Langileen prekarietatea salatzea eta horren kontrako neurriak eskatzea izan zen sindikatuen helburua.

 

Otsailaren 24a, 25a eta 26a greba egunak izan zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletan LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Langileen prekarietatea salatzea eta horren kontrako neurriak eskatzea izan zen sindikatuen helburua.

Zehazki, hiru dira sindikatuen eskakizun nagusiak: lehenik, lan hitzarmena betetzea eta soldata igoeren ordainketa osoa jasotzea; bigarrenik “benetako negoziazio bat” abiaraztea; eta, azkenik, jangeletarako araudi berria Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunekin batera hitzartzea.

Grebaldia amaituta, LABek akordioa lortu du, besteak beste, ratioak murriztea eta soldatak igotzea adostu dutelarik. CCOOek eta UGTk babestu egin dute eta ELAk akordioa ez duela sinatuko iragarri du, "akordioak ez dielako erantzuten sektoreak batzarretan ezarritako gutxienekoei eta grebetan langileek egindako aldarrikapenei". Gasteizko Eskolen Sukaldeak plataformak ere protestei eustea erabaki du.

 

Argazkia: Herri eskolako jangela hutsik · Urduñan, 2026ko otsailaren 25ean.