Ispiluak bueltatzen digun irudia ez dugu beti gustuko izaten. Bada, ordea, pareko irudia erabat desitxuratuta ikusten duenik, eta horixe izan liteke elikadura portaeraren nahasmenduaren hazia. Jokaera horiek nerabezaroan agertzen dira batik bat, eta garrantzitsua da prebentziorako neurriak hartzea.
Silvia Garcia Gorputz Hezkuntzako irakaslea da LHn eta DBHn. Elikadura portaeraren nahasmenduak. DBHko 2. mailako esku-hartze gida izeneko lana egin zuen Master Amaierako Lan gisa, eta lan horretan ateratako ondorio nagusiei buruz aritu gara harekin.
Nerabeen artean, oso ohikoak al dira elikadura portaeraren nahasmenduak?
Uste baino ohikoagoak eta arruntagoak dira. Nahasmendu horiek ez dira soilik fisikoki agertzen; karga psikologiko handia dute, eta, gehienetan, ez da kontuan hartzen alderdi hori.
Zein dira elikadura nahasmendu motak?
Elikadura nahasmenduak, bereziki, hiru multzotan banatzen dira: anorexia nerbiosoa, bulimia nerbiosoa eta zehaztu gabeko elikadura portaeraren nahasmenduak.
Zer ezaugarri izaten dituzte?
Anorexia nerbiosoa nahasmendu gisa definitzen da, eta, kasu horietan, pertsonak uko egiten dio AHALDUNTZE ESKOLA normaltzat hartzen den gutxieneko pisua mantentzeari. Pisu handia izateko beldur handia dute, eta euren gorputzaren eta gorputzaren formaren interpretazio okerra egiten dute. Bulimia nerbiosoa, berriz, betekada errepikakor gisa definitzen da. Denbora laburrean elikagai ugari jaten dituzte, isilpean normalean. Ondoren, konpentsazio jokabide desegokiak izaten dira, formaren pertzepzioa eta gorputzaren pisua aldatzearekin batera.
Nesken artean zabalduago zeuden garai batean nahasmendu mota horiek, eta, askotan, emakumeen kontu gisa hartu izan dira; baina mutilei ere eragiten die, ezta?
Oro har emakumeei lotutako nahasmendua dela uste bada ere, funtsezkoa da ulertzea nahasmendu horiek ez direla aukeratzen, ez direla inolako kanonetan oinarritzen eta inor ez dagoela horietatik salbu, ez neskak, ez eta mutilak ere. Mutilen kasuan, guztia modu isilagoan gertatzen da. Azken batean, emakumeek erreferentziak izaten dituzte elikadura portaeraren nahasmenduak dituzten emakumeen artean, baina, gizonen kasuan, ez da horrela gertatzen, gizon askok ez baitute horri buruz hitz egiten.
Gaurkotasun handiko gaia da, zabaldua dagoena, baina nahikoa lantzen al da ikasgeletan?
Ez. Argi eta garbi esan behar da ezetz. Ikasgelan, ez da lantzen, eta, hik hasi I 279. zenbakia. 2023ko ekaina I 35 lantzen bada, ez da nahikoa lantzen. Gai garrantzitsua da, eta ezinbestekoa da ikasleek horrelako nahasmenduen ondorioz sortu daitezkeen kalteez eta ondorioez jabetzea. Hori dela eta, ikastetxeek oso eginkizun garrantzitsua dute, eta prestakuntzako jarduerak egin ditzakete, ikasleek egoera horiei arrakastaz aurre egiteko trebetasun pertsonalak eskuratu ditzaten.
Hutsune horretatik abiatuta osatu zenuen DBHko 2. mailarako gida?
Bai, hutsune hori ikusita, eta baita gaur egun adin tarte horretan sare sozialek duten garrantzia ikusita ere. Portaera-aldaketa gehienak adin horretan, 13-14 urterekin, gertatzen dira, eta eskola gune aproposa da ikasleek bizimodu osasungarria izaten ikas dezaten eta elikadura arazoen prebentzioan lagunduko dieten faktoreak ezagut ditzaten. Izan ere, nerabezaroa beren etorkizuna markatuko duen aldaketa aldia da, eta, garai horretan, esperientzia berriak bilatzeko joera dute. Adin hori hautatzeko arrazoi nagusia hauxe izan zen: atzera begira jarrita, gustatuko zitzaidakeen nire ikastetxean gaiari buruz hitz egin izan bagenu, geure burua eta besteak ulertzeko eta elkarri laguntzeko aukera izateko.
Zer egin daiteke elikadura nahasmenduen prebentziorako?
Garrantzitsua da zer diren jakitea eta txorakeria hutsa ez direla ulertzea. Hortik aurrera, tresnak ematea eta autoestimua, gorputzarekiko jarrera positiboak, emozioak… lantzea ere garrantzitsua da.
Eta behin gertatzen direnean, nola jokatu behar da?
Garrantzitsua da familiaren eta profesionalen laguntza izatea. Nik uste dut garrantzitsuena dela ulertzea bakarka igaro ezin den prozesua dela, eta hor gaude gu, profesional gisa, bidean laguntzeko.
Zer egin dezakete irakasleek, hezkuntza arloko profesionalek, halako arazoen aurrean?
Lagundu, eskua eman eta bidea haiekin batera egin. Hori izango litzateke gakoa. Arazoa duen pertsona hori ez da inoiz bakarrik utzi behar; maitasun handia eman behar zaio, eta lagundu, entzun eta ulertu etengabe.