Bertigoa sortu ohi du eskolako etapen arteko trantsizioak. Ikasleentzat aldaketa handia izaten da eta gurasoek urduritasunez bizitzen dute maiz seme-alabek egiten duten jauzia. Lasaitasunez eta ilusioz bizi liteke, ordea.

Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara bitartekoa izaten da ikasleek bizitzen duten lehen aldaketa handia. Batez ere, jolasean aritu dira Haur Hezkuntzan, eta Lehen Hezkuntzan, mahaian eserita eta liburuari begira irudikatzen ditugu maiz. Hala zen garai batean, baina urteek aurrera egin ahala, hori guztia aldatzen joan da eta gaur egun jauzia ez da horren handia izaten. Aldaketarik bada, hala ere, eta horren aurrean hainbat alderdi kontuan hartzea garrantzitsua dela dio Nerea Permach Martin EHUko irakasle eta ikerlariak. “Hezkuntzan trantsizio guztiak konplikatuak dira, baina etapa aldaketa aukera gisa ikus dezakegu, eta ilusioz bizi. Helduok, bai gurasoek eta bai irakasleek, horretara bideratu behar dugu gure esku-hartzea. Sinetsi behar dugu lagundu dezakegula trantsizio hori positiboa izan dadin”. Bide horretan, errutinak ezartzeak asko lagundu dezake: “Etxean Lehen Hezkuntzako eskolaren egitura islatzen duten errutinak ezartzea positiboa da, eta lo egiteko orduak eta otorduak ere zaindu behar dira. Horrekin batera, umeen autonomia sustatzea garrantzitsua da, autonomia lortzeak euren buruarengan konfiantza izaten lagunduko dielako. Etxean trebetasun akademikoak indartzeak ere lagundu diezaieke. Haurrei lasaitasuna ematen die gurasoak haien ikaskuntza prozesuan inplikatzen direla ikusteak”, dio Permachek. Eskura egotea eta laguntza emozionala eskaintzea bereziki garrantzitsua da: “Batzuetan, nahi gabe, haurrak heldu bihurtzen ditugu. Haurrek laguntza emozional handia behar dute eskolako errutina berrira egokitzen diren bitartean. Ondoan gaituztela erakutsi behar diegu eta, zentzu horretan, egunero eguna nola joan den galdetu, haien esperientziak entzun… Aldaketa ospatzeko zerbait antolatzea ere ez legoke lekuz kanpo, etapa berria ilusioz hartzeko eta beldurrak uxatzeko”.  

Profesionalen eskuetan
Urteek aurrera egin ahala asko aldatu da dena eta, oro har, etapa batetik besterako aldea ez da garai batean bezainbestekoa izaten, baina haurrei bezala, gurasoei ere urduritasuna sortzen die jauzi horrek. Edonola ere, haurrak profesionalen eskuetan gelditzen dira eta lasaitasuna transmititu nahiko lieke Permachek: “Irakasleek badakite, garapenaren psikologiak hala erakutsi digulako, haurrak zer garapen unetan dauden, eta aldaketa eta egokitze prozesua nola bizi dezaketen ezagutzen dute. Badakite haurrak nola lagundu behar dituzten eta euren jarduna egoeraren arabera egokituko dute. Irakasleek ikasleen gaitasunak eta mugak ezagutzen dituzte eta horiek kontuan hartuta aritzen direla sinetsi behar dugu. Badakite aldaketa handia dela, eta neurtu egiten dute. Haurrak profesionalen eskuetan uzten ditugu eta profesional horiengan konfiantza eduki behar dugu”.

Gainera, azken urteotan aldaketa handiak eman dira ikastetxe askotan eta Lehen Hezkuntzako 1. mailan Haur Hezkuntzako hainbat dinamikari eusten diete aldaketa hain handia izan ez dadin. Lehenengo orduko gelako asanblada txikiak egiten dira, ikasleak taldeka esertzen dira… Metodologia berriak erabiltzen dira eta trantsizioa samurragoa izaten da.

Zentzu horretan, gurasoek eskolan gauzak nola egiten diren jakin dezaten, eskolaren eta familiaren arteko koordinazioa eta komunikazioa ezinbestekoak dira. “Familiaren eta eskolaren arteko komunikazioa bermatuko duten koordinazio egiturak izateak asko laguntzen du. Komunikazio horren barnean sartzen da ikasturte berriak eta etapa berriak ekarriko duenaren berri ematea, baina ez soilik alderdi akademikotik ekarriko duen aldaketa edo ikastetxe zein etapa berriaren eskola ohiturei buruzko informazioa helarazteko, baizik eta gurasoek euren seme-alabek aldaketa nola bizi dezaketen jakiteko. Gurasoak prozesuan lagunduko duten beste agente bat bihurtzeko. Irakasleek badakite haurrak psikologikoki nola dauden, nola senti daitezkeen, zein unetan dauden... Irakasleek horri buruzko informazioa partekatu dezakete familiekin eta lasaitasun mezuak bidali ditzakete”, dio Permachek. Koordinazio egitura horiek nola antolatu beharko liratekeen ere azaldu du: “Egitura horietan HH5eko eta LH1eko tutoreak, orientatzaileak eta gurasoak egon beharko lirateke eta agente guztiek maila berean egin beharko lukete lan”. Azken batean, elkarlanerako testuingurua sortzea da garrantzitsuena.

