Erditzea bizipen gordina izan zen Josune Muñoz eta Ainara Lagunarentzat. Esperientziak desberdinak izan arren, biek uste dute eragina izan zuela erditzearen inguruan dagoen informazio faltak, edo, zehazki, informazioa isilarazteko joerak.
Jakineko kontua da erditzea ez dela esperientzia samurra, eta mina bizipenaren parte dela. Hala ere, esperientzia positibo eta polit gisa aurkezten zaigu gehienetan. Badira, ordea, bizipen hori “txarra” izan dela aitortzen duten emakumeak, inolako apaindurarik jarri gabe hitzari: zenbaitetan, medikuen aldetik gehiegizko esku-hartzea jasan dutelako, eta beraien erditzean ahotsik ez duen ikusle soil sentitu direlako; beste zenbaitetan, aldiz, fisikoki eta psikologikoki ez zirelako prest aurkitu. Desberdinak izan arren, bizipen horietan badira errepikatu ohi diren faktoreak: batetik, kostatu egiten da erditzea “txarra” izan zela aitortzea, ez baita hori jendartean onartuta daukagun ideia; bestetik, bizipen horrek arrastoak utzi ohi ditu; eta, azkenik, informazioa falta zitzaiela sentitu dute erditzen ari ziren emakumeek.
Hain zuzen, erditzea bizipen polit gisa aurkeztea helburu duen Isiltasunaren Legea ikusten du informazio falta horren atzean Josune Muñoz bilbotarrak, baina zergatik eta zertarako? “Garai batean kotzienteki eginiko ituna izango da, gaur egun inkontzienteki iraunarazten dena. Uste dut erditzearen idealizazio bat dagoela, amatasuna sustatzeko”, dio Muñozek, eta ez zaio estrategia egokia iruditzen: “Beti defendatu izan dut emakumeek ezagutu egin behar dituztela erditze batean gerta daitezkeen izugarrikeria guztiak. Horrek ez digu ama izateko gogorik kentzen; alderantziz, zer gerta daitekeen jakiteak erditzerako prestatzen gaitu”.
Muñozen familian, adibidez, “itun bat zegoen, eta eutsi behar zioten: ‘ez dizugu dena kontatuko, ez zaitugu beldurtuko, bestela agian ez baituzu haurrik izango, eta hori da emakume batentzat munduko gauzarik zoragarriena. Gainera, nork daki sakonean zure oroitzapenak eta bizipenak ez ote dauden esajeratuta? Inork ez badu halakorik kontatzen eta zuk kontatzen baduzu, esajeratzen ari zarela pentsatuko dute’. Eta modu horretan betikotzen da ituna, horrela iraunarazten da Isiltasunaren Legea. Nola liteke, bestela, inork ez kontatzea erditze bat hain bortitza izan daitekeenik?”.
Familiako emakume guztiek izan zuten bere aurretik giltzurrunetako erditzea deitzen dena; oso erditze mingarriak eta luzeak izan ohi dira, eta, iruditeria tradizionalak iradokitzen duenaren kontra, uzkurdurek ez dute sabelalden egiten min, gerrialdean edo bizkarrean baizik. Josunek, ordea, ez zekien familian erditzeak horrelakoak izaten zirenik. “Nik ez nekien erditzea gerrialdean bizi zitekeenik, uste nuen sabelean izan behar nuela min, ‘zer erditze demontre da hau?’, pentsatzen nuen”. Eta isiltasunaren legeak dakarren informazio-faltaren ondorioz, ezin izan zuen bere burua prestatu “psikologikoki eta fisikoki” erditzean bizi izan zuen esperientzia “bortitz” hartarako.
Ainara Lagunak ere hein batean informazio-faltarekin lotzen du erditzean izandako esperientzia txarra. “Informazio faltarena izugarria izan zen. Niri esaten zidaten likido amniotikoa sartu egin behar zidatela, eta beharrezkoa bada, nik ez dut ezetzik esango, ez bainuen ulertu ere egiten zertaz ari zitzaizkidan hitz egiten”. Indarkeria obstetrikoa jasan zuen Lagunak, eta kulpa sentsazio handia utzi dio erditzean egoera hura onartu izanak: “Zergatik onartu nuen hori? Kulpa sentitzen dut: dena ondo atera zen, baina desastre hutsa izan zitekeen”. Izan ere, isiltasunaren legearekin batera, beste errudun bat ere topatu dute egoera horietarako: ez kexatzeko, gogorrak izateko eta eusteko esaten duen ikasgai hori, gure kulturan eta, bereziki, emakumeen artean oso errotuta dagoen kontua, hain zuen.
