2027ko urtarrilean martxan jarriko da IV. deialdia
Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza bekaren III. deialdia eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, aurkeztutako lanek ez dituztelako bekaren oinarrietan aipatzen diren helburuak eta balioak behar beste islatzen.
Horrenbestez, Hik Hasik eta Hernaniko Udalak IV. Joxe Mari Auzmendi Bekaren deialdia 2027 urtarrilean egingo dela jakinarazi nahi dugu. Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza bekak Auzmendi zenaren hezkuntza balioetan oinarritzen diren eta ikastetxeen eraldaketan eragin dezaketen proiektuak laguntzen ditu 12.000 €rekin. Helburua da ikastetxeen beharrei erantzungo dien ikerketa burutzea eta azterketa horretan oinarrituta, Euskal Herriko ikastetxe guztientzat eraldaketan lagungarria izan daitekeen proposamena egitea.
Lehendabiziko beka Otxandioko herri eskolak jaso zuen, Eskola Berria izeneko proiektuarekin, zeinak eskolaren eta komunitatearen arteko zubia berreraikitzea zuen helburu sei ardatzetan oinarrituta: ikasleen interesetatik abiatutako ikasketa prozesua; mugimendu autonomoa; hizkuntza jabekuntzaz gain kultur komunikazioaren, komunikazio sinbolikoaren eta afektiboaren lanketa; jasangarritasuna eta naturan oinarritutako ikaskuntza; herriarekiko lotura eta elkarrekintza; eta aniztasuna.
II. deialdian Jakinmin Elkarteak jaso zuen beka, honako proiektuarekin: Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia. Proiektuaren helburua bikoitza zen: ikasleengan hausnarketarako gaitasuna eta erabaki prozesuetan parte-hartzea sustatzea eta irakasleen jardunean hausnarketa pedagogikoa eta kalitatezko erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzea. Bi urteko lanketaren ondoren, urte honen amaieran jarriko da denen eskura ondu duten materiala.