Joxe Mari Auzmendiri buruzko liburua argitaratu du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak. A-tik Z-ra, haren lana, bizitza eta batez ere balioak jasotzen ditu liburuak, gaur inoiz baino gehiago aldarrikatu beharreko hezkuntza balioak: ausardia, zubigintza, zaintza, konpromisoa... Hezkuntzarekin, euskararekin eta hobekuntza pedagogikoarekin konprometituak dauden, irakasle guztiek irakurri beharreko liburua da.
B izitza oso bat euskalgintzari, herrigintzari eta hezkuntzagintzari emana, horrela laburbildu daiteke Joxe Mari Auzmendiren biografia. Bizitza bat agudoegi bukatua, ordea. Bizitza bat, ezagutzea merezi duena. Bizitza bat eredugarri eta akuilu dena; eredugarri eta akuilu, bereziki, Euskal Herri honen hezkuntza sistema josten diharduten irakasleentzat; eredugarri eta akuilu, euskararekin eta hobekuntza pedagogikoarekin konprometituak dauden irakasleentzat; etorkizun hobe bat nahi duten irakasleentzat.
Orain, haren heriotzetik hiru urte betetzear daudenean, Joxe Mari Auzmendi A-tik Z-ra definitzen saiatu dira bidelagun izan dituen irakasle, idazle, hezitzaile eta lagunak Euskal pedagogoa lokatzetan liburuan. Abenduaren 1ean aurkeztu zuten liburua Donostian eta abenduaren 10ean Durangoko Azokan aurkeztuko dute eta han egongo da salgai (ondoren baita Hik Hasiren webgunean eta liburudendetan ere).
Ariketa zaila izan da A-tik Z-ra Joxe Mari definitzea, balio garrantzitsuak gorpuztu baititu 40 urtetan egin duen ibilbide oparoan. Oroz gain, haren konpromisoa, ausardia eta batasuna nabarmendu dituzte liburuan parte hartu duten irakasleek eta idazleek: “Euskarak eta hezkuntzak mundua eraldatzeko, bizigarriago eta justuago egiteko gaitasuna dutela zabaltzen zenuen, fededun baten moduan —idatzi du Lorea Agirrek—. Horretan aurretik joan ohi zinen, taldea biltzen, aurrera begira, eta, sarri, garairako aurreratuegi ere bai, geroak frogatu digunez. Zuri ikasi genizun geure galbahetik pasarazi behar dugula, geurera ekarri, geure neurrira eta ezaugarrietara egokitu besteei ikasia. Adibidez, demokrazia ez dela liburuetan ikasten, demokrazia praktikan jarriz ikasten dela eta gurean demokrazia praktika bat auzolana dela”.
Abeze gisan, garai hobeetarako hiztegi bat osatuko bagenu bezala, haurtzarotik heriotzera, eta batez ere 40 urtean egindako ibilbidea jasotzen du liburuak. Azkaraten jaio bazen ere, Legazpin hazi zen Joxe Mari eta hango garai grisetan, 70eko hondarretan eta 80eko hasieretan, euskalgintzan egindako lehen urratsak mugarri izango dira bizitza osoan egingo duen ibilbiderako: batetik, Huescan estudiatutako kimikari lanak baztertu eta Haztegi ikastolan hasi zen lanean, bere haurtzaroan mirestu zuen Avelino Sanchez maisu gasteiztarraren eredu gaurkotu eta euskalduna bere eginez, eta bestetik, gintza-ren laborategia martxan jarri zuen Legazpin hainbat lagunekin, euskarak orduan zituen hutsuneak betetzeko proiektu multimedia bat abiatu zuten, auzolean. Gerora, ekiteko grina horri eutsi zion Joxe Marik bere ibilbide osoan, euskara, hezkuntza eta herria josiko zituen ekinez, sortuz eta auzolanean. Hala, LAB sindikatuko hezkuntza arloko Gipuzkoako ordezkari gisa euskal hezkuntzagintzak zituen behar larriak identifi katuta iritsi zen 1995ean Hik Hasi egitasmo pedagogikoa sortzera, Euskal Herri osoko hainbat irakasle konprometitu bidelagun hartuta. Joxe Mariren laborategiak martxan jarraitu zuen, eskala nazionalera eraman zuen Legazpiko esperimentua, eta euskarazko hezkuntzagintzari ikusten zizkioten hutsuneak betetzeari ekin zion, lehenik aldizkaria eta ondoren formazioak, materialak, bidaia pedagogikoak, hezkuntza proposamenak… sortuz.
