Saroi Jauregi | Bertso gai-jartzailea
Semearen haurdun nengoela hartu nuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaritza (2010ean). Ordurako baneramatzan 10 urte GBEko zuzendaritzan eta gai-jartzaile taldean. Beraz, zenbat bertso-saio eta bileratan ez ote da izan Suhar dagoeneko! Gogoan dut Tolosako alkatearen bulegoan eman niola behin titia, Jokin Bildarratz alkate zela, harekin bilera genuela eta.
Aita bertsolaria eta ama gai-jar-tzailea eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria izanda, bi aukera zituen gizarajoak: bertsoak gorroto izatea edo bertsozale sutsu bihurtzea.
Neroni ere makina bat bertso en-tzundakoa naiz umetan. Auspoa bildumako liburuetako bertso zaharrak kantatuz lo harrarazten zigun aitak ahizpari eta bioi. Ahizpa bertsoak gorrotatzera iritsi zen. Ni, berriz, seko bertsozaletu. Nire aldera egin du semeak, eta ez izebaren aldera.
Dena dela, semeak ez zuen agertu bertsoekiko interes handirik harik eta 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia iritsi zen arte. Miren Amuriza oholtzan ia odolustu zen finalerdi gogoangarri hartan (sudurreko odol-jario amaigabe batek erasan zion) piztu zitzaion harra, Aitor Sarriegiren kulpaz (eskerrik asko, Aitor!).
Ez nuen lanik Iruñean, baina saioa entzutera joan nintzen. Semeak telebistaz entzun zituen saioko zati batzuk, eta Sarriegiren kartzelako hiru bertsoak eta azken agurra izan ziren haren bertso-zaletasunaren ernamuina. Behin eta berriz en-tzun genituen ondorengo egunetan, buruz ikasi arte.
Kartzelako gaia: Ezkutatu egin zara ikus ez zaitzaten.
Gustora nintzen kalean
hiru taberna igaro
eta eskuan basoa
hartu ditut zenbait trago
lagunekin berriketan
“Benga beste bat gehiago”
ia ez dakit zenbat baina
joan dira hamar bat ardo
ta bapatean sorpresa
ene nereak akabo!
Nagusia ikusi det
kalean pixka’t beherago
berez kaso egitea
besterik ezin itxaro
baina ezin estresagatik
baja hartuta bainago. (bis)
Kalean ikusi eta
pentsatu nire nibela
tabernaraino sartu naiz
oso azkar ahal zela
gauzak nahiago nukeen
irten balira bestela
baina bapatean hara
hor komunaren epela
eta barrura sartu naiz
delikuente bat bezela
tarteka begiratuaz
begiekin keinu bela
ta urduritzen hasi naiz
normala da dena dela
ikusi berri dedanez
komunera datorrela. (bis)
Zuei agian bai baina
neri ez dit egin grazi
aitzaki hobeak jartzen
beharko nuke ikasi.
Ez dakit egoera hau
ia nola iragazi
gauza onik ezin baitut
honetatik irabazi
ta aitzakiak pentsatzen
ere nazkatu naiz kasi.
Begiratu dit ta zuzen
“Aitor ze ari ote haiz hi!”
Gin-tonica bota diot
bere izotz eta guzi
ordaintzen duenerako
ez du besterik merezi! (bis)
Azken agurra:
Pankartak harritu egin nau
gezurrik ez det esango.
Egileei nola ez diet
esker berorik emango.
Lasai, Pirineotara
laster egingo det txango,
baina horren aurretik gaur
katalanen gisa mambo!
Ospatu beharra dago
Iruña zaharrean ondo,
estresik ez daukat baina
bai juergarako bi zango
eta nola nagusirik
tartean ez den izango
agian astelehenean
ez naiz lanera joango. (bis)
Eta, pixkanaka, bi urtean, bertso-eskolarainoko bidea egitera iritsi da. Momentu honetan, gehiago goza-tzen du berak sortzen besterenak entzuten baino. Jolasa da bertsoa berarentzat, eta ia oharkabean ikasi du silabak silabekin, oinak oinekin eta puntuak puntuekin josten. Eta euskara lantzeko eta aberasteko tresna bilakatu zaio bertsoa.
