Autokontzeptua norberak bere buruari eta gorputzari buruz duen hautematea da, bere buruari ematen dion balioa. Nerabezaroan garrantzi handia hartzen duen alderdia da, etapa horretan norberak bere buruari buruz duen autokontzeptua jaisteko joera baitago. Arretaz zaindu beharreko alderdia da.

Zaldiko-maldikoarekin alderatu ohi da sarritan nerabezaroa, gorabehera eta aldaketa handiak dituen bizitzako etapa izaki. Besteak beste, autokontzeptuak indar handia hartzen du, hau da, norberak bere buruari eta gorputzari ematen dion balioak. Ikerketa ugarik azaldu dute autokontzeptua funtsezko alderdia dela nerabezaroan, bai buruko ongizaterako eta bai egokitzapen sozialerako.

Autokontzeptua ez da berezkoa eta jaiotzetikoa, pertsona bakoitza bere bizitzan zehar garatuz joaten da, eta bereziki bi alderdiren bitartez: batetik, norberak bizitzen dituen esperientziak eta haiei buruz egiten dituen balorazioak; eta bestetik, besteengandik jasotzen dituen iritziak eta balorazioak. Beraz, nortasunaren eraketa bizitza osoan zehar gauzatzen den prozesua da, baina nerabezaroan oso garrantzitsua bilakatzen da.

Maddi Berasategi psikologoak esperientzia handia du gazteekin eta nerabeekin eta norberak bere buruaz duen irudiak nortasunean eta autoestimuan eragina duela dio, Gandere EHUko ikerketa taldeari eskainitako Nerabezaroa, autokontzeptua eta generoaren sozializazioa elkarrizketan. “Autokontzeptua nerabeen garapeneko alderdi guztietan eragina duen kontzeptua da: nola erantzuten duten gelan, nola jokatzen duten, besoa altxatzeko eta galdetzeko gai diren edo ez, irakaslearen galderari erantzuteko gai diren edo ez... Norberak bere gaitasunetan duen konfiantza da autokontzeptua”.

Nerabezaroan urritu daitekeen konfiantza da, “eta horregatik ikusten da autokontzeptua jaitsi egiten dela nerabezaroan”, dio Berasategik. “Badaude horretarako arrazoiak. Izan ere, familiaren nukleotik gizartera eta lagunartera irteten hasten dira nerabeak eta hor datoz aldaketak. Orain arte, familian eraiki dute autokontzeptua, hau da, familiakoek eman dieten balorazioen gainean. Nerabezaroan, ordea, lagunen eta inguruaren iritziek eta esanek pisu handiagoa hartzen dute. Eta baita sare sozialetan proiektatzen duten irudiak eta haiek jasotzen dituzten like-ek ere”. Testuinguru horretan nerabeek zalantzak eta zailtasunak izaten dituzte, segurtasun falta, eta ohikoa izaten da autokontzeptua jaistea. “Gurasoekin lasai eta seguru sentitzen ziren moduan, orain, gizartean eta berdinen artean hainbat trebezia falta zaizkiela sentitzen dute, beste gaitasun batzuk behar dituztela eta ziurgabetasunak autokontzeptua jaistera eramaten ditu”.

Familiaren eremutik eremu sozialera pasatzean gauza asko aldatzen dira. “12-13 urterekin familiak esandakoak oraindik pisua izaten du. 15 urtetik, aurrera, ordea, lagunen esanek eta iritziek gero eta indar handiagoa hartzen dute. 15 urterekin arropa erosi eta amak ongi geratzen zaiola esaten baldin badio nerabe bati, eta aldiz, lagun batek ez zaiola ongi geratzen esaten baldin badio, lagunaren iritziari kasu gehiago egingo dio. Beraz, zenbat eta gehiago urrundu familiatik, orduan eta diferentzia handiagoa sortzen da bi eremuen artean eta orduan eta pisu handiagoa hartzen du besteek esaten dutenak”. Horri guztiari beste ñabardura bat gehitzen dio Berastegik: “Normalean etxekoen mezuak egokiak eta asertiboak izan ohi dira nerabeek onar ditzaten; lagunenak, ostera, erasokorragoak eta mingarriagoak izan daitezke. Eta horrek, zuzenean gehiago eragiten die”.

Autokontzeptuaren lanketa
Nerabeen autokontzeptua lantzeko hainbat esku-hartze egin daitezkeela dio Berastegik, “bai gurasoekin eta bai nerabeekin”. Gurasoekin egin ohi dituzten saioetan autokontzeptua zer den azaltzen diete eta nola landu daitekeen, eta hainbat ekintza proposatzen dizkiete etxean autokontzeptua lantzeko. “Nerabeekin egiten ditugun saioen erdietan autokontzeptua bera lantzen dugu: ‘nola ikusten dut neure burua’, ‘nola agertzen naiz besteen aurrean’, ‘zein pentsamendu negatibo ditut neure buruari buruz’, ispiluaren aurrean jarri eta gorputzaren atalak baloratzen joan... Eta beste saio erdietan autokontzeptua indartzeko trebeziak lantzen ditugu: komunikazio asertiboa, lagunak, zer da lagun ona izatea, esparru soziala... Arlo horiek ez dira norberarenak eta ezin dira maila indibidualean landu, erremintak behar dira besteekin moldatzeko, aritzeko, erlazionatzeko eta abar”.