‘Punpalaplan 2’
0-5 urte bitarteko haurrekin gozatzeko jolas eta abesti bilduma argitaratu du Gipuzkoako Urtxintxa eskolak hezitzaile, irakasle eta gurasoentzat. Etapa horretako jolas mota bakoitzetik hainbat kantujolas biltzen ditu USB formatuko lanak.
Eskutxoa, eskutxoa, non zaude? Hemen nago. Kaixo laguntxoa, kaixo laguntxoa. Banoa, banoa… eta haurrak adi-adi begiratzen dio magalean edo sehaskaren ondoan kantari daukan helduaren eskuari. Eta irribarre egiten dio eta gehiago eskatzen dio begiekin… eta ostera ere, eskutxoa, eskutxoa… hasten zaio heldua… Konexio berezia sortzen da haurraren eta helduaren (izan guraso, hezitzaile edota irakaslea) artean jolasari esker. Baina sarri gertatzen da helduak, bereziki gurasoen kasuan, haur txikienekin olgetan ibiltzeko jolas gutxi ezagutzen dituztela. Hutsune hori ikusita eta guraso, hezitzaile eta irakasleen beharrei erantzuteko asmoz, Punpalaplan 2 lana argitaratu berri du Gipuzkoako Urtxintxa eskolak USB formatuko bilduman. 90eko hamarkadan egin zuen lehendabiziko aldiz euskal jolasen bilduma bat Urtxintxa eskolak, eta orduz geroztik hainbat bilduma egin izan ditu. Horietan hirugarrena 0-5 urte bitarteko haurrei eskaini zieten, eta orduko hura Punpalaplan izendatu zuten. Orain, bilduma haren jarraipen eta osagarri den Punpalaplan 2 argitaratu berri du haur txikienentzat, Urtxintxaren euskal jolasen seigarren bilduma dena, hain zuzen ere. Berrikuntza nagusia formatua bera da. Aurreko lanak CD eta DVDetan argitaratu badituzte ere, garai berrietara egokitu eta etxean, eskolan edota autoan entzuteko aukera eskaintzeko, USB formatuan argitaratu dute 0-5 urte bitarteko haurrei zuzenduriko bilduma lana. Baina filosofia sorburuko berbera da, Urtxintxa eskolako Maite Asensiok azaldu duen eran“Helburua haur txikienekin gozatzeko abesti eta jolasak helduen eskura jartzea da, eta, era berean, jolas horiek nola gauzatzen diren azaltzea guraso, hezitzaile eta irakasleei”. 30 jolas biltzen ditu bildumak (29 abestidunak eta bat, abesti gabea). Eta horiek guztiak nola jolasten diren azaltzen duten bideoak biltzen ditu USBak, abestien musika eta letrez gain, irudien euskarri bat biltzen baita, jolas bakoitza nola egiten den azaltzen duena. Horrez gain, jolasaren transmisioari buruzko ipuin bat ere badakar Urtxintxak argitaratu duen kutxatxoak. Jolas tradizionalak dira 30 horietako gehienak, euskal kulturaren transmisioari esker jaso ahal izan direnak asko eta beste batzuk, ostera, Urtxintxako kideek asmatuak dira, Asensiok azaldu duenez. “Hautaketaprozesu bat ireki genuen, eta hasiera batean 50 jolas inguru izan genituen esku artean, eta horietatik 0-5 urte bitarteko haurrentzako egokiak direnak hautatuz joan gara”. Adin tarte horretarako egokiak diren jolas-mota bakoitzetik hainbat kantu-jolas bildu dituzte, sehaska-kantak, kilimak egitekoak, eskuekin jolastekoak, harrapeketan edota ezkutaketan ibiltzekoak, animazio-jolasak… “Haurrak adin horretan jolasten dituen jolas motak sailkatu ditugu eta jolas-mota bakoitzetik pare bat jolas eskaintzen saiatu gara”.
Urtxintxa eskolako hezitzaileak herriz herri ibiltzen dira Euskal Herri osoan barrena guraso, hezitzaile edota irakasleei jolasaren ikastaroak ematen, eta maiz abagune horiek baliatzen dituzte atzenduak gelditu diren jolasak berreskuratu eta ezagutzeko. “Ikastaroak ematen ditugunean edota haurrekin lan egiten dugunean ikusten dugu jolasetan zer-nolako hutsuneak dauden, eta hutsune horietarako jolasak ez baditugu aurkitzen tradizioan, orduan guk geuk sortzen ditugu”. Tradiziotik hartutako hainbat jolas garai berrietara egokitu dituzte, genero estereotipo nahiz hiztegi erlijosoko jolasak berrikusi egin dituzte: “Hezkidetza ikuspegiaz gain, askotan aingeruak eta kutsu kristaueko abestiak gaur egunera egokitu ditugu”.
Ibilbide luzea egin du Gipuzkoako Urtxintxa eskolak aisia hezitzaileari, jolasari eta euskarari lotua, eta lehen kantu-jolas bilduma haietatik gaur egunera bertako kideek ikusi ahal izan dute ikastetxeetan gero eta gehiago ezagutzen dituztela euskarazko olgetak. “Hizkuntzaren transmisioan eten handi bat egon denez Euskal Herrian, jolasetan ere eten hori egon zen. Euskara etxeko hizkuntza bilakarazi zutenean kalean haurrek gaztelaniaz jolasten zuten, eta hutsune handi bat zabaldu zen kalean euskarazko jolasen inguruan —azaldu du Asensiok—. Jolas bildumak argitaratzen hasi ginenean, gehiago joan behar izaten genuen herririk herri, ikastetxerik ikastetxe, irakasleei jolasak erakustera; gaur egun ere joan beharra izaten dugu baina ezagutzen dituzten jolas horien berrikuntzak edo jolas berriak behar izaten dituztelako”. Asensioren arabera, gaur egun haurrek, oro har, ezagutzen dituzte euskarazko jolasak eta erabiltzen dituzte olgeta-garaian, “baina, egia da, oraindik ere ingurune oso euskaldunetan ere jartzen direla bat-batean gaztelaniazko eskujolasak modan eta horiek ezin gelditurik ibiltzen direla, kasu askotan, irakasleak”. Orain abanikoa zabalduko zaie haurrei, familiei eta hezitzaile eta irakasleei, norbere bildumarako 30 jolas berri ekarrita.
'PUNPALAPLAN 2'
30 jolas, horietako 29, abestidunak.
Egilea: Gipuzkoako Urtxintxa eskola.
Adin-tartea: 0-5 urte bitarteko haurrei zuzenduriko jolasak.
Nolako jolasak: sehaskakoak, laztanak egitekoak, sendatzekoak, jatekoak, txalo egitekoak, esku jolasak, magalerakoak, biribilean egitekoak, igarkizun jolasak, sokasaltoa, goma…
Kaxa: USBa eta liburuxka biltzen ditu. USBak kantuak eta bideoak dakartza, jolasak irudien bidez azaltzeko. Abestien letrez gain, jolasen tradizioari buruzko istorio bat biltzen du liburuxkak.
Prezioa: 15 euro.
Salgai Urtxintxaren webgunean: www.urtxintxa.eus
Telefonoa: 943 270 033
Harremanetarako: idazkaritza@ urtxintxa.eus