Bere neurrian, normala da haur txikiak jotzea, horzka egitea, ostikoak ematea... agresibitatea mundua ezagutzeko eta bere nahiak eta beharrak azaltzeko barne indarra du haur txikiak. Biolentzia aldiz, kontrolik gabeko agresibitatea da, eta ez lehen urteetako garapenaren ezaugarri, Xabier Tapia psikologoaren arabera.  

2 -3 urteko haurrengan ohikoak dira horzkadak, jotzea, ostikoak… Ohikoak eta are gehiago, psikologoen arabera, normala eta haurraren garapenari dagokion jokaerak dira. Agresibitatea da, mundua ezagutzeko, besteengana zuzentzeko eta norbere burua sendotzeko ezinbesteko bizi indarra. Haatik, batzuetan agresibitatea kontrolaezin bihurtzen da, gehiegizko, eta biolentziara pasatzen da. Ez baitira gauza bera agresibitatea eta biolentzia.

Agresibitatea zer den ezagutzea garrantzitsua da haurrari komunikatzeko eta adierazteko gizalegezko moduak garatzen laguntzeko, Xabier Tapia psikologoaren hitzetan. Umeen arteko agresibitatea “komunikazio mota bat” da, elkarri bizipenak eta nahiak adierazteko modu bat, “ez oso zibilizatua agian, baina adin txiki hauetan barne bizipenak adierazteko modukoa behintzat bai”. Heziketaren bidez, ordea, helduaren laguntzarekin beraz, haurrak euren nahiak eta beharrak hain gordinki azaldu beharrean, modu sinbolikoagoan azaltzen hasiko dira. Agresibitatea mundua ezagutzeko eta adierazteko bizi-indarra bada, zer da biolentzia? Tapiak “barne angustiaz eta sufrimenduz betetako portaerari” deitzen dio biolentzia, haurraren garapen arruntaren parte den agresibitatea ez bezala, “itsuagoa” den agresibitatea: “Leherketa bortitz itsu baten antzekoa sarritan, kontrolik gabekoa, bidean edozer edo edonor harrapa lezakeena, ezer bereizi gabe. Izan daiteke, baita ere, agresiorako joera ia permanente bat, inguruko edonor akitzeko modukoa”.

Haurra handituz doan neurrian, babesarekin eta mugekin, hau da helduaren laguntzarekin, agresibitatea beste forma batzuk hartzen joango da. Haurraren bizitzako lehen urtean, agresibitatearen zantzuak egon arren, bere ondorio sozialak ez dira nabarmenak; bigarren urtean ugaritu egin ohi dira agresioak; hirugarrenean, arazo larri ere bihur daitezke; eta laugarrenetik aurrera nabarmen jaitsi ohi dira. Gorabehera horien atzean, haurraren garapenaren funtsa den lotze-banatze-banakotze prozesua dago. Lau etapa ditu haurraren prozesu horrek, Tapiaren arabera:

1. Atxikimendua (0-1 urte artean): lehen urtean, agresibitate handia egon arren, bere ondorio sozialak ez dira nabariak eta aurrerago bezain ikusgarriak. Lehen urtean, garapenaren zereginik nagusiena atxikimendua sendotzea da, eta helduei dagokie lotura afektiboaren sendotasuna finkatzen laguntzea haurrari, Tapiaren arabera.

2. Banaketa (1-2 urteen artean): 2. urtean, ordura arte lortutako lotura estuak malgutzea eta zabaltzea izango da hurrengo pausoa. Bi desio bortitz eta kontrajarriren arteko desoreka garaia da: lotura vs. banaketa. Lehen urteko lotura gero eta sendoagoa izan, orduan eta handiagoa izango da ingurukoengandik banatzeko eta bereizteko desioa, psikologoaren arabera. Haurrak bere autonomia gauzatzeko nahiari ekingo dio etapa honetan. “Hemendik aurrera anbibalentzia kudeatzen hasi beharko du haurrak: urrutiratu- gerturatu, eman-ez eman, jan-ez jan, bota-ez bota, txiza egin-ez egin, pixontzian egin-lurrean egin, jaso-ez jaso… erabaki bakoitzaren ondorioak oraindik ere garbi izan gabe”. Testuinguru horretan ugaritu egiten dira agresibitate adierazpenak: ahalguztidun sentitzen da haurra, dena egiteko gauza. Honenbestez, helduek mugak jarri behar dituzte: debekatu, ezetz esan, gogoak eta nahiak zapuztu… “Ezinbesteko gatazka hori bi aldeek ikasi behar dute kudeatzen”.

3. Indibiduazioa (2-3 urte artean): 3. urtearen bueltan sendotzen joango dira helduengandik banatzeko ahalmena eta banakotasuna. Aldi berean haurrak bere ustezko ahalguztiduntasunean gero eta muga estuagoak jasan beharko ditu, helduengatik, eta errealitateak ezarriko dizkien mugengatik, eta ezin izango ditu frustrazioak ekidin. Haserrea eta amorrua gehituko zaizkio frustrazioari, horrek, era berean, haurrari autonomia lortzeko indarra emango dio: “Autonomiaren bilaketa horretan, agresibitatea indar-altxor paregabea da, eta adi egon beharko genuke agresibitaterik azaltzen ez dutenekin”. Indibiduazio prozesu horretan, indarra hartuko du 'EZ' hitzak. Ibilbide horretan, hizkuntza bihurtuko da, motrizitatearekin batera, besteengandik bereizteko modu bikainenetako bat”. Eta EZ-arekin batera, beste silaba bat nagusituko da: NI. “Haurrak ‘Ni’ izenordea erabiltzen hasten direnean, erabateko mendekotasunetik banakotasunera doan bidea egin izana erakusten du. Jauzi honetan agresibitatea eta motrizitatea dira protagonista, nahiz eta hizkuntza izan hemendik aurrera nagusitasuna bereganatzen hasiko dena”.

4. Banakotasuna sendotzea (3-4 urte artean): 3. urtetik aurrera, asko urritzen dira agresioak, normalean. Frustrazioak, amorruak, haserreak, zeloak, lehiatu beharrak... jarraitzen dute, baina horiek guztiak kudeatzeko eran nabaritu ohi da aldea. Aurrerantzean, jo beharrean edo negar egin ordez, haurrak bizi duen hori hitzaren bidez adierazten ikasiko du eta ez bultza eginez, gauzak kenduz, puskatuz....  “Liskarrak eta sesioak zibilizatuagoak bihurtu ohi dira, eramangarriagoak eta maneiagarriagoak: eztabaida sutsuak, keinu eta imintzio mehatxagarriak, garrasiak, ahozko mehatxuak, irainak, desafioak... nahi beste, baina agresio fisikoan sartu gabe”.