Eskola inklusiboa, irisgarritasuna erdigunean jarrita.
Ikastolen Elkarteak “Bagatoz inklusiotik ekitatera” izenburupean antolatutako jardunaldi pedagogikoetan (29. edizioa) parte hartu zuen Parisko CNAMeko (Arteen eta Lanbideen Kontserbatorio Nazionala) Serge Ebersold irakasleak. Irisgarritasunaren arloko katedraduna da Ebersold, eta “Irisgarritasuna, norbanakoari egokitutako eskola inklusiboaren baliabidea” izeneko hitzaldia eskaini zuen. Eskola inklusiboa izan zuen hizpide, irisgarritasuna erdigunean jarrita. Haren hitzaldia ekarri dugu orriotara.
Ikasleen aniztasunera egokitzea eskatzen zaio eskolari, eta eskaera harrigarria da, ikuspegi sozio-historikotik begiratuta. Eskola sortu zenetik, ikasleei eskolara egokitu daitezen eskatu diegu, eta, orain, alderantzizkoa egiten dugu. Zerk eragin du ikuspegi aldaketa hori?
XX. mendean, ezintasunarekin edo desegokitasunarekin lotzen genuen aniztasuna, eta hainbat pertsona ez genituen gai ikusten eskolara joateko; ez zuten lekurik eskolan, eta egitura berezi batzuetara bideratzen genituen. Baina, 1970eko hamarkadatik aurrera, zientzialariek agerian utzi zuten ikasle batzuek, ezintasunak edukita ere, ikasteko gaitasuna dutela. Zientzia kognitiboen arloko aurrerapenek erakutsi digute gizakiok garatzeko gaitasuna dugula, testuingurua lagungarria izanez gero.
Garrantzitsua da perspektiba aldaketa, adimena eta testuingurua lotzen dituelako. Agerian uzten du pertsona orok ikasteko gaitasuna dugula, eta horrek kolokan jartzen du ezinduaren figura. Pertsona batek zenbait gauza egiteko zailtasunak izan ditzake testuinguru jakin batean, baina, beste testuinguru batean, gai izan daiteke gauza horiek egiteko. Ikasleek dituzten zailtasunei begiratzera garamatza ikuspegi aldaketa horrek, eta argi erakusten du pertsonen zailtasunek baino pisu handiagoa duela testuinguruak.

Irisgarritasuna eta egokitzapena
Interesgarria da eskola inklusiboaren gaiari irisgarritasunaren ikuspuntutik begiratzea, ikasleak berdintasun egoeran jartzeko irisgarritasunak aukera ematen diolako eskola sistemari.
Irisgarritasuna ezinbesteko agindu gisa aurkeztera bultzatzen gaitu ikuspegi berriak. Kontuan izan behar dugu ez direla gauza bera irisgarritasuna eta egokitzapena. Praktika pedagogikoak behar jakin batzuen arabera egokitzeak ez du esan nahi ikasleak ikasle izateko aukera izango duenik. Datuek argi erakusten digute behar bereziak dituzten ikasleek, sostengua eta laguntza izan arren, gainerako ikasleek baino aukera txikiagoa izaten dutela maiz arrakastarako.
ELGAn (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) nintzelarik, sostengurako egitasmoek laguntza eskaintzeko zuten gaitasuna aztertu nuen. Inkesta bat egin nien behar bereziak zituzten 600-700 ikasleri, eta % 32k soilik erantzun zuen sostengu horiek gainerako ikasleen modura ikasteko aukera ematen zietela. Beraz, laguntza horrek ez zituen berdintasun egoeran kokatzen. Pedagogia praktikak egokitu genituen, baina ez genuen galdetzen ea ikasleek aldaketa horiekin berdintasun egoera bizi zuten ala ez, eta oso garrantzitsua da hori galdetzea.
Parte hartzea ezin dugu banandu parte izatetik. Behar bereziak dituzten ikasleek aukera izan behar dute gainerako ikasleak bezala sentitzeko
Irisgarritasunari dagokionez, ingurune pedagogikoetan jokoan dagoena ez da ikaslea zerbait egiteko gai bihurtzea, ikaslea bere burua ikasle izateko gai sentitzera bultzatzea baizik. Ingurune irisgarriak eraikitzea ikasleari bere burua ikasle gisa sentitzeko aukera ematea da. Ahalduntze edo gaitze hori hiru dimentsiotan gauzatu daiteke:
1. Gaitze akademikoa. Ikasleei aukera emango die gai direla sentitzeko. Inkesta bat egin nien ikasleei, kolegiotik lizeora pasatzeko unean. Galdera batzuek ez zuten zentzurik premia bereziak zituzten ikasle batzuentzat, zeren oso emaitza akademiko onak zituzten kolegioan, eta beste ikasle batzuek haiek baino zailtasun handiagoak izaten zituzten, beharbada. Esan dezakegu halako testuinguru batean bizirautea lortu zutela.
