ALAITZ TELLETXEA, MAIXA LIZARRIBAR, AMAIA OREJA ETA KRISTINA SOLANOK OSATZEN DUTE AMAK MUSIKA TALDEA. LAU SOINUK, LAU PANDEROK, LAU AHOTSEK, LAU EMAKUMEK. OÑATIKO JAIALDI BATEAN ELKARTU ZIREN 2018AN, GUSTURA ARITU ZIREN ELKARREKIN ETA TALDEA OSATZEA ERABAKI ZUTEN. 

Aspaldidanik elkar ezagutzen badute ere, duela hiru urte elkartu ziren laurak oholtza gainean, Oñatin. Hain gustura aritu ziren, jarraitzea erabaki zutela. Taldea sortu zuten, lauen inizialak aintzat hartuta, AMAK, eta kontzerturik kontzertu bete egin dituzte plazak, pandemiak gelditzera behartu baditu ere. Ez dira, ordea, erabat gelditu, taldearen izen bereko diskoa aurkeztu dute aurten. Musika dute ogibide lau artistek: lauak aritu dira irakasle lanetan. Amaia Orejak musika denda batean egiten du lan gaur egun baina irakasle dira Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar eta Kristina Solano. Eta lauak dira ama. Lizarribarrekin  eta Solanorekin egin dugu hitzordua eta taldearen nondik norakoen berri eman digute.

Hamarnaka urte dira trikitixaren munduan sartu zinetela. Nola aldatu da dena urteotan? Nola bizi izan duzue bilakaera hori? Besteak beste, gizonak ziren lehen nagusi plazan…
Maixa LIzarribar: Ixiar [Oreja] eta biok 1988. urtean hasi ginen, txapelketa batera aurkeztuta, baina aurretik denak gizonezkoak ziren; ez zen ikusten emakumerik plazan. Plazan ikusi nuen lehenengo emakumea Mamen Maltzeta izan zen. Bederatzi urte zituen orduan eta bere aitarekin [Juan Garate Alkorta Maltzeta] batera jotzen ari zen; bere aitaren babesean. Ikasten hasi nintzenean topatu nituen neska gehiago baina kalean ez zuten jotzen. Miren Etxaniz hernaniarra ere ibili zen erromeria batzuetan eta Mauriziaren berri bagenuen, baina oso emakume gutxi ari zen mundu honetan; gizonezkoen mundua zen. Hala ere, Ixiarrek eta biok ez genuen hori puskatzeko nahirik sentitzen. Modu naturalean hasi ginen; guk hura egin nahi genuen eta egin genuen. Kito. Herri batera joan eta komentario itsusiren bat entzuten bagenuen, momentuan min handia ematen zigun baina gainditu egiten genuen. Askotan “ba orain bai egingo dugula!” pentsatzen genuen eta aurrera. 
Kristina Solano: Eta orain gehiengoa emakumea da. Ikasle gehienak ere emakumeak dira. 
M. L.: Bai, baina bitxia da. Landakandaren hiletan oso emakume gutxi geunden. Bikote diren trikitilarietan ere, gizona zegoen han. Emakume asko ari da ikasten baina gero kalean ez dira hainbeste ikusten.
K.S.: Gu hasi ginenerako bide hori zabalik zegoen eta normaltasunean aritu gara.

Oso gaztetatik hasi zineten plazetan eta arrakasta azkar lortu zenuten. Erromerien gainbehera ere bizi izan duzue… 
M. L.: Nik ez dut uste bereziki erromeriaren gainbehera izan zenik, plazak orokorrean hustu ziren. 
K. L.: Jendeak tabernara jo zuen gehiago eta plaza albo batera geratu zen. Ez zen soilik trikitixarekin gertatu.