Tarte horretan, hamaika saiotan izan gara berarekin, eta beti ez da erraza izan saioak entzutea. Zazpi hilabete eskas zituela, Xilabako finalean izan ginen, Donibane Lohizunen, eta zortea izan genuen, lo pasatu bai-tzuen ia saio osoa. Atze-
atzean jarri ginen, irteeratik gertu, bertsolariei ahalik eta trabarik gutxiena egiteko eta, negarrez hasiz gero, lehenbailehen atera ahal izateko. Gerora, prestatuta joaten ginen, margoak eta paperak hartuta, aspertzen bazen ere. Eta gertatu izan zaigu aitak eta biok bertsoaldiak txandaka entzun behar izatea, biotako bat umearekin kanpoan geratuta.
Saio asko luzeegiak egiten zaizkio oraindik, baina gustura entzuten ditu bertsoaldi batzuk, eta ikasi du aspertzen denean ere egoten. Hori ere garrantzitsua baita.
Nolanahi ere, dena ez da bertsoa izan gure etxean. Saiatzen gara beste kultura-adierazpen batzuekin ere gozatzen, umearekin batera. Eta, bat aukeratzen hasita, etxe ingurura joko dut, auzo-herri batera, Atauna hain zuzen. Txundituta nauka ataundarrak, Joxe Miel Barandiaranen arrastoari segika, euskal mitologia lantzeko eta zabaltzeko egiten ari diren lanak. Gauza asko egiten dituzte bereziki haurrei eta familiei begira, eta horietako hiru zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izan dugu. Guztiz gomendagarriak iruditzen zaizkit hirurak: ipuin-kontaketak, Aralarko Ibilaldi Magikoa eta Gau Ibilaldi Mitologikoa. Jentilbaratza Kultura Elkarteak antolatzen ditu ekimenok, eta jentilbaratza.eus webgunean dute informazio guztia.
Ipuin-kontaketen saioa benetan da gozagarria. Marimunduko kontalari bikainaren eta pertsonaiak an-tzezten dituzten aktore trebeen bidez, belaunaldiz belaunaldi Euskal Herriko supazterretan kontatu izan diren ipuinak entzuteaz gain bizi-tzeko aukera izaten da, Torto benetakoa dela pentsatzeraino! Jantziak, osagarriak… dena da ederra, eta hizkuntza zer esanik ez! Luxu bat da horrelako euskara ederrean Marimunduko den bezalako kontalari bati istorio horiek entzutea. Ai horrelako eredu gehiago balituzte haurrek euskara lantzeko!
Zer esan Aralarko Ibilaldi Magikoaz? Olentzero eta Mari Domingiren bizilekuraino iritsi ginen Lizarrustiko pagadian barneratuta, eta jentilak, sorginak, Akerbeltz, Basajaun, Sanmartin Txiki… beren ingurunean ezagutu genituen, mendi-ibilaldixo bat egiten genuen bitartean, Lizarrustiko parketxetik abiatuta.
Azkena Gau Ibilaldi Mitologikoan izan gara, uztailean. Eta Joxe Miel Barandiaran bera ikusi genuen, bere etxean, liburu artean, sotana luzea jantzita, lanean… eta Patxi Errementariaren ipuin antzeztua ere ikusi ahal izan genuen, San Gregoriotik San Martinerako bidean, gauak egunari gain hartzen zion bitartean.
Haurrei euskal ipuin eta istorio zaharrak eta pertsonaia mitologikoak erakusteko modu ezin hobea da, eta, bide batez, auzolana eta herri baten lanerako grina erakusteko ere bai. Izan ere, Gau Ibilaldi Mitologikoan, adibidez, ia herri osoak parte hartzen du, aparkalekuetan laguntzen, agertokiak prestatzen, arropak josten, makilatzaile-lanetan, sukaldean… Guztiz gomendagarria, ume nahiz helduentzat.