Oihane Perea | Bertsolaria
Horrela du izena Gaizka Arangurenek hain goxo aurkeztutako Euskal Herriko historiari buruzko telebista saioak. Pertsonaia ezagun bat aukeratzen du eta eskutik helduta ibilbide liluragarria egiten du berarekin historiako atal edo pasarteren bat aztertuz, adituen eta arituen testigantzak zuzenean entzunez, aztarnei aurrez aurre begiratuz eta bere eginez, behin ikasita, unibertsitateko ikasleei liburuak itxita azaltzeko. Programa jatorra, ondo bidez, berriz ETB1en ikusteko aukera izango duguna eta, nire ustez, familia osoak ikusteko modukoa dena. Kontuan hartu haurrei ez zaizkiela beti gustatzen “haurrentzako gauzak”.
Haur nintzelarik guztiz liluratu ninduen historiak. Gurasoak oso kontu kantari ibiltzekoak dira, familiako kontuak, bizipenak, pasarteak… historia sutondoko pedagogiarekin ere transmititzen baita. Etengabe pizten zuten gure jakin-mina. Gasteizko Armagintza museoan eman nituen nire lehen eskola-egunak, harik eta Gasteizen D eredua baimendu eta eraikin berria egin ziguten arte. Nire irudimena hegan hasi zen garaia horixe izango da. Geroztik txoko ugaritan izan gara bertako misterioak argitu asmoz. Kobazuloak, trikuharriak, Erdi aroko hiriak, aztarnategiak… Gogoan dut nerabetasunean sartzeko bezperetan GABAI liburu bat heldu zitzaidala etxera. Lur argitaletxeko entziklopedia saltzaileak erraz lortu zuen Gurasoak konbentzitzea, eta geroztik postariak etxera ekartzen zigun opari ederra, labetik atera berri, hiruhileko bakoitzean ale potolo bat. Bat irakurtzen nuenerako beste bat, horrela bilduma osoa eskuratu eta irentsi nuen arte.
Rafael Castellanoren gidoia eta Stesoren marrazkiak dituen 24 komikien sorta altxor bat izan zen niretzat eta handik urte batzuetara Egin egunkariaren bidez beste belaunaldi oso baten eskuetara iritsi zen. Horietako bat eskuratzeko aukera baduzue, ez utzi aukera alferrik galtzen. Komikietako protagonista leku edo momentu konkretu batzuetan zorabiatu eta historiako beste garai batean esnatzen zen, bertako protagonista bilakatuz. Ni armagintza museoan bezala. Esango nuke antzeko zerbait gertatzen zitzaigula irakurle gazteoi. Egunen batean gure herriaren historia marrazki bizidun bihurtuta ikustea izan da beti nire ametsa. Juanba Berasategi handiaren Kalabaza tripontziaren segida edo… Asisko Urmenetak opari ederra egin zigun 2011n Gartxot filmarekin. Baina hara non, etorkizunak ekarri didan amestutakoaren antzeko zerbait nire semeentzat. Lur eta Amets.
Liburu handiak entziklopedia tamaina du baina oso eduki atsegin eta ilustrazio ederrekin. Lagungarria izan da zenbait unetan seme zaharrenarekin memoria freskatu eta zalantzak argitzeko. Seme txikia, aldiz, garai ezberdinetako liburukien jarraitzaile sutsua izan da 6 urte zituenetik. Gauero lotaratu aurretik horietako bat irakurrarazi dit buruz ikasi arte. Otsailean konfinamenduaren aurretik beste opari bat eman zigun bizitzak. Marrazki bizidunetako filma zineman elkarrekin ikusi ahal izatea. Gozamen hutsa. Hunkituta eta pozik irten ginen zinematik. Mahai-jokoa erostea izango da hurrengo pausoa berriz konfinatu baino lehen.
Ez nago bereziki pozik ETB-k duen programazio politikarekin, Doraemonekin saturatu xamar gaude egia esan, baina aitortuko dut Lur eta Amets telebistan eskolako itzulerarekin batera ETBn emititzea oso egokia izan dela. Zorionak Katxiporreta, Ikastolen elkartea eta Elkarri. Haurrei aspaldi eskaini zaien gauzarik interesgarriena egin duzue. Espero film luzea laster DVDan eskuragarri izatea. Eta ETBn behin eta berriz errepikatzea beste zenbait gauzarekin egiten duten bezala.
