Eskolak, gaur egun oraindik, adimen linguistikoa eta matematikoa balioesten ditu bereziki, baina haurrek dituzten gaitasunak harago doaz, eta euren talentuekin lortuko duten bikaintasuna da, Edurne Etxeberria Askotariko Adimenen Teorian aditua den irakaslearen arabera, bizitza honetan haurrei ateak irekiko dizkiona. Askotariko Adimenen Teoriaren sortzaile Howard Gardnerrek zortzi adimen mota identifikatu zituen, eta Etxeberriak dio inteligentzia batzuk ez direla besteak baino hobeak.
Zerbaitetan onak edo oso onak garela jakiteak autoestimuari laguntzen dio, helduen kasuan nola haurrenean. Basozainari gutxirako balio izango zion logaritmo nepartarren ekuazioak askatzen jakitea, haatik, natura eta animaliekiko zuen sentiberatasunak lagunduko zion bere lana gauzatzen, eta alor profesionalean errealizatzen. Eskolak, ordea, adimen naturalistari ez dio notarik jartzen, matematikei bai, ordea. Guraso zein hezitzaileok kalifikazio horietatik harago, haurren gaitasunetatik begiratzea proposatzen du Askotariko Adimenen Teoriak. Howard Gardnerrek ikertu zituen adimen mota ezberdinak, eta Edurne Etxeberria irakaslea teoria horretan aditua da. “Alderdi akademikoa gauza bat da, eta norberaren balioa, gaitasunak eta potentziala beste bat”, dio irakasleak.
Howard Gardnerrek (gutxienez) zortzi adimen mota definituak ditu: adimen linguistikoa, logiko-matematikoa, adimen espaziala, musikala, adimen zinestetikoa eta gorputzaren adimena, adimen intrapertsonala edo norbere burua uler-tzeko gaitasuna, harremanetarako abilezia edo adimen interpertsonala, eta adimen naturalista. Haur batzuek gaitasun batzuk erakusten dituzte eta besteek beste gaitasun batzuk. Jaiotzetiko aurredeterminazio bat badago?
Hasteko, garbi izan behar dugu denok ditugula adimen guztiak. Zortzi adimen gutxienez aurkitu dituzte, ikertu eta definitu, eta bederatzigarren bat ere aztertzen ari dira: adimen espirituala. Jaiotzetik denok ditugu guztiak gure burmuinean, eta zehaztua dago bakoitza non kokatua dagoen ere. Hau da, adimenak badu osagai genetiko bat, baina osagai genetiko hori ez da determinantea. Ahalmen horiek garatuko dira edo ez dira garatuko bizi ditugun edo ez ditugun esperientziengatik eta inguruneagatik.
Eskolak adimen batzuk balioesten ditu eskuarki, logiko-matematikoa eta hizkuntza adimena. Horietan trebea ez den haur baten indarguneak aurkitzeko zer egin dezake guraso/hezitzaileak?
Askotariko Adimenen Teoriatik badago zertan behatu edo fijatu per-tsona bakoitzak zer gaitasun dituen ikusteko. Behaketa izango litzateke haurra ezagutzeko modua.
Eskolan, oraindik ere, gaitasun logiko-matematikoa eta linguistikoa balioesten dira bereziki, baina, nahiz eta haur bakoitzak akademikoki kalifikazio batzuk jaso, sentitu behar du —eta helduok adierazi beharko genioke—, kalifikazioak nota batzuk besterik ez direla, beraiek dituzten talentu eta gaitasunak harago doazela eta gaitasun eta talentu horiei esker aukerak izango dituztela bizitzan.
Hitz egin dezagun behaketa lanaz. Zer-nolako tendentziak erakutsi ditzakete adimen bakoitzaren esparruan haurrek?
Lehenik eta behin, badakigu ongi moldatzen garen horretan aritzeko joera dugula. Aukeratzeko tartea eskaintzen digutenean, zertara jotzen dugu? Ongi moldatzen garen horretan aritzeko joera dugu, normalki traketsago ateratzen zaizkigun gauzak ez ditugu aukeratzen. Horra haurrak behatzen hasteko lehendabiziko pista. Baina gehiago ere badira, hona hemen jarraian, beste batzuk:
- Adimen bisual-espaziala:
Irudiekin trebeak dira, marrazten, bideo-jolasekin jolasten disfruta-tzen dute, memoria bisual ona dute, erraz orientatzen dira eta planoak ongi interpretatzen dituzte. Puzleekin, eraikuntzekin, komikiak sortzen eta objektuak asmatzen trebeak dira.
