Aire librearen onurak bizitza osorako dira mesedegarri, baina bereziki lehen haurtzaroan, Txusma Azkona Haur Hezkuntzako adituarentzako, osasun fisikotik harago, beste eremu gutxik bezalako aukerak ematen dituelako haurraren garapen integralerako, esperimentatzeko, psikomotrizitaterako edota sozializaziorako.

Begietatik edo belarrietatik sartzen dena baino esanguratsuagoa da larruazaleko poroetatik sartzen den ikaskuntza. Hala esaten dute ikerketek, baina baita norberaren esperientziak ere, esperimentatuz, ukituz eta biziz ikasitakoa, beste baten ahotik entzundakoa baino hobeto gogoratzen dugu. Hala ere, oraindik ere, kosta egiten da haurrekin etxetik zein ikasgelatik ateratzea, eta zer esanik ez neguan. “Ez dago eguraldi txarrik, arropa ez aproposa baizik. Ondo jantzita edozein eguraldirekin atera gaitezke naturara”, adierazi du Txusma Azkona Plisti-Plasta familia-gunearen sortzaile eta Haur Hezkuntzako adituak. “Haurrarentzat onura ikaragarriak dauzka kanpora ateratzeak, izan etxe azpiko parkera edo kilometro gutxi eginda mendira edo hondartzara, beraiek berez behar dutena esperimentazioa delako, baina oraindik helduon nagia oso handia da ohiturak aldatzeko eta behar horri benetako erantzuna emateko”. Finlandiako edo Suediako ereduak ekarri ditu hezitzaileak. “Suedian, bost gradu azpitik ez bada jaisten tenperatura, eskoletan derrigortuak daude haurrak jolasgunera ateratzera; Finlandian, aldiz, hemen baino askoz gehiago atzeratzen da eskolaratzea eta gela barruan egon ordez kanpo-espazioetan esperimentatzen dute, eta emaitza eskolarrak askoz hobeak dira”. Beste muturrean AEBak ditugu: “Ikerketen arabera, batez beste, AEBetako haurrak ordu erdiz egoten dira kalean. Batez besteko bat denez, horrek esan nahi du milioika haur egongo direla atera ere egin gabe; etxetik garajean kotxean sartu, eskolara eta bueltan etxera. Eta hori oso larria da. Osasunaren Munduko Erakundeak esaten du haur batek, gutxien-gutxienez, egunero bizpahiru ordu igaro behar dituela kanpoan, osasuntsu hazteko. Osasun fisikotik hasita —oxigenazioa, D bitamina…— beraz, oso garrantzitsua da haurrek kanpoan egoteko daukaten beharra”.

Aire librearen onurak bizitza osorako dira mesedegarri, baina bereziki lehen haurtzaroan, osasun fisikotik harago, beste eremu gutxik bezalako aukerak ematen dituelako haurraren garapen integralerako, esperimentatzeko, esploratzeko, manipulatzeko, harremantzeko, emozioen kudeaketarako… Esperientzia errealak bizitzea haurraren garapen osorako funtsezkoa dela nabarmentzen du Azkonak, eta horretarako eszenatoki paregabea deritzo natura. Bestelako ikasketa prozesuekin, baita akademikoekin ere, hasi aurretik guztiz gomendagarri deritzo haurrek kanpo espazioetan esperientziak bizitzeari. “Alor guztietako onurak aipa genitzake: osasun fisikoa aipatu dugu, baina ekarpen akademikoa aipa genezake, psikomotrizitate aldetik, autoestima aldetik...".

Lehenik eta behin naturak eskaintzen dituen arrisku-aukerak nabarmentzen ditu Azkonak, kanpo espazioak haurraren garapen integralean dakartzan onurak zerrendatzean. “Elementu oso inportantea da arriskua. Ez dago natura erregularrik, eta beraz, kanpo espazioek eskaintzen duten arrisku puntu hori oso aberasgarria da haurrentzat, arrisku maila bat beharrezko baitute haurrek beren garapen psikomotrizerako eta emozionalerako”. Aldapak nola jaitsi eta nola igo, zuloak saihestu edo jauzi egin, erorketa bat… “prest egon behar dugu gure gorputza egoera bakoitzera egokitzeko”. Francesco Tonucci pedagogoaren hitzak gogoratu ditu Azkonak arriskuaren beharra nabarmentzeko. “Tonuccik esaten du haurrek ez badute haurtzaroan nahikoa arrisku bizitzen, gero nerabezaroaren ateratzen dela behar hori, drogekin, abiadurarekin edota motorrarekin asetzen dutela arrisku hori bizi beharra. Haurtzaroaren ezaugarri bat da arriskuak bizi beharra, eta bere momentuan behar hori ongi asez gero, nerabezaroko arrisku handiagoak prebenitzeko esperientzia garrantzitsua jasoko du haurrak; aldiz, haurtzaroan ez baldin badago gisa horretako arriskurik, nerabezaroan ateratzen diren ondorioak askoz handiagoak izaten dira”. 
Tonucci eta Azkona arriskuaz mintzo direnean, alabaina, arrisku kontrolatuez ari dira. “Haurrari naturan eta kanpo espazioetan esperientzia errealak bizitzeko aukera emateak haurrek benetan dituzten gaitasunetan sinestea eskatzen du. Haur batek ez du bere burua bost metroko altuera batetik botako. Edo beste kasu bat: haur bat hirugarren eskailerara igo eta jauzi egiteko prest sentitzen ez bada, bigarrenera jaitsiko da, edo lehenengora. Arriskuak bizitzea eta norbere gaitasunetan sinestea oso lotuta daude”. Neurri bateko arrisku errealak bizitzeko aukera ematen diogunean haurrari, bere autoestimua elikatzen ari garela ikusten du Azkonak. “Haurra mailaz maila jaisten bada bere neurriko eskailera bilatu arte, bere gaitasunetara egokitzen ari da, eta berak ez du zerbait negatiboa bezala bizitzen esperientzia hori, helduak gara egoeraren interpretazio negatiboak egiten ari garenak”.