2. Gaitze soziala. Horri esker, norbanakoak talde horretako kide dela pentsatuko du.
3. Identitateari dagokion gaitzea. Nola ematen diogun aukera ikasleari besteak bezalakoa dela sentitzeko eta bere burua ezindu gisa ez ikusteko. Hau da, zer egin, ikasle bat testuinguru berezi batean gai senti dadin. Hezkuntza politikek hori guztia baldintzatuko dute: ikasleek zailtasunak dituztenean eta horrek irisgarritasunarekin zerikusia duenean, zailtasunak agertuko dira ikastetxeetan. Behar bereziak, lehenik eta behin, ikastetxean ageri dira, eta hor egin behar zaie aurre.
Salamancako adierazpenak oso ongi adierazi zuen aurreiritzien aurka borrokatu beharra zegoela, eskola inklusioak ikasle guztiei elkarrekin ikasteko aukera emateko; baina, gaur egun, arreta gutxi eskaintzen diegu kontu horiei. Herrialde batzuek ez dute behar bereziak dituzten ikasleei buruzko datu estatistikorik bildu nahi izaten, horrek ikasle horiek estigmatizatuko lituzkeela pentsatuz; baina, ikaslea sozialki ikusgarria izan dadin, ez da nahikoa hura eskolan kokatzea. Etsipenerako leku bilakatu dezake horrek eskola, eta diskriminazioa eta iseka gerta daitezke. Askotan, eskolako baldintzak ez dira onargarriak, eta, halakoetan, hobe litzateke hainbat ikasle egitura berezietara joatea.
Parte hartzeko aukera
Eskola batek, irisgarria izateko, parte hartzeko aukera eman behar die ikasleei, parte hartuz besteen modura sentitzeko aukera dugulako. Parte hartzearekin batera, ikusia izatearen garrantzia azpimarratuko nuke. Lehenik eta behin, nork bere burua ikasle gisa ikustea. Ikasleak aukera izan beharko luke eskolako kide izateko, zeren ikaskideek ez dute ikasle gisa ikusiko, eskolara joateagatik eta hango bizitzan parte hartzeagatik soilik.
Garai batean, behar bereziak zituen gazte batekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta hark esaten zuen gainerakoek ikaskide gisa ikusten zutela, baina ñabardura batzuekin. Ikaskideek eskailerak jaisten lagundu behar izaten zioten, adibidez, eta agerian uzten zuen horrek haren elbarritasuna. Adibide horrek erakusten digu ezin dugula ikasle hori ikaskide gisa ikusi, testuinguruak ez badigu besteekin bezala jokatzeko aukerarik ematen.

Parte hartzea ezin dugu banandu parte izatetik. Behar bereziak dituzten ikasleek aukera izan behar dute gainerako ikasleak bezala sentitzeko. Laguntza arlo pedagogikoan zentratzen da, baina oso gutxi begiratzen dio arlo sozialari, normalean.
Ikasleari besteak bezain errespetagarri izatea ahalbidetu behar diogu. Gogoa higatzen dute isekek eta bazterketak, eta, gai ez direla entzuten dutenean edo oztopoekin topo egiten dutenean, eskolan lekurik ez dutela barneratzen dute. Ikasle batzuek edo familia batzuek ezinduak direla esaten dute, ez baita murruen beharrik ikasleak ixteko; ez dago nork bere burua ixtea eta ditugun oztopoak normaltzat hartzea baino itxiera larriagorik. Beraz, parte izateko eta besteekin berdintasun egoeran egoteko aukera eman behar diegu. Eskolara joateko eskubidea ematen zaie, eta eskubide horrek zentzua izan behar du; ez du diskriminazio iturri izan behar, eta ez du ilusioa galtzearen sinonimo izan behar. Diskriminazio iturri bada, gurasoek nahiago izango dute seme-alabak egitura berezituetan sartu.
Beraz, erronka handia da parte hartzea, eta pentsatu behar dugu nola lagunduko diegun gaitasun desberdinak dituzten ikasle horiei praktika pedagogikoen bidez eta antolamenduaren bidez, eta nola emango diegun gainerakoek ekiteko duten gaitasun bera.