- Adimen intrapertsonala:
Ondo dakite zer sentitzen duten momentuoro, helmuga eta helburu argiak dituzte, gertatzen zaiena jakitea eta ulertzea gustuko dute. Barnerakoiak, zertxobait perfekzionistak dira, bakarrik lan egitea eta tarte batzuetan haien gauzetan pentsatzean jartzea gustuko dute, horregatik dute barne mundu oso aberatsa.
Adimen interpertsonala:
Taldean lan egiten, festak antola-tzen, edo edozein talde jarduera eta talde kirolak antolatzen oso ongi moldatzen dira. Irekiak dira, taldean hobeto lan egiten dute eta gatazkak konpontzen badakite. Eztabaidak eta lehiaketak oso gustuko dituzte eta besteek sentitzen dutena erraztasunez hautematen dute. Enpatia dute.
- Adimen naturalista:
Naturarekin harremanetan trebeak dira, behatzaile onak dira. Atari zabalean disfrutatzen dute, animalia edota landareak gustuko dituzte, eta meteorologia eta ingurunearen zainketa interesatzen zaie. Bara-tzea lantzen, animaliak zaintzen, espezieak sailkatzen eta natura edo unibertsoa behatzen trebeak dira.
- Adimen musikala:
Musikarako erraztasuna dute, abesten, musika instrumentu bat jotzen, musika entzuten edo abesti baten erritmoa jarraitzen disfrutatzen dute. Hizkuntza berri bat ikasten dutenean tonu ona erabiltzen dute, inguruko soinuak erraz bereizten dituzte, erraz ikasi eta konposatzen dituzte abestiak.
- Adimen linguistikoa:
Hitzekin trebeak dira; hitz egiten, irakurtzen, idazten, istorioak konta-tzen eta hitzak eta datak buruz ikasten disfrutatzen dute. Hizkun-tzak ikasten, errimak egiten eta hi-tzak asmatzen erraztasuna dute eta gauzak azaltzea oso gustuko dute.
- Adimen logiko-matematikoa:
Zenbakiekin trebeak dira, problemak ebaztea, kalkuluak egitea, esperimentuak egitea, ordenatzea, sail-katzea, bildumak egitea, erantzun logikoak bilatzea, eta ikerketarekin zerikusia duen guztia asko gusta-tzen zaie.
- Gorputz adimena:
Gorputzaren erabileran oso trebeak dira eta kirolak edota dantza gustuko dute, baita objektuak manipulatzea, eraikuntzak egitea, antzeztea eta eskulanak egitea ere. Abiadura, indarra, koordinazioa, elastikotasuna, zehaztasuna edo oreka jardueretan nabarmendu daitezke.
Eta batek esango du, zertarako balio dio nire haurrari adimen intrapertsonala edo naturalista izateak, eskolan ez bada baloratua izango?
Gauza bat da kalifikatua izatea eta nota bat jartzea, eta beste bat da balioa ematea. Gaitasun intraper-tsonalari edo naturalistari ez zaio nota bat jartzen, baina nik uste dut gaitasun guztiek dutela balioa. Nola ez da izango adimen intrapertsonala baliogarria? Nola ez da izango baliotsua gure burua ezagutzea, gure emozioen berri izatea, eta horri erantzun egoki bat emateko gaitasuna izatea, helburuak eta helmugak argi izatea eta barne mundu aberats bat izatea?
Adibide bat jarriko dut: pentsa mendira joan zarela eta galdu egin zarela, eta norbait zure bila etorri arte mendian bakarrik pasa behar dituzula ordu luzeak; adimen intrapertsonala garatua izateak ez dizu lagunduko egoera larri hori ongi eramaten, zure emozioak ezagu-tzen eta aurre egiten? Eta adimen naturalista ere garatua baduzu naturarekiko ezagutza izango duzu eta egoerari aurre egiteko gaitasun handiagoa izango duzu eta ez zara hainbeste larrituko.
Alderdi akademikoa gauza bat da, eta norberaren balioa, