560 lagun bildu dira HHko jardunaldietan.
Udazkeneroko hitzorduari eutsiz, aurtengo Hik Hasiren Haur Hezkuntzako jardunaldietan 560 hezitzailek eta ikaslek hartu dute parte. Azaroaren 28an Bilbon eta azaroaren 29an Donostian burutu ziren jardunaldiok eta parte hartzaileak pozik geratu dira, formatuago itzuliz astelehenean geletara.
Aurtengo gaia Hezitzailea non haurra han, bakoitzaren lekua jolas librean eta mugimendu autonomoan izan da. Hasteko, Teresa Neira hezitzaile eta formatzaile galiziarrak jolas librea eta mugimendu autonomoa konstruktibismoaren markoan kokatu zituen. Konstruktibismoaren oinarriak azaldu zituen eta hor kokatuta gorputza eta hitza nola garatzen diren esplikatu zuen. Beste modu batera esanda, psikomotrizitatearen eta irakurketa-idazketaren arteko lotura egin zuen, biak modu konstruktibistan garatzeko eman behar diren baldintzak aletuz.
Jarraian Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoak marko horretan hezitzailearen lekua deskribatu zuen. Hezitzaileak, haurrari garapenean lagundu nahi baldin badio, zein begirada, tresna eta estrategia erabili ditzakeen azaldu zuen.
Aditu bien azalpenak esperientziekin aberastu ziren jardunaldian. Eider Garde Arbizuko (Nafarrroa) Kattuka haur eskolako hezitzaileak 0-3 urte bitarteko haurrekin nola lan egiten duten azaldu zuen, hezitzaileek nolako begirada duten eta nolako esku-hartzea egiten duten kontatuz.
Ondoren, beste hiru ikastetxek 3-6 urteko haurrekin mugimendu autonomoan nola jarduten diren azaldu zuten: Bilboko (Bizkaia) Tiboli eskolakoek, Duranako (Araba) ikastolakoek eta Zaldibiako (Gipuzkoa) herri eskolakoek.
Amaitzeko, denen arteko solasaldian parte-hartzaileen galderei erantzuteko aukera ireki zen.
Interes handia piztu duen gaia izan da aurtengoa eta.