Engaiamenduaren garrantzia
Inklusioak badu beste ezaugarri bat: ikasleak ikastea nahi du, prozesuetan benetan engaia dadila nahi du, eta beste erronka bat da hori. Irisgarritasunaren eginkizuna parte hartzeko gogoa bermatzea da, eta horrek esan nahi du jardueren gaineko gogoeta egin behar dugula, ikasleek engaiatzeko aukera izan dezaten.
Zer forma hartuko ditu engaiatzeko aukerak? Iritzia galdetzea, gogoetan parte hartzeko eskatzea, ikasleak bere burua koeraikitzaile gisa ikustea… Elementu garrantzitsuak dira horiek guztiak, eta, horien arabera, ikasleek gehiago edo gutxiago engaiatu nahiko dute. Engaiatuko dira, eta beren burua ikasten duen pertsona gisa ikusiko dute, horretarako lekua ematen badiegu. Eta parte hartzeko gogoa elikatuko dute engaiatzeko moduek.
Ikasleari proposatzen dizkiogun engaiatzeko aukeren bidez, segurtasun puntu batzuk lortuko ditu, eta horietan oinarrituko da engaiamenduari zentzua aurkitzeko; baina ongi pentsatu behar dugu nola emango dizkiogun behar dituen baliabideak, ikasten duen pertsona gisa ekiteko eta testuinguruari egokitzeko. Eta kontuan izan behar dugu eskolan lasai, ongi eta eroso sentituko dela ikaslea, onartzen badugu.
Beraz, irisgarritasunaren printzipioaren arabera, ikasleei ez diegu gehiegizko ardurarik eman behar, eta, horretarako, zereginak berdintasunean egiteko aukera eman behar diegu. Bestalde, ikasleari ikusgarritasun soziala nola ematen diogun eta engaiatzen eta ekiten nola uzten diogun ikusi behar dugu. Eskola irisgarria izateak ez du esan nahi ikasleen zerbitzura egongo denik; eskola sistemaren irisgarritasunari buruz pentsatzean, eskolako eraikinek testuingurua irisgarri bilakatzeko zer baliabide dituzten pentsatu behar dugu.
Eskolara joateko eskubidea ematen zaie, eta eskubide horrek zentzua izan behar du; ez du diskriminazio iturri izan behar, eta ez du ilusioa galtzearen sinonimo izan behar
Hortaz, eskolaren irisgarritasunari buruz hausnartzean, ongi pentsatu behar dugu ikasleentzat irisgarriak diren inguruneak nola eraiki daitezkeen; baina pentsatu behar dugu, baita ere, politika publikoek eskolako eragileei nola laguntzen dieten eta nola eragiten duten ingurune horiek irisgarri bilakatzeko. Irisgarritasun unibertsala lortu behar dugu; hori da helburu nagusia, eta eskola inklusiboa aipatu behar dugu: ikasleak hiritar gisa prestatzeko helburua du horrek, eta ikasle guztien arrakasta du xede.
Irisgarritasun unibertsala erabat lotuta dago sistema antolatzeko moduarekin. Irisgarritasun unibertsalak ez du esan nahi eskola ikasle guztien aniztasunari egokituta dagoenik. Eskola batean, hainbat arau daude, eta antolaketa jakin bat inposatzen zaigu; kudeaketarako malgutasuna kentzen digu horrek, eta zailtasunak izan ditzakegu testuinguru horretara egokitzeko. Ez dira berdinak erakundeen erritmoak eta eskolakoak. Nahiz eta eskolek irisgarritasun unibertsala izan, ez zaizkio pertsona bakoitzari egokitzen, eta, beraz, irisgarritasun unibertsalaren osagai gisa, interesgarria da pentsatzea nola lagundu diezaiekegun ikastetxeei irisgarritasuna beren jardueretan txertatzen. Ikasleek behar dituzten laguntzak identifikatu beharko ditugu, eta garrantzitsua izango da praktika pedagogiko askotarikoak antolatzea edota antolamendua kontuan izatea. Horri esker, talde pedagogikoek gaitasuna izango dute erantzun egokiak aurkitzeko. Dena den, ikaslea berdintasunean aritu dadin eskolak eman diezaiokeen laguntza ez da aski, eta esku-hartzeak osasun arloko laguntza ere eskatzen du.
Eskolako ingurunearen irisgarritasuna ezinbesteko baldintza da, ikasketa sisteman performantzia eta ekitatea uztartzeko. Herritar gisa ekiteko ahala eman behar die eskolak ikasleei, arrakasta izan dezaten. Sistemak ez du bikaintasuna gutxiengo baten helburu gisa finkatu behar: denentzako helburu izan behar du.