Euskal Herrian bertan pentsatua, kokatua eta egina; ‘Argia’k ‘Xapoketan’ karta-joko berria dakar udazkenarekin batera. Euskal Herriko ekosistemetako 42 animaliarekin bost kartajokotan aritzeko aukera ematen du. Euskaraz egindako zientifikotasun handiko lana da eta animaliei buruzko informazio eta bitxikeria ugari biltzen dituzte kartek.
Euskal Herriko ekosistemak animalia ederrez eta bitxiz beteta daude. Tamaina handikoak zein txikikoak, kolore bizikoak edota ilunak, gautarrak, eguzkia gogoko dutenak, ura maite dutenak, basamortuko harean barneratzen direnak, begi handikoak, arrastaka mugitzen direnak... Forma eta izaera anitzeko animaliaz ingurutatuta bizi gara. Eta orain, Argia-k aurkeztu berri duen Xapoketan karta-jokoaren bidez animalia horiek ezagutzeko aukera dago. Jolastuz ikasten dela esan ohi da, eta kartajoko honek horretarako abagunea ematen du. Argia-ko kideekin batera Iñaki Sanz-Azkue biologoa, Eñaut Aiartzaguena marrazkilaria eta Lore Erriondo pedagogoa aritu dira kartajokoa egiten, eta bere-bereak dituen ezaugarriekin aurkeztu dute. Hasteko, bioaniztasunaren ikuspegitik belaunaldiz belaunaldi galtzen ari den ezagutza berreskuratzeko tresna bat eskaini nahi izan dute. Estitxu Eizagirre Argia-ko kazetariak dioen moduan, “jada ez gara eremu naturaletan bizi, animaliekin eta naturarekin kontaktuan, jende gehiena hirietan bizi delako. Ondorioz, ezagutza hori galtzen ari gara eta horrek ezezagutza dakar. Eta ezagutzen ez duzun gauza bat ezin duzu zaindu eta maitatu”. Ikastetxeetan ezagutza hori sustatzen da, “baina egungo globalizazioarekin, daukagun informazio guztia mundukoa da”, dio Eizagirrek. “Etxekoa ez dugu ezagutzen, ez gure inguruneko paisaia, ez animaliak, ez hemengo bizitza... eta hutsune hori kanpokoarekin elikatzen dugu etengabe. Jolasak baditugu, baina izan daitezke lasai asko Ameriketan sortuak eta ondoren euskaratutakoak. Eta balio dute”. Baina Xapoketan-ek beste balio gehigarri bat du: lur bati lotutako jolasa da, Euskal Herriari lotutako jolasa. Euskal Herriko animaliak agertzen dira kartetan, bakoitza Euskal Herri barruan bizi den ekosisteman kokaturik: Bizkaiko hareatza eta padura, Gipuzkoako goi larreak, Lapurdiko itsasoa eta itsaslabarra, Nafarroa Behereko basoak, Zuberoako landa eremua, Nafarroako basamortua eta Arabako sastrakadi mediterraneoa. Ekosistema bakoitzeko sei animalia ikusiko ditugu kartetan: ugaztun, anfibio, narrasti, hegazti, arrain eta ornogabe bana. Nafarroan zein bizi diren jakin daiteke, Araban bizi direnak nolakoak diren, bakoitzak zein izen duen eta abar. “Beste inon topatuko ez dugun jolasa da, lurraldetasuna eta nazio ikuspegia dituena, eta horri balio handia ematen diogu”, gehitzen du Eizagirrek. Hori guztia hizkuntza bati lotuta dago, noski: euskarari. Testuak euskara batuan agertzen dira eta latinezko izen zientifikoa ere badute. Bada beste ezaugarri bat ere: zientifikotasuna. Marrazkiak oso zehatzak dira eta detaile guztiak aintzat hartuta daude. Eizagirrek kontatzen duenez, “marrazkilariak biologoari irudia pasa ondoren, honek beste biologo batzuei erakusten zien kontrastatzeko eta haiek esaten zuten: tximeleta hau oso ondo dago eta lorea ere bai, baina justu tximeleta hau ez da lore horren gainean pausatzen”. Hortaz, irudiak ederrak izateaz gain, errealistak dira, zuzenak dira. Oso lan zientifikoa egin dute eta kartekin dabilen edonork berme hori baduela badaki.
Jolas ugari eskura
Guztira 42 karta txiki eta 6 handi ditu jolasak eta modu ugari daude jolasteko. Egileek bost proposatzen dituzte; alde batetik ohikoagoak diren familia-jokoa, puzzlea, memoria-jokoa eta xapo! arreta- eta azkartasun-jokoa. Eta bestetik, beste berri bat : Non ote, non ote? izenekoa. Karta batzuetan animalia batzuen arrastoak edota haien gorputzaren zatiren bat agertzen da. Karta handietako batean “Non ote, non ote?” galderak agertzen dira eta arrasto horiei jarraituz Euskal Herriko animalia ezkutu horiek zein kartatan dauden asmatu behar da. Jolastuz ikasteko aukera ematen duen joko honetan informazio gehigarri bat ere bada. Karta txikiak Euskal Herrian dauden zazpi ekosistematan oinarritutako familiatan banatuta daude, lehen aipatu bezala. Karta handietan, ekosistema bakoitzeko sei animaliaren deskribapen txiki bat agertzen da, animalia horien bitxikeriak deskribatzen dituena. Horrela, jakin daiteke hareatzan bizi den ur-igel iberiarra udaberriudako egun eguzkitsuetan, marrakaz aritzen dela kantuan, koroetan. Edo landa eremuko suge berdehoria Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan nahiko arrunta dela, Nafarroa iparraldean berezia, Gipuzkoan Irunen eta Oñatin baino ez dela aurkitu eta Bizkaian eta Araban ez duela aipurik. Edo baita ere eskorpioi mediterraneoak atzealdean duen eztena erabili ohi duela harrapakinei pozoia sartzeko. Eta azeriaren dieta aldatu egin dela azken urteetan gizakiak utzitako hondakinak jaten hasi delako.
‘Xapoketan’ karta-jokoa
42 karta txikiz eta 6 handiz osatutako karta-jokoa da. Txikiak 7 familiatan antolatuta daude. Euskal Herrian dauden ekosistemek edo animalien bizitokiek osatzen dituzte 7 familiak.
Nola jolasten da? Bost joko egin daitezke: - Puzzleak - Ohiko familia-jokoa - Memoria-jokoa - Xapo! arreta- eta azkartasun-jokoa - Non ote, non ote?
Non eskura daiteke? azoka.argia.eus webgunean Prezioa 15 euro