Baina historian bidaiatzeko modurik egokiena txangoak eta kontakizunak direla pentsatu izan dut beti. Eta oso urrutira joan beharrik ez dugu Araban zehar bidaiatuz, merke eta sarrerarik ordaindu gabe, arabarrak euskararen herrian izan ginena eta garena ulertzeko.
Arabar Errioxan Ebro ertzetik emankor ikus daiteke historiaren emaria. Trikuharriz jositako parajea da, Billarren kokatutako Sorginaren txabola da horren lekuko. Billarretik Guardiara joatea gomendatzen dut, Erdi Aroko Nafar Erresumako hiri gotortu ederra baita eta handik bost minutura La Hoya baitugu, metal aroetako herrixka eta interpretazio zentroa.
Añana eskualdea ere misterioz betea dago. Duela 7.000 urtetik ustiatzen diren gatzagak ditugu eta Gasteiztik 14 kilometrotara Erromatarren inperioaren garaiko Iruña-Veleia misteriotsua. Oraindik zientziaren bidetik argitu gabe dago afera, eta interes ilunek modu injustuan aztarnategia kamustu duten arren, horrek ezin du leku honen balio historikoa ezkutatu. Lurreko mosaikoei begira ez da askorik behar 2.000 urte atzera egiteko. Egunen baten zientziari esker ostraken egia ezagutuko dugunaren esperantza ez dugu galduko beraz. Zorionez, batzuk borrokan ari dira horren alde.
Nafarroako erresumaren aztarnak nonahi daude gure ertzetan. Herritarrak, konprometitutako historialari eta arkeologoen laguntzaz, hasiak dira muinoetan kokatutako gaztelu puskatuen historia aztertu eta herritarrei jai giroan helarazten. Portilla, Ocio, Marutegi, Corres... Gasteizko Erdi Aroko azoka ere ikusgarria eta dotorea da, gremioen eta merkataritzaren garaia hirietan ezagutzeko aukera ederra. Haurrentzako tailer eta ekintzak ere izaten dira, nahiz eta hizkuntza irizpideak askotan falta izan. Bibat museoa ere bertan dugu Ahiztogile kalean, baina Martin Ttipia lekua bisitatu eta bertan dagoen plakan jasota dagoen historia kontatzeaz ez gara ahaztu behar. Gasteizen kontrako setioa eta bederatzi hilabeteko erresistentziaren lekukotza harresian iltzatuta baitago.
Gasteiz Lizarra eta Bergararekin lotzen zuen tren zaharraren bidea bizikletaz egin daiteke. 1889tik 80 bat urtez egon zen martxan. Izki basoa, historiaz betetako herriak eta geltoki zahar ikusgarriak aurki daitezke bidean. Trenbidearen Zekuianoko tunela historian zehar bidaiatzeko prestatu dute herritarrek Irantzu Lekue artistaren laguntzaz. Hor dago inkisizioak epaitutako Lautada eta Mendialdeko emakumeen oroit-marrazkia ere. Ez omen zekiten gaztelerarik. Zugarramurdiko sorginek bezala. Sorginak filma urrian zinemetan ikusteko gogoaz nago ni. Denbora apurka-apurka gauzak bere lekuan jartzen ari dela iruditzen zait. Baita sorginak ere. Guk ere gure aletxoa jarri beharko dugu transmisioan.
Historia Garaikidea izaten da kronograman azken geltokia, denbora edo gogo faltagatik, inoiz eskolan erakusten ez ziguten hori. Gasteizko pareta eta espaloietan daude XX. mendeko odol arrastoak. Lauaxetarenak edo Martxoak 3ko langileenak. Ez ahaztu beraz Gasteiztik irten aurretik Zaramagara bisitatxo bat egitea.
Amaitzeko askatasun haizea hartu daiteke Gorbeiara bidean. Euskaldunok Paleolitotik gaur arte babesleku izan ditugun haitzuloak daude bertan. Duela 53 urte abiatu zen Mairulegorretako euskal jaiak euskara eta euskal kultura berreskuratzeko prozesuan zenbait herritarrek erabat korrontearen kontra egindako ahalegina eta izandako lorpenak kontatzeko aukera eskaintzen digu. Mikel Ezkerrok Mairulegorreta ilunpetik argira dokumentalean bildu ditu testigantzak. Historia ilunpetik argitara ateratzea aiton-amona, guraso eta hezitzaileon ardura ere badelako. Eta liburuak itxita ere asko ikas daitekeelako.