Urte batzuk plazatik kanpo eman zenituzten. Gerora, 2018. urtean Oñatin elkartu zineten lauak eta Amak taldea osatu zenuten.  Orain, bestelako heldutasuna izanda, nola bizi dituzue plaza, kontzertuak edota musikagintza? 
K. S.: Hasteko esan behar da orain egiten duguna eta lehen egiten genuena ez dela gauza bera. Lehen jendeak dantzatzeko jotzen genuen eta hiru edo lau orduko saioak izaten ziren. Orain jendeak gu ikusteko, gu entzuteko jotzen dugu eta ordubete inguruz. Aldaketa handia izan da. 
M. L.: Lehen egiten genuenarekin alderatuta orain egiten duguna luxua da guretzat. Patxadaz aritzen gara.
K. S.: Eta patxada hori nik nabaritzen dut. Lehen ez nintzen urduri ibiltzen baina erromeriatik kanpo beste zerbait egiten bagenuen gaztetasunak berezkoa duen urduritasun moduko hori sentitzen genuen. Orain lasaiago noa; gozatzera noa.
M. L.: Bai, gozatzera goaz eta askoz gehiago gozatzen dugu. Lehen ere gozatzen genuen baina, agian, ez ginen hain kontziente eta orain beste modu batera ikusten ditugu gauzak.

Urteotan, besteak beste, lauak ama izan zarete. Nola uztartzen duzue amatasuna kontzertuekin eta entseguekin?
K. S.: Ez da erraza. Asko laguntzen digun jendea dugu inguruan eta eskerrak horri zeren bestela ezinezkoa izango litzateke egiten duguna egitea. 
M. L.: Proiektu honek etxekoei eta lagunei denbora kentzea eskatzen digu beti. 
K. S.: Dena den hasi ginenerako umeak hazita genituen, bestela ezinezkoa izango zen. Agian hau zen momentua eta horregatik egin dugu orain.
M. L.: Bai. Lehenago elkartu bagina, adibidez 2010. urtean, umeak oso txikiak izango ziren oraindik eta hori oztopo izango zen. 
K. S.: Nik bikotea musikaria dut baita ere eta umeak jaio zirenetik pandemia iritsi arte jotzen jarraitu du. Gure haurrek normaltasunez bizi izan dute aita aurrera eta atzera ibiltzea, baina niri kontzerturen bat dudanean “ama, berriz?” galdetzen didate. Bitxia da.

Zuen proiektuan eta diskoan ere leku berezia du amatasunak. ‘Atsolorra’ kantuarekin hasten da diskoa eta ‘Bai, ama’ kantua amaren eta haurraren arteko loturaz ari da. “Ama, emakumea, zaintzailea, langilea guzti horiek batera nola naiteke izan” dio 'Bai ama' kantuaren letrak. Erantzunik topatu al diozue galdera horri?
M. L.: Nola ez dakigu. Horretarako gure erreferenterik handienak gure amak dira. Gure amek nolako malabarismoak egin dituzten ikusi dugu eta hortik ere asko ikasi dugu. Guri zaintzaile izatea egokitzen zaigu baina lehen esan duguna: bakarrik ezingo genuke eta laguntza eskatu behar izaten dugu.

Etxetik kanpo denbora dezente pasatzen duzue. Kontzertu mordoxka dituzue hitzartuta urte amaiera arte. 
K. S.: Bai. Astebururo ibiltzen gara. Baina orain frenoa jartzen hasi gara. Asteburu batzuk lasaiago behar ditugu eta datorren urtera arte behintzat ez ditugu kontzertu gehiago hitzartuko. 
M. L.: Atsedenaldia hartuko dugu. Ez lan egiteko eta sortzeko, baizik eta guk atseden hartzeko.