Egindako lanaz gain, egiteko modua nabarmendu dute liburuan parte hartu dutenek. Izaera berezia baitzeukan Joxe Marik, txiki-txikitatik zekarrena: bisio handikoa, ikuspegi zabalekoa, ekina, konprometitua zen Joxe Mari, baikorra, bateratzailea, abegikorra, zaintzailea ameslaria eta batez ere langilea izan zen Joxe Mari. “Oso zaila zen Joxe Mariri ezetz esatea. Jendea biltzen eta akordioak lortzen oso ona zen. Proiektu bat bisualizatzen hasten zenean konplizeak bilatzen zituen, ea nor elkartu zitekeen horretarako, eta horiengana iristeko erraztasun handia zuen. Jendea inplikatzen oso abila zen, oso erraz konbentzitzen zuen”, kontatzen du liburuan Mila Apezetxea irakasle eta lagunak.
Zubigilea, batzen gaituenari tiraka
Akordiotarako zuen jarrera izan da hezkuntzaren eremuko kide askok nabarmendu dioten beste ezaugarri bat: LABeko hezkuntza arloko liberatu gisa lehendabizi, eta, ondoren, Hik Hasi barruan, alde desberdinen arteko zubiak eraikitzeko konfl uentziaren bila aritu zen beti Joxe Mari, batzen gaituenari begiratzen zion, sareez, administrazioez eta lurraldeez gaindi. Horixe azpimarratu du Lore Erriondo EHUko irakasle eta UEUko kideak ere libururako: “Beti jende diferentearengana joaten zen, eta beti saiatzen zen jendea integratzen. Bateratzaile ikaragarria zen. Sentiberatasun handia zuen, eta nik uste dut intuizio berezia zuela horretarako. Radar berezia zuen inor ez zedin isolatua edo gutxiago sentitu. Askotariko eztabaidak eta iritziak zeuden: sareak, publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaida, hizkuntza ereduak, lurraldeak, unibertsitatea eta eskola… eta Joxe Marik denak biltzea lortzen zuen”. Bizi ditugun garai hauetan ere, eredu eta akuilu izan beharko luke, Hik Hasiren ustez, Joxe Mariren jarrera baikorrak eta bateratzaileak.
Hik Hasi, Oinherri, Bizipoza...
Azkaraten jaio eta Hernanin 2020ko otsailean hil arte sortu eta akuilatu zituen lan amaigabeak aletzen ditu liburuak. Hik Hasi proiektu pedagogikoa eta aldizkaria, haurren jolas-kantuen bildumak, pelikulak, formazioak, Hazi Hezi aldizkaria, Oinherri eta Bizipoza elkartea, euskal hezkuntza sistema nazional baten alde egindako joskintza lanak aletzen dira liburuan, A-tik Z-ra, baina oroz gain, haren pasioa, koherentzia, eskuzabaltasuna, grina, ausardia, transmititzen saiatzen da liburua. Izan ere, aski merezia bazuen ere, bizitan ez zuen omenaldirik edo eskertza jairik nahi izan Joxe Marik. Atzean egin zuen lan beti. Fokuetatik aparte, ez zitzaion protagonismoa gustatzen. Ikastetxez ikastetxe, irakasleei eta haurrei entzutea gustatzen zitzaion, zer behar zeuzkaten behatzea interesatzen zitzaion, lokatzetan ibiltzea gustatzen zitzaion, jostorratza eskuan, mataza luzea patrikan, irria haritzat harturik herria josten, lurralde, sare eta ereduen gainetik Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala zuen helburu. Gauza batek kentzen zion, ordea, irribarrea: min egiten zion gaurdaino hezkuntza munduan dagoen bereizkeriak, sareen arteko ezinikusiak. Eta horixe izan da ixtea lortu ez duen zauri bakanetakoa. Baina baikorra zen, erraietaraino baikorra.
Joxe Mari Auzmendiren omenaldi gisa ondutako liburua euskalgintzan, herrigintzan eta hezkuntzagintzan ametsen atzetik lanean ari diren hezitzaile eta herritar guztientzako eredu eta akuilu izan dadin egin du Hik Hasik.