Nork hartzen du egoeraren kontrola?
Lagunak gradu altuko endometriosia dauka, eta ebakuntza gogorrak izan ditu, gaztetatik. Haurdunaldiaren hasieran hitzartutako zesarea egin beharko ziotela esan arren, azkenean apirilaren 10 batean ospitalera joan behar izan zuen erditzea eragiteko, bederatzi hilabeteak ondo beteta baitzituen eta, gainera, likido amniotikoz eskas zebilen nonbait. Ostiral santu eguna zen apirilaren 10 hura, ospitaleetan ohikoa baino langile gutxiago eta zalaparta gehiago dagoen data horietako bat.
Ospitalera iristean jada erditzen hasia zela esan zioten eta dilatazioa eragiteko eta azkartzeko medikazioa jarri zioten, oxitozina delakoa, ez baitzen “ondo dilatatzen” ari. Gainera, likido amniotiko gutxi zuela eta, albo batera begira etzanarazi eta geldirik egoteko agindu zioten. “Nik min handia jasan dezaket, pasatu ditudan operazio eta gorabehera guztiekin minaren-ataria oso altua daukat, baina une batean jasanezina bilakatu zen egoera: izugarrizko mina nuen, baina ez nintzen dilatatzen ari, eta, gainera, albotara etzanda egon behar nuenez, lokartzen ari zitzaidan gorputzaren alde bat”. Orduek aurrera egin ahala, egoera gordintzen joan zen. Gauerdia pasatuta, bigarren medikua zenari honakoa entzun zion: “Deitu Ainararen familiari. Hori ez doa aurrera, asko ari dira sufritzen eta zesarea bat egin beharko diogu”. Jarraian, eztabaida betean ikusi zituen lehen medikua eta bigarren medikua, “eztabaida nahiko gogorrean”.
Eta, halako batean, are gehiago okertu zitzaion egoera: “Erizain bat etorri zitzaidan, eskuan kuxin bat hartuta. Ea zertarako zen galdetu nion, eta erantzunak zur eta lur utzi ninduen: hortzaka egiteko zela esan zidan, min egingo zidatela-eta”. Ondoan agertu zitzaion zesarea egitearen alde zegoen medikua, eta honela esan zion: “Lehenengo eta behin, barkamena eskatu behar dizut, astakeria bat baita egin behar dizuguna, baina hala erabaki dute: kateter bat sartu behar dizugu, kateter horren bidez likido amniotiko gehiago sartzeko”. Ondoren hainbat ginekologorekin hitz egin du honetaz, eta haietako inork ez zuen inoiz entzuna kateter bidez likido gehiago sartzearen kontua. Egoera horren aurrean, Lagunak zesarea bat egiteko eskatu zuen, bederatzi hilabeteak pasatuta baitzeuden eta, beraz, umea osatuta; gainera, ezin zuen burutik kendu medikuari entzundakoa: haurra sufritzen ari zen, eta horren ondorioen beldur zen.
Baina ez zuten aintzat hartu Lagunaren eskaera eta, min eta uzkurtze handien artean, kateter bidez likidoa sartzeari ekin zioten. Bizpahiru aldiz errepikatu zuten ariketa, gau luze hartan zehar, Lagunak zesarea eskatzen jarraitzen zuen bitartean. Larunbat eguerdian, 21 ordu eta gero, Lagunak behea jo zuen. Erizain bat hurbildu zitzaion une hartan: “Eskutik heldu eta isil-isilik esan zidan: ‘Zesarea nahi duzu? Ba hasi zaitez beste modu batera eskatzen’. Ulertu nuen lagundu nahi ninduela eta egoeraren kontrola hartzera animatzen ninduela. Haserretu nintzen, oihukatu nuen... baina alferrik, lehen medikuak ez zuen zesarearik nahi”.
