Oihana Iguaran bertsolariaren iritzi artikulua. 

 

Ase arte entzun genuen amatasuna lotura handia zela. Kide feministekin deskubritu genuen lotura horren atzean zenbat egiturazko korapilo gorde zitezkeen. Ahizpatasunak erakutsi zigun norbere lepoa estutzen zuten sokak askatu, eta elkarri lotuz sare bat osa genezakeela. Eta iruten hasi ginen, iraun ahal izateko.

Maitasun erromantikoa eta goitik beherako harremanak deseraikitzen urteak pasata, ez da erraza definizioz dependentzian oinarritzen den harreman bat eraikitzeko modu osasuntsu bat aurkitzea. Batez ere, bi korronte dituzunean norabide banatan bultzaka: haurraren beharren arabera bizitzeko deia eta zure beharrei uko ez egitekoa. Eta alde banatatik tiraka dituzun indarren tentsioak, arrakala bat zabaltzen dizu erdian, kulpaz betetzen dena (edo dizutena).

Haurrak exigentzia handia suposatzen du, baina suntsitzen gaituena autoexigentzia mugagabea da. Eta bidean, joan gara elkar entzuten, eredu desberdinak deskubritzen, eta saldu diguten amatasun eredu ideal eta toxiko hori desegiten. Autodefentsa zeharka praktikatzen hasi naiz ni, auzodefentsatik. Oso erraza baitzait ahizpei leporatzen zaizkien erruak nondik datozen detektatzea eta askatzea; baina zailagoa nireei disekzio bera egitea. Ama egin naizenetik, ez daukat epairik beste amentzako. Gauza bera kontzientzia feminista dudanetik, sistemak zapaltzen dituenekiko.

Amatasunak isilpean geratzen diren zenbait korapilo gorpuzteko aukera eman dit, presio hori azalean eta erraietan sentitzekoa, eta uste dut pertsona hobea izateko aukera zabaldu didala horiek ulertzeko bideak. Gure amekiko berrirakurketa sakona suposatu dit, esaterako; ama ahizpa bilakatu zait, ama izateak alaba izatearen kontzientzia osatu dit.

Kontzientzia hori, etxetik inguru osora zabaltzea da pertsonala politizatzea. Zuloan sentitzen denari soka luzatzea, korapilatu denari guraizeak aurkitzen laguntzea, elkarri lotzea, elkar eustea. Amatasuna lotura handia delako. Batik bat bakarrik sentitzen zarenean. Eta zorionez, sare zabal bat ari gara iruten pixkanaka. Irauteko hasi ginen iruten, baina irautea ez da bizitzea. Eta amatasun bizigarriak merezi ditugu (eta merezi dituzte gure haurrek).

Amatasun bizigarriak ezinbestean dakar ama ez izateko hautu librea eta ama izateko modu desberdinen aitortza eta babesa. Horiek korapiloa osatzen duten hari gehiago diren neurrian, sare bera iruteko balio dezakete, ez- amatasunak bizigarri egiteko. Batzuetan elkar eutsi beharko dugu iraun ahal izateko, baina hori bidea izango da, ez helburua. Helburua bizitza da; eta bizitza, ezinbestean da zaintza. Eta zaintzak, ezinbestean beharko du partekatua izan, bizigarri izango bada.