Umeek hizketa gara dezaten beharrezkoa da helduon presentzia eta haiei kalitatezko denbora eskaintzea. Jaiotzen garenetik dugu hizketarako gaitasuna, baina Nekane Galparsoro logopedak dioenez, interakzioak eta kanpotik jasotzen dugunak berebiziko garrantzia du hizkuntzaren jabekuntza prozesuan.
Jaiotzen den unetik bertatik hasten da umea hizkuntzaz jabetzen. Hala dio Nekane Galparsoro logopeda, neuropsikologo eta Neure klinikako koordinatzaileak. Horretarako, ordea, bestea behar-beharrezkoa da, interakzioa oinarrizkoa baita hizkuntza garatzeko: “Umeak bestearen presentzia behar du eta beste horrek bidean laguntzeko duen moduak, eragina izango du hizkuntzaren garapenean”, dio Galparsorok. Presentziarik gabe ez dugu haurrek bidalitako seinalerik antzemango eta komunikazio egoerak bermatu behar ditugu, haientzat eredu izateaz gain.
Hilabete gutxi dituela hasiko da umea hitzak ulertzen eta 6 urte betetzen dituenerako hizkuntzaren oinarri egokia izan beharko lukeela dio Galparsorok. Dena den, garapenaren estandarrak ezin ditugu zorrotz hartu: ume bakoitza bakarra da eta erritmo propioa du. Oso garrantzitsua da bakoitzari behar duen denbora ematea. Hala adierazi du Galparsorok: “Denbora eman behar diegu erantzunak eman ditzaten. Ezin dugu bakarrizketarik egin. Prosodia –tonuak eta doinua– indartu behar dugu, keinuak erabili behar ditugu eta hiztegia etengabe errepikatu behar dugu. Behatu egin behar dugu eta adi egon”.
Bederatzi hilabetetik aurrera haurrak intentzio komunikatiboa du: keinuak egiten ditu, bokalizazioa hasten da… Ondoren garatuko dituzte ahoskatzeko mekanismoak, baina oso garrantzitsua izango da hasierako etapa horretan hiztegia barneratzea, gerora hitzak elkartzen joateko lehen oinarria eskuratuko dutelako.
Bide horretan, komunikazio egoerak bermatzeak berebiziko garrantzia du. Egunerokotasunean egiten ditugun gauzei hitzak jartzea eta horiek etengabe errepikatzea oso garrantzitsua da.
Alarma seinaleak
Haur bakoitzak bere erritmoa du, baina badira alarma piztu dezaketen hainbat egoera. Hizkuntza maila baxua duten umeek atzerapena eta zailtasunak izaten dituzte eta horiek atzemateko, alarma pizten duten hainbat alderdi badira Galparsororen hitzetan:
- 12 hilabeterekin lehen hitzak ez esatea.
- 18-24 hilabete bitartean 10 hitz baino gutxiago esatea.
- 24 hilabeterekin familiarentzat ulergarriak diren 50 hitz baino gutxiago esatea edo bi hitzeko konbinaziorik ez egitea.
Baldintza horiek beteko balira, hizketaren hasiera berantiarraz hitz egingo genuke. Esku hartze egokia eginez gero, 2 eta 3 urte artean ume horien erdiak baino gehiagok hobera egiten duela ikusten da. Hortik aurrera, hobera egin dezakete baina hobekuntza hori ez da hain nabarmena izaten. Beraz, garrantzitsua da zailtasunak lehenbailehen atzematea, ahalik eta azkarren esku hartzeko.
Hizkuntza estimulatzeko estrategiak
Hainbat estrategia eta tresna erabil ditzakegu haurrekin hizkuntza estimulatzeko. Honakoak proposatzen ditu Galparsorok:
· Imitazioa. Haurrek, hasieran, ez dute hitzak modu egokian esateko gaitasunik eta hitzak modu egokian esaten ez dituzten kasuetan, guk modu zuzenean errepikatzea izan liteke gakoa. Adibidez, “kasimeta eman” esaten baldin badigu ez diogu esango “ez da kasimeta esaten, kamiseta esaten da!”. Hitza ongi esanda errepikatuko diogu, modu naturalean: “tori kamiseta”.
· Hedapenak. Kasu horretan, haurrak eman digun ideia hartzen dugu eta informazioa pixka bat zabaltzen dugu. Berak “berokia jantzi” esaten badu, guk “kalean hotza egiten du eta hori dela eta berokia jantziko dugu” esan diezaiokegu hark esandakoari informazioa gehituz.
· Errepikapenak. Errepikapenak egin ditzakegu, egiturak errepikatuz, adibidez: “Amak hartu du”, “aitak hartu du”...
· Keinuak. Hizketa laguntzeko garrantzitsuak dira keinuak.
· Materialak. Ipuinak eta abestiak erabil daitezke.