‘Baginen bagara’ erakusketa
'Baginen bagara. Emakume Artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak' izenburupean, helburu pedagogikoa daukan erakusketak 50 artistaren 120 lan inguru biltzen ditu Donostiako San Telmo museoan. Museoaren beraren funtsetako lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailukoak eta Kutxa Fundazioaren artelanak martxoaren 13a arte egongo dira ikusgai, bost atal dibulgatibotan banatuta. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa dira erakusketaren komisarioak.
Pintoreak, ehungileak, zeramikagileak, eskultoreak, ilustratzaileak, jostunak… Izan beti izan dira sorkuntzan lan egin duten emakumeak. Baina horietatik zenbat aitortu ditu Artearen Historiak? Zergatik ez da kontsideratu “arte” emakumeen sormen-lana? Zergatik ez ditu lehen mailakotzat hartu? Galdera horietan sakontzeko parada eskaintzen du San Telmo museoak martxoaren 13a arte ikusgai daukan Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketak. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak dira erakusketaren komisarioak. Eta San Telmo museoak egindako eskari bati erantzunez taxutu dute erakusketa: museoak, berdintasuna bere lan ildoetako bat izanik, aztertu eta bildu nahi zuen nolako presentzia eta garrantzia zuen emakumeek egindako arteak museoaren beraren bildumetan. Ikerketa esparrua San Telmo museoaren funtsetatik harago zabaldu zuten komisarioek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumetan emakume artisten lanek duten presentziaz hausnartzera iritsi dira, gisa horretan. Azkenik, Kutxa Fundazioaren hainbat lan ere batu zaizkio bildumari, eta beraz, emakumeen lanek duten presentzia eta haien tratamendua aztertzeko lagin zabala ikertu eta ikusgai jarri dute museoan hiru bildumatako 120 artelan inguru bilduz. Euskal Herriko artistak dira ikusgai dauden gehienak, baina badira hainbat europarren lanak ere: Catharina Ykens belgikarraren XVII. mendeko olio-pintura bat, Hélène Feillet eta Blanche Hennebutte frantziarren XIX. mendeko litografiak, esate baterako, edo Cristina Iglesiasen 1998ko grabatu bat edota Ainize Txopitea donostiarraren iazko serigrafia bat ikusteko aukera dago. Pinturak dira nagusi, baina badira, eskulturak, grabatuak eta formatu berriagotako lanak ere. Bi urteko ikerketa lana egin dute komisarioek, eta oroz gain, oraindik egiteke dagoen lanaren dimentsioaz ohartzeko balio izan die ikerketak, Haizea Barcenillaren arabera: “Asko dira bildutako artistak, baina inolaz ere ez denak. Orain pixka bat gehiago ezagutzen ditugu, baina sakonean, gutxi; hain gutxi ikertuak izan dira, sekulako ahalegina eskatzen du”. Luzea da ikusezintasunetik atera eta San Telmon ikusgai jarri dituzten artisten zerrenda: Rosa Valverde, Maite Rocandio, Inocencia Arangoa, Victoria Malinowska, Marta Cardenas, Dora Salazar, Irene Lafitte, Itziar Okariz… Handia baita erakusketa. Bost atal nagusitan egituratu dute: Baginen (museoek eta euren bildumek arte sisteman betetzen duten rolaz eta funtzioaz gogoeta egiteko baliatu duten atala, eta informazio teoriko gehien biltzen duena da); Emakumeen presentzia (autoerrepresentazioari eta gorputzari lotutako obrak daude ikusgai, besteak beste Esther Ferrerrenak); Sistemaren arauak (historiografiak eta kritikak emakumezkoen lanak irakurtzeko erabili izan dituen hainbat kategorizazio aztertu dituzte femenino eta maskulino, esatera baterako); Historiografia berrien saiakerak (1970-80ko figurazioetatik abiatuta, lerro berriak proposatu dituzte). Eta bukatzeko, Bagara deituriko bideoelkarrizketa dago ikusgai. Hezkuntza zuzenean zein zeharka etengabe zirikatzen duen erakusketa da. Ikusle gisa jaso izan dugun arte hezkuntzaz eta canona nola eraiki den hausnartzera garamatzalako alde batetik, eta bestetik, artista emakumezkoek eurek jaso izan duten arte hezkuntza ere ezbaian jartzen du.
'Baginen bagara. Emakume Artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak' erakusketa
Lekua: Donostiako San Telmo museoa.
www.santelmomuseoa.eus
Komisarioak: Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa.
Ikastetxeentzako:
- Irakasleek doako sarrera dute museora, eta, baita ere, 26 urtez azpiko pertsonek, ikasleek barne.
- Hezkuntza zentroek doan erabil dezakete museoko hezkuntza tailerra museora bisita bat erreserbatzearekin.
- Museoak aldi baterako erakusketaren inguruko material didaktikoa dauka. Eskatzeko: stm_erreserbak@donostia.eus.
Audiogida: Museoaren app-ean Baginen bagara ibilbidea gehitu dute, bisitari bakoitzak bere gailua erabilita bisita audiogidaz lagunduta egiteko aukera izan dezan. Testuak irakurri eta entzun egin daitezke.
Museoaren hezkuntza eskaintza:
- Haur Hezkuntza: Museoa sentitu programa.
- Lehen Hezkuntza: Museoa Gozatu.
- Bigarren Hezkuntza: Museoa amestu.
- Batxilergoa eta helduentzako hezkuntza: Museoa bizi