Hala, medikuak umeari esfortzu proba egitean erabaki zuen, erditzerako indarrez ote zegoen ikusteko... eta bat-batean sendagile eta erizainak korrika ikusi zituen: presazko zesarea bat egin behar izan zioten eta haurra pediatrek artatu zuten berehala. “Gelara joan ginen, ekarri zidaten umea, eta nik ez nuen ondo ikusten haur hura, espasmoak zituen. Medikua eskatu nuen eta modu txarrean lasaitzeko esan zidaten, ohikoa zela hura. Erditze guztian ez bezala, hor bai, hor beharrezkoa zen guztia haserretu eta oihukatu nuen: orain arte jasan dut dena, baina bukatu da, orain nik hartzen ditut erabakiak”. Azkenean lortu zuen egoeraren kontrola hartzea. Hainbat probaren ondoren, ikusi zuten umea oso ahul, indarrik gabe zegoela: astebete egon zen haurra ondoren ospitaleratuta, erditzean jasandakotik errekuperatzen.
Josune Muñozek argi du Lagunaren egoera “eromen hutsa, zentzugabekeria” dela: “Nire erditzearen bizipenak lagundu zidan luzera begira nire hausnarketa feministetan sakontzen. Askeago sentitu nintzen esperientzia honi dagokion eduki politikoa eman ahal izan nionean. Gu erditu garen garaian zientzia eta medikuntza aurreratu direnarekin, ez dugu zertan horrelakorik jasan beharrik. Ainarak ez zukeen zertan esperientzia mediku hori jasan beharrik, eta nik ez nuen zertan bizipen psikologiko hori jasan beharrik”.
Ezjakintasunak markatuta
Muñozen bizipena oso bestelakoa izan zen; “etxean erditzeko zortea izan nuen, eta eskerrak horri. Nire erditzea txarra izan zen, bereziki mingarria izan zelako”. Izan ere, hasieran aipatu bezala, Josunek giltzurrunetako erditzea deitzen dena izan zuen; bereziki luzeak eta mingarriak izaten diren erditzeak. Haurdunaldi guztia erditzerako prestatzen pasatu zuen, etxean erditzeko psikologikoki ere indartsu egoteko, baina ez zuen aukerarik izan giltzurrunetako erditze baterako prestatzeko... ez zekielako zer zen hori eta ez zekielako bere familiako emakumeen artean ohikoak zirenik gisa horretako erditzeak. Isiltasunaren legea indarrean.
“Izan nuen aztarna bat: nire ahizparen erditzea. Oso-oso erditze luzea izan zuen, eta nonbait oso gogorra, ospitalera bisitatzera joan ginenean morea baitzegoen! Inpresio handia egin zigun bera egoera hartan ikusteak. Laguntza behar ote zuen galdetu nion eta ‘ez, alde hemendik’ erantzun zidan; berehala ulertu nuen zerbait oso gogorra bizi izan zuela”, dio Josunek. Ahizpak, ordea, ez zion hitz egin bere bizipenaz, eta Muñozek ulertu egiten du, “mundu guztiak begiratzen baitizu esanez ‘bai, nik ere pasatu dut, ez da hainbesterainokoa izango’. Azpimarratu nahi dut erditze txar batek zenbateraino egiten gaituen zaurgarri, hauskor”.
Iritsi zen erditzeko eguna, eta Muñoz “oso lasai” zegoen, konfiantza osoa zuen emaginarengan eta asko prestatu zen erditzerako. Baina “egoera harekin topatu nintzen, inolako erremintarik gabe: erditzerako prestatu egin nintzen eta, beraz, jakin izan banu familian guztiek horrelako erditzeak zituztela, bereziki prestatuko nintzatekeen: masajeak, olioak... badaude baliabideak”. Izan ere, “gerrialdean hasi eta bizkarrezurretik barrena hortzetaraino” iristen zen mina: “Sinestezina zen. Lurrean nengoen minez, defentsa-mekanismo psikologiko guztiak birrinduta: ezin nuen ulertu zer ari zen gertatzen. Erditzeak aurrera egin ahala, konortea galtzen nuen, minaren minez. Eta ni, Ainara bezala, eusten, hori irakatsi baitigute: isil-isilik jasan behar dugula dena, euskaldun estilora. Ez da kasualitatea Ainara eta biok hain muturreko bizipenak izatea, badago herentzia kultural bat kodifikatzen gaituena sufrimenduari eusteko.”