Ikusmolde ludikotik akademikora
Koordinazio hori beharrezkoa da etapen arteko arduradunen artean ere. Haur Hezkuntzan ikuspegia globalagoa da eta jolasaren bidez ikasten dute, batez ere, baina Lehen Hezkuntzan ikuspegia zehatzagoa eta akademizistagoa da. Eskolak etapen arteko aldaketa modu koordinatuan planteatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Permachek: “Zentzu horretan irakasle berriak, ahal den neurrian, ikasle bakoitzaren gaitasunak ezagutzeak, adibidez, asko lagundu dezake. Eta aipatutako koordinazio egitura horiek oso lagungarriak izan daitezke horretarako. Proposamen didaktikoek formatu bakarra izan beharko lukete bi etapetan (berdintsua ez bada, antzekoa) eta, bereziki, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan irakurketa eta idazketa metodo komuna partekatzea ezinbestekoa izan beharko litzateke. Lehen Hezkuntzan irakurketa eta idazketa barneratuko dituzte, baita matematikako oinarrizko edukiak ere. 5 urteko gelan hizkiak eta hitz batzuk identifikatzen hasten dira, normalean maila horretan euren izena idazten ere badakite, eta hori guztia metodologia jakin bati jarraituz eta formatu jakin batean egiten da. Metodologia horrek jarraipena izatea, bi etapetan metodo komuna partekatzea, garrantzitsua da. Bestetik, esperientzia arloen eta esparruen arteko koherentzia eta lotura ere indartu egin beharko dira, Permachen hitzetan: “Printzipio metodologikoak, jarduerak, materialak, baliabideak, taldekatzeak, denborak, espazioa… Horien guztien gutxieneko jarraikitasuna bermatzea oso onuragarria izan daiteke. Bat-batean erabateko aldaketarik ez izateko”.

Espazio berriak eta irakasle berriak ezagutzea
Ikasleek irakasle berriak eta espazio berriak aldez aurretik ezagutzea lagungarri izaten da lehenengo egunean dena erabat arrotza izan ez dadin, baina aurretiazko ezagutza hori tentuz egin beharrekoa dela uste du Permachek: “Irakasle berriak ezagutzeak, konfiantza emango dio haurrari eta, zalantzarik gabe, lagundu dezake. Espazioari dagokionez, onuragarria izan daiteke eskola edo ikasgela berria ezagutzea ingurunearekin ohitzeko eta erosoago egoteko, baina aldaketa handia baldin bada, kontu handiz ibili beharko dugu. Trantsizioa eraikin txiki batetik eraikin handi batera egiten bada, eskola berrira antolatzen diren bisitak egiterakoan zarata gutxi egongo dela eta haur kopuru txikia egongo dela bermatzea gomendatuko nuke”. Horrela egin ezean, haurrak beldurtu egin daitezke: “Haur Hezkuntzako ikasleak Lehen Hezkuntzako eskola ezagutzera eramaten baldin baditugu, eta, adibidez, jolasgaraian baldin badaude, zarata ikaragarria baldin badago, jende pila bat… Beldurtu egin daitezke”.

Eskola berrira egingo diren bisitak noiz egiten diren zaindu behar da, beraz. Ez da komeni haurrak aldaketa ikaragarria irudikatzea, espazio berria ezagutu bai, baina ezagutzen duen espazio horren, Haur Hezkuntzako espazioaren antza duela pentsatu behar du.  

Orientatzaileen lana
Orientatzaileak zeresan handia du ikasleak hezkuntza etapa berrira egokitzeko prozesuan. Haren funtzioak eskolaren eta ikasleen behar espezifikoen arabera aldatu daitezke, baina orokorrean, funtzio berdintsua betetzen du kasu guztietan Permachek dioenez: “Alde batetik ikasleen ebaluazioa eta jarraipena egin ditzake, ebaluazio akademikoak eta sozialak barne bildu ditzake, baina bereziki laguntza emozionala eman dezake. Hau da, etapen arteko trantsizioan sor daitezkeen emozioei eta antsietate egoerei aurre egiten lagundu behar die ikasleei. Orientatzaileak gurasoekin ere lan egin dezake etxean trantsizio arrakastatsua sustatzeko, baliabideak eta aholkuak emanez, gurasoak prestatuz eta haien seme alabak nola sentituko diren adieraziz”.

Era berean, orientatzaileek irakasleekin elkarlanean aritu beharko dute ikasleek beharrezko laguntza jasotzen dutela ziurtatzeko eta, jakina, hala behar duten ikasleentzat estrategia didaktikoak eta egokitzapen curricularrak identifikatzen laguntzeko. Funtzio gehiago ere bete ditzakete: “Eskolak izan dezakeen trantsizio programa edo egitura horien koordinazioa eta planifikazioa ere bere gain hartu dezakete. Gurasoentzat ikastetxe berrira bisitak, gurasoentzako informazio bilerak… antolatu ditzakete eta ikasleentzako integrazio jarduerak barne biltzen dituzten programa horien diseinuan parte hartu dezakete. Eta, batez ere, epe luzeko monitorizazioa edo jarraipena egitea egokitzen zaie orientatzaileei: lehen urteko ikasleen bilakaera hurbiletik jarraitzea epe luzerako balizko arazoak edo erronkak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko neurriak hartzeko. Orientatzaileek funtsezko eginkizuna betetzen dute ikasleei eta familiei laguntza akademikoa, soziala eta emozionala eskainiz. Eta helburua argia izango da beti: trantsizio arrakastatsua erraztea eta haurrak eskola ingurune berrira positiboki egokitzen laguntzea”, aipatu du Permachek.

Gurasoei mezua bidali die Permachek: “Garrantzitsua da zuen seme-alabei trantsizioari buruzko mezu positiboa helaraztea, uler dezaten pixkanaka deskubritzen joango diren etapa berria eta zoragarria bat dela”. Seme-alaben espektatibak, urduritasunak… partekatzeko eta haiek animatzeko konfiantzazko espazioak eskaintzea ezinbestekoa da.