Baina sortzen ari zarete? Beste diskorik ba al duzue buruan?
K. S.: Sortzen ari gara baina ez diskoari begira. Zuzenekoei begira ari gara sortzen eta beste proiektu baterako ere bai. Diskoa egin genuen, asko gozatu genuen baina zaila ere egin zaigu. Pandemia dela eta, entsegua genuen aldiro herriak itxita zeuden edo gu konfinatuta… Ez da erraza izan. 
M. L.: Hilabete gogorrak izan ziren. 
K. S.: Hala ere, gero fruitua ikusten duzu eta ederra da.
M. L.: Bai, eta asteburuetan estudioan elkartzea gozamena zen zeren beste guztia ahazten zitzaigun. Baina oztopo asko izan genituen. Diskoa kaleratu genuenean bagenekien ondoren kontzertuak etorriko zirela eta oraindik ez dugu buruan beste diskorik, lan honek baduelako ibilbidea oraindik.
K. S.: Oraingoz honekin gozatuko dugu.

Irakasleak zarete lauak, nahiz eta Oreja orain musika denda batean lanean ari den. Nola transmititzen diezue zuen zaletasuna ikasleei? 
M. L.: Beraiek oso motibatuta egoten dira. Batzuetan, taldeetan bildu eta kantu bat prestatuko dugula esaten diet eta ikasleek hainbat proposamen izaten dituzte; tartean, nire edo gure kantak. Eta niri asko kostatzen zait nire kantu bat erakustea.
K. S.: Niri ere bai. 
M. L.: Ez dakit zein den arrazoia baina beti jotzen dut besteen kantuak lantzera. 
K. S.: Irakasle guztiek izan behar dute irakasten ari diren hori transmititzeko grina. Gure kasuan trikitixarekin aritzen gara eta ikasleak gozatu egin behar du.
M. L.: Zuzenekoak, kontzertuak motibazio handia dira haientzat. Klasera etortzen dira eta ikusi gaituztela komentatzen dute, adibidez. 
K. S.: Bai, kontzertuak, diskoak, telebistan ateratzea… Ilusio handia egiten die horrek guztiak. 
M. L.: Txikiei zein helduei, denei egiten die ilusioa. Txikiei “hori nire irakaslea da” esateak poz handia ematen die.

Eta seme-alaben kasuan, nola daramate ama ezaguna izatea?
M. L.: Nire etxean naturaltasunez.
K. S.: Nirean ere bai.
M. L.: Adibidez, oso tipikoa izaten da eskolan ezaguna den norbaiti elkarrizketaren bat egiteko eskatzea. Nire semearen kasuan, bere gelakoak etorri izan zaizkit elkarrizketa eske eta bera ez dakit norengana joaten den. Gure kontzertuetara etortzen denean sare sozialetan jartzen du zer ari den ikusten, non dagoen… Nik uste dut ongi eramaten duela. Hamabost urte ditu eta orain galdetzen didana izaten da ea noiz atera behar dudan etxetik eta noiz bueltatu behar dudan. 
K. S.: Nireek, egia esan, ez diote aparteko garrantzirik ematen. Eta hala hobe.

Etorkizunera begira zer duzue esku artean? Zer ibilbide aurreikusten diozue taldeari?
M.L.: Pixkanaka goaz; gurpila bueltaka doa eta ez dugu aurreikusten zer egin behar dugun.  
K.S.: Bai, egunean egunekoa egiten dugu. Etortzen dena etor dadila eta amaitzen denean, amaituko da. 
M.L.: Epe motzera begiratzen dugu. Bidean hainbat proiektutan parte hartzeko aukera sortu zaigu eta horietan parte hartuko dugu. Urte amaiera bitarte horretan arituko gara. Atseden pixka bat hartu nahi dugu, guretzako eta etxekoentzat denbora hartu nahi dugu. Ez dakigu hurrengo udan zer egingo dugun ere.
K.S.: Ez, eta gainera, ez zaigu inporta. Ez gaude horrekin obsesionatuta.

Entseguak egiteko astero biltzen zarete?
M. L.: Hamabostean behin edo. 
K. S: Kosta egiten zaigu entseguarekin hastea. Berriketa izaten dugu lehendabizi, kafea hartzen dugu eta gero hasten gara entseguarekin. 
M. L: Gustura egoten gara kafea hartzen.