Distantziak eta kulpak
Bizipenak biei utzi dizkie arrastoak, gaurdaino iristen direnak. Eta, bizipenak oso desberdinak izan baziren ere, antzekoak dira ondorio horiek biengan: distantziaz eta errudun sentitzeaz mintzo dira biak.
Muñozek, adibidez, erditze txar horren ondoren urte eta erdiko depresio luzea izan zuen; laguntza profesionala eta terapia behar izan zuen egoerari buelta emateko: “Shock egoeran gelditu nintzen erditzean, eta ondoren dena asko kostatzen zitzaidan. Eta, noski, ni ere errudun sentitu nintzen: hain inpresionatuta egoteagatik, ez erreakzionatzeagatik... Pasatu nuena pasa arren pozik egon behar nuen, baina ez nintzen horrela sentitzen. Horregatik errudun sentitzen nintzen”. Lagunak ere “kulpa sentsazio izugarria” bizi izan zuen, “umeari pasatuarazi nion guztiagatik.” Izan ere, uste du ez zuela baimendu behar egoera hura, “baina onartu egin nuen ‘ez kexatu, aguantatu behar duzu’ pentsatuz. Konturatzen zara agian kexatu egin behar zarela eta esan behar duzula kitto, ez duzula horrelakorik onartuko”.
Baina, gainera, kulparekin batera, beste sentsazio bat harilkatu zitzaien: distantzia. Muñozek uste du ondoren semearekin izan duen harremana ere baldintzatu zuela erditze txar hark. Haurrarekiko, edo haurrarekin, nolabaiteko distantzia sortu zitzaien biei. Izan ere, Muñozen hitzetan, “gordinegia da bizipena bai haurrari bai neuri ondoriorik ez utzi izateko”. Beldurra ere aipatzen du Muñozek erditzearen ondorengo urratsak ematean. Izan ere, erditzearekin loturiko informazioa ezkutatu baitzioten, zer gehiago ezkutatzen zioten? Zer ezustekori egin behar zien aurre oraindik? “Beldurrarekin bizi nituen hurrengo urratsak”, aitortzen du.
Eta gero, zer?
Urteak pasatu dira bai Muñoz bai Laguna erditu zirela, eta, arrastoek hor dirauten arren, biek ere hoberako ibilbidea egin dute harrez gero. Nola egin aurrera, ordea, shock, kulpa, distantzia eta beldur artean? Gertatu denaz hitz egiteak lagundu egin die biei, gertatutakoa kontatzen hasteko denbora behar izan badute ere. Isiltasunaren legea hausteak, alegia.
Hain zuzen ere, gainerako emakumeei erditzera begira lagungarria izan daitekelakoan kontatu dute beraien bizipena orain. Izan ere, Josuneren ustez “ez balego isiltasunaren lege hau” emakumeek beraien artean normaltasunez hitz egingo lukete erditzeez, “eta elkarri kontatuko genioke ‘aizu, kateterra sartu behar dizutela esaten badizute, zuk esan ezetz, horrek ez du ezertarako balio-eta’, baina hori ez da gertatzen.”
Bada, bide horretatik, isiltasunaren lege hori hautsi eta erdituko diren emakumeei gomendioren bat emateko eskatu die HAZI HEZIk. Bizipenak bezala, gomendioak ere desberdinak dira. “Ez dezatela beldurrik izan kexatzeko, eskatzeko, oihu egiteko. Gainerakoek esan arren eusteko, berari iruditzen bazaio egoera hori muturrekoa dela, kexatzeko, ez daukala zertan hori jasanik”, dio Lagunak.
Muñozek aldiz, gomendatzen du ikertzeko familian nolako erditzeak izan diren, “eta etxean erditu behar badira, ez idealizatzeko erditzea. Argi dago ni Ainara baino baldintza hobeetan erditu nintzela, baina inork ez zidan minik kendu. Erditze naturala horixe bera da, mina bete-betean. Hori kontuan izan dezatela eta jakin erditze batzuetan minez konortea galdu dezakezula. Eta kexa daitezela, har dezatela egoeraren kontrola”.