Gotzon Barandiaran Arteaga  | Idazlea

Kazetari heldu gipuzkoarrak Natxo de Felipe Oskorriko kideari aurpegiratu zion Marijane kanta zan diskako berbak ulergaitzak egingo zitzaizkiela umeei lapurterazkoak zirelako. Natxok bikainki erantzun zion umeek ez zutela ezelango arazorik ulertzeko, ez baitute helduok dena uler-tzeko dugun premia. Helduon irudimen ezak izugarri kamustu lezake haurraren fantasiarako gaitasuna. Ikaragarria da zein zentsore bihurtzen garen, oharkabean bada ere, itzela zelan kimatzen dugun umeek izarrik amets egiteko izan dezketen joera. Dena arrazionalki azaltzea dugu beti xede, dena helduon begiotatik ikusiarazi, mundua geure hiztegitik kontatu, imaginariotik ulertarazi beharra. Nabaria da hori ahozko literaturan. XIX eta XX. mendean baserriz baserri ahozko kondagintza biltzen aritu ziren erlijioari atxekitutako batek baino gehiagok zentsuratu egin zituzten fantasiazko egitzat zituzten narrazioak. Arrazionalki logika bako ipuinak moldatu egin zituzten moral kristauarentzat onartezinak zirenak eta desitxuratzen ez zituztenak, portaera okerren, jokabide desegokien adibide-
tzat manipulatzen zituzten. Zoritxarrez sano gaitza izango zaigu kontakizun haien jatorrizko bertsioak ezagutzea. Zentsurak baditu milaka aurpegi. Haur eta gazte literatura hizkuntz gaitasunaren arabera sailkatzeko dugun ohitura hausnartu beharko genukeela iruditzen zait. Ipuin hau zaila da, poema hori gatxa, antzezlan hura maila jasoegikoa. Sorkuntza irakaspenerako da? Zelan irakurtzen da koadro bat? Bekokia berdin ilundu behar dugu guztiok haserre gaudenean? Eskultura berbera gorpuztuko dute esku ezberdinek?  

Lau urteko umeari argitaletxeak seitik gorakoen-tzat oharrarazitako liburua zaio laket: Piztiak bizi diren lekuan. Ez ditu ipuineko berba guztiak uler-tzen, ezezagunak zaizkio esamolde aunitz. Berdin dio, ez du lazgarrik zer esan gura duen galdetzen, bost axola zaio majia-potajia hozkidetasunetik sortutako esamoldea den. Maxek piztiei gedar zelan egiten dien nabarmentzen digu, zezenaren burua eta pertsonaren oinak dituela batek, lehoiaren gorputza eta akerraren adarrak besteak. Ez daki hitzez azaltzen zergatik gura duen gauero lotarako irakurgarri. Laket zaio.  
Zerribarne dinosauruari gertatutakoa kontatzen errima erabili zuen Koldo Izagirre itzultzaileak. Umeak ez daki errima zer den, ez ditu bertsolaritzaren oinarrizko arauak ezagutzen. Baina buruz ikasten ditu, bere ahotsean entzuteak harro sentiarazten duela dirudi, ipuineko protagonista bailitzan errepikatzen du:  

“Haiek ziren aldarriak, 
haiek ziren kantuak! 
Haiek gero kontuak! 
Prakak zitzaizkion erori 
beldur gorriz Zerribarnei! “  

“Ni naizela Zerribarne, 
urdeen lehendakari, 
odolki-sukaldari! 
Munduan nahi bada lege, 
nik behar nuke, nik, errege!

Amets egiteko ipuinak deritzon bilduma abiarazi zuten elkarlanean Galiziako Kalandrakak eta Euskal Herriko Pamielak XX. mendearen azken hamarkadan. Ez zioten bildumaren goiburuari traiziorik egin. Irakaspenari ihes egiten dioten kontakizunak dira. Ezinezkoa lortzen dituzten pertsonaiez beteak, utopiak gauzaten dituzten heroi anonimoez gainezka, helduontzako absurdu dena umeentzako zirraragarri bihurtzen dute kontakizunok. Arestian aipatu Koldo Izagirre aritu zen kontakizunok euskarara itzultzen eta narrazioan ere, berben hautuan ere, arrazoiari baino irudimenari eman zion garrantzia. Gozamena zaie umeei batua estandarretik abiaturik euskalkietako lexiko zein esakera anitzetara doan kontagintza. Olgeta da eurentzat ipuina erriman oinarrituta entzutea, kontatzen beste kantatzen aditzea. Istorioek ez dute hari logikorik, ez argudio sendorik, hain gutxi tramarik. Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa ezagutu duten lehen detektibea dela ohartuko dira guraso direnean, dortoka dela denik eta animaliarik indartsuena bere gainean elefantea, jirafa, zebra, lehoia, lukia, tximinoa eta xagua zamatzeko gai delako Nola dastatu ilargia? erdiesten duten bitartean. Ihauterietan, Bizarbeltz kapitaina izatea beste desiorik ez du piratak zergatik mireste dituen ere ez dakien ttikiak.  

Eta hitzen esanahi ezkutuaz gain, ilustrazioek liluratzen dute irakurle hasiberria. Kalandraka-Pamielaren bilduman sano gutxi dira errepikatzen diren ilustrazioak. Ipuin bat ilustratzeko dagozkeen era ezberdin bezain ugariak dakartzate. Etxea, otsoa, neska, hartza, lapurra, amama, munstroa, gizona… nork bere gisara ikusten dituela iradokitzen diote irakurleari, ez dagoela dena berdin sentitu beharrik.  

Aspaldion, euskaraz argitaratzen duten argitaletxeek bide horretatik jo dutela esango nuke. Irakaspenetik ihesi, umeak irudimenetik elikatzeko hautua egin dutela. Bejondeiela, haur hezkuntzan dena dantza, dena kanta, dena margotzea izatetik, bat-batean sorkuntza ikasketa moduetatik erabat erauzi eta elbarri bihurtzen gaituen hezkuntzak, irudimenik, ametsik eta utopiarik bako jendartea eraikiko baitigu.