Kanpoan egiten diren jarduerek sormena elikatzen dute. Naturako elementuekin jolasteak beste jolas pedagogiko batzuen aldean, onura asko dakartza, Azkonaren arabera: “Ohiko jostailuak baino irekiakoak dira naturako elementutatik abiatuta sortzen dituzten jolasak. Ohiko jostailuek ongi/gaizki binomioa daukate, pieza bere lekuan jartzea da aukera bakarra. Aldiz, naturako elementuek ez daukate helburu zehatzik, makil batekin nahi duzun guztia egin dezakezu, eta material desegituratua izaki, sormenerako aukera ugariak zabaltzen dira”.

Pantailekin gertatzen denaren kontrakoa gertatzen da kanpo espazioetan bizitzen diren esperientzietan, Azkonaren arabera: “Pantailaren erabilerak gauza bakar batean oso kontzentratua egotea eskatzen du, eta pantailek eskatzen duten kontzentrazio motz eta zehatz horrek ez du laguntzen beste ezer garatzen, eta aldi berean, sormena murrizten du”.

Haurren arteko harremanei begira, espazio itxiek erlazioak zailtzeko eta giroa txartzeko aukera gehiago dutela nabarmentzen du hezitzaile adituak. “Gelako harremana ez bada bereziki zaintzen, ahalegin handi bat egiten ez bada, gelako harremana oso konplikatua izan daiteke, aldiz kanpo espazioetan eta bereziki naturan, harremanak irekiagoak izan ohi dira, bai sexu-genero aldetik nahiz adin nahasketa aldetik, harreman anitzagoak sortzen dira”. Naturako elementuei atxikitzen die Azkonak aniztasun hori: “Jostailu askok genero konnotazioak izaten dituzte, eta haurrek jolasak baldintzatzen dituzte; aldiz, naturako elementuak guztiz irekiak dira eta horrek harremanak sexuaren arabera ez mugatzeko aukerak ematen ditu; haur guztiek naturako material eta elementu guztiekin jolasteko aukera daukate”.

Haurren arteko harremanei mesede egiten dion neurrian, haurren sozializazioari ere mesede egiten diote etxetik edota eskolatik kanpoko esperientziek: “Sozializazio prozesuak gure inguruak dituen arauak eta mugak ulertzea esan nahi du, eta horretarako aritzea funtsezkoa da; bizitza errealean beste batzuekin aritzea sozializazio aberasgarriagoa dakar, eta gu, helduok, eredu izango gara sozialiazio horretan”.

Material batzuk txikiak, finak dira, hosto, belar, loreak.. handiagoak eta astunagoak beste batzuk, harriak, enborrak, harkaitzak… Horrek guztiak psikomotrizitate fina eta lodia garatzeko aukera handiak ematen dizkio haurrari. Haatik, Azkonak ez du hobesten “psikomotrizitatea lantzera” kanpora ateratzea, ez eskolan ezta familian ere. “Horrelakoetan, batzuetan, geure buruari tranpa egiten diogu helduok. Kontua ez da haurrak egoera zehatz batzuetan jartzea, adibidez, makilak ukitzeko proposamena egitea, psikomotrizitate fina lantzeko; haurrak espazio natural batean beren kabuz jolasten uztea nahikoa da garatu behar duten guztia garatzeko”. Budapesteko Pikler-Loczy haur eskoletako adibidea jarri du: “Loczyn ikusita daukate, urtebeteko haurrak pintza mugimendua ikas dezakeela horretarako aukera ematen baldin bazaio. Haurrak psikomotrizitatea landu dezan, aukerak behar ditu; jakin badakigu, mugimendu finak eta lodiak landuko dituztela, aukerak emanez gero. Haurraren garapen psikomotorea ez da helduok aldez aurretik prestaturiko ekintza zehatzen araberakoa izango”.

Naturak alor hauetan guztietan eskaintzen dituen aukera aberatsek haurraren autoestimuan dakarten onura nabarmentzen du Azkonak. "Ikusia dago bizitzan arrakasta izateko ezaugarri garrantzitsuena autoestimua dela, eta haurraren autoestimua garatzeko oso inportantea da aukerak eskaintzea, eta hori zailagoa izango da, beti, lau hormen artean egitea”.

Espazio naturaletako esperientziek haurren garapenari egiten dioten mesedeen zerrenda ixteko, ekarpen akademikoa aipatu du Azkonak. “Kanpoan bizitako esperientzia eta bizipenak, baita ikaskuntzak ere, ikasketa esanguratsuaren aldetik garrantzitsuagoak dira. Memoria aldetik eta ikasketa orokorren aldetik, ikerketek garbi erakusten dute datuak hobeak direla zenbat eta denbora gehiago eman kanpoan.”