Tira, eta ondoren zuen arteko giro ona ere transmitituko diozue publikoari.
K. S.: Bai, oso giro ona dugu gure artean eta orduan ez da zaila. Horregatik gaude elkarrekin taldean; ongi moldatzen garelako eta ongi pasatzen dugulako.
M. L.: Atzo nire ikaslea izandako batekin topatu nintzen eta esan zidan gogo handia duela gu ikustera etortzeko. Hainbat lekutara joan nahi zutela eta sarrerarik ez zegoela. Alegian, eskaini genuen lehenengo kontzertuan ikusi gintuela esan zidan, eta gu zeinen ongi pasatzen ari ginen ikusita gozatu egin zuela. 

Polita izango da zuentzat publikoaren aldetik halako kritika onak jasotzea…
M. L.: Bai; bitamina handia da. 
K. S.: Jendeak ongi pasatzea lortzen badugu, gu pozik. 
M. L.: Asko eskertzen da plazak beteta topatzea. Lehengoan Iurretan jo genuen. Soinu-proba egiten ari ginela han ikusten genituen aulkiak jarri eta jarri, eta pentsatzen genuen ez zela beteko baina bete zen. Jendeak ateratzeko eta ongi pasatzeko beharra dauka, ez da gogoa soilik. Bizitza normalera bueltatzeko beharra du jendeak; ateratzeko beharra, dantzatzeko beharra… Kris eta biok Esne Beltza taldearekin ere aritzen gara, lehengoan Urretxun kontzertua izan genuen eta lagun batek esaten zidan beretzat kontzertua parranda baten modukoa izan zela.  
K. S.: Bai oso gogorra izaten ari da pandemiaren kontu guztia. Niri ere aurreko batean esan zidan emakume batek tristuratik ateratzeko eta ongi pasatzeko beharra duela.
Zuentzat ere pozgarria izango da jendeari bizipoz hori ematen ari zaretela ikustea.
M. L.: Bai.
K. S.: Bai. Baina batzuek esaten digute guri pandemia oso ongi etorri zaigula. Pentsatzen dute gu horretarako prestatu garela.
M. L.: Eta pandemia hau ez zaio inori ongi etorri. Azken hilabeteotan kontzerturik eskaini ez duen jende asko dago.
K. S.: Pandemia aurretik ere gure kontzertuetan jendea eserita egoten zen. 
M. L.: Kontzertuetan jendea eserita egotea nahi genuen, hori izan zen gure apustua eta planteatu genuenean jendeak eskuak burura eramaten zituen. Esaten ziguten trikitixa kontzertu bat eserita ez zela posible, dantzatzeko izan behar duela. Jendea oso harrituta geratu zen. Bergaran jo genuenean sartu aurretik aipatu zidan lagun batek eserita egoteak ez zuela komentzitzen eta atera zenean esan zidan ikaragarri gustatu zitzaiola eta baietz, trikitixa eserita gozatu litekeela. 
K. S.: Pandemiaren aurretik hasi ginen formatu horrekin eta oso ondo zihoan, kontzertu pila bat genituen itxita eta jendeak oso ongi pasatzen zuen. Zer gertatu da? Ba, pandemia etorri eta guk berdin funtzionatzen jarraitu dugula. Eta bakarren batek bota digu pandemia ongi etorri zaigula baina guk lehen egiten genuena egiten jarraitu dugu, ez besterik.
M. L.: Aulkien artean tarteak utzi behar dira orain, baina berdintsu jarraitzen dugu. Talde asko desagerrarazi ditu egoera honek eta guk hor jarraitzen dugu. Baina ez da gure errua. Hori bai, orain aretoen erdia betetzen da aforoen mugagatik.

Tira, beteko dira berriz.
M.L.: Bai. Hori bai, musukoak ez digu asko lagundu. Jendearen aurpegiak galdu ditugu, begiak ikusten ditugu soilik eta horrek informazio asko kentzen digu. Amorragarria da zeren futbol zelaietan 15.000 pertsona elkartzen dira musukorik gabe. Ni asko haserretzen naiz horrekin.