Abian dira Zero zabor uretan kanpainaren 9. edizioko prestaketa lanak.

 

Abian dira Zero zabor uretan kanpainaren 9. edizioko prestaketa lanak. Oraingoan ere, gure kontsumo ohiturak aldatzeko gakoak emango dituzte, itsasoa behar den moduan zaindu dezagun.

 

Beste hainbat egitasmorekin batera, Zero zabor uretan kanpaina du abian Mater ontziak. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako kanpaina da, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi herritan ari dira gauzatzen. Kontsumo ohitura jasangarriak bultzatzea eta gizarteko eragileak inplikatzea du helburu.

 

Zertan datza Zero zabor uretan kanpaina?

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko zortzi herritan ari da gauzatzen: Bilbon, Portugaleten, Bermeon, Ondarroan, Mutrikun, Getarian, Hondarribian eta Pasaian. Udalerri horietan itsas hondakinei buruzko hausnarketa kolektiboa egitea da helburua, alde batetik, arazoaren garrantzia eta herritar gisa dugun inplikazioa mahai gainean jarriz, eta, bestetik, konponbideei erreparatuz. Hausnartu ondoren, herrietako eragileak ahaldundu nahi ditugu, itsas hondakinen arazoari aurre egiteko ekintzak eta sentsibilizazio jarduerak abia ditzaten.

 

Tokiko zer eragile ari dira elkarlanean?

Eskola komunitatea, udalak, eragile kulturalak, hedabideak eta saltokiak. Elkarren arteko kohesioa eta elkarlana sustatzen dituzten proposamenak egiten dizkiegu, eta haien ekarpenekin aberasten ditugu.

 

Hitz egin dezagun itsasoaren egoeraz. Nolakoa da Kantauri itsasoaren egoera, eta nola eragiten diote gure kontsumo ohiturek?

Gure kontsumo ohituren isla da Kantauri itsasoa. Kantauriar isurialdean, ibai asko itsasoratzen dira, eta, sortzen eta kontsumitzen dugun plastiko guztia birziklatzea ezinezkoa denez, itsasora eramaten dute haizeak edo urak, ezinbestean. Eta, jakina, kutsadura ozeanoetara iristen bada —plastikoen, mikroplastikoen edo nanoplastikoen bidez—, planeta osora zabalduko da uraren zikloaren bitartez. Jada ez da munduan txokorik mikroplastikorik edo nanoplastikorik ez duenik. Gure kontsumo moduak aldatu behar ditugu, oraingo eredua jasangaitza delako. Amildegiaren ertzean gaude.

 

Zein dira kontsumo ohitura horiek aldatzen hasteko gako nagusiak? Nondik hasi beharko genuke?

Arazoa ezagutu behar dugu, eta gure osasunean, ekonomian… zer inpaktu duen jakin behar dugu. Era berean, birziklagarritasunak zer muga dituen jakin behar dugu, bai eta itsasoarekin dugun loturaren garrantzia norainokoa den ere, ez baitugu etorkizunik itsaso osasuntsurik gabe. Eta itsasoa ez dago ongi; larrialdian gaude espezie gisa.

 

Dugun kontsumo sistema jasangaitza da, beraz.

Bai. Gehiegi ekoizten dugu eta gehiegi kontsumitzen dugu, baina botere izugarria dugu kontsumitzaile gisa: kontsumoa murriztu dezakegu, eta erabilera bakarreko plastikoak saihestu ditzakegu. Lehenengo ariketa izan daiteke edukiontzi horira botako genukeen poltsa hartzea eta begiratzea zer den gehien botatzen duguna. Alternatibak bilatu behar ditugu, eta ez soilik etxean, baita komunitatean ere. Gehien botatzen duguna esne ontziak badira, adibidez, zenbait pertsona elkartu gaitezke eta herrian esnea saltzeko makina bat jar dezaten eska dezakegu. Eragin zirkulu izugarria dugu gutako bakoitzak, eta egiten dugunak eragin handia du besteengan. Beraz, gure ekintzak, kezkak, aurrerapausoak… zabaldu behar ditugu, eta alternatibak ikertzen joan behar dugu.

 


Itsas hondakinen erronka

 

Itsas hondakinei buruzko hainbat ikasegoera lantzen dituzte Mater ontzian, eta haien artean Itsas hondakinen erronka. Gazteak aldaketaren protagonista izenekoa. DBHko 3. mailatik gorako ikasleei zuzentzen zaie, eta Itsas Gela elkarteak sortu du, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren bidez. Proiektuak gazteak ahaldundu nahi ditu, eta haiek sortutako eta diseinatutako proiektuak aurrera eramatea da helburu nagusia, gazteak bihurtuz protagonista hondakinen murrizketan eta prebentzioan eta ingurumenaren zaintzan inplikatuz.