurtzeko urratsak, Basasororen tesiak jasotzen duenez. “Ikastetxe bakoitzak bere errealitatearen azterketa egin behar du. ‘Non gaude gu? Zein dira gure lehentasunak? Zer aukera eta baliabide ditugu?’ eta horren arabera erabaki zein urrats egin daitezkeen benetako parte-hartzea sustatzeko. Baina begirada, curriculuma eta antolaketa birformulatu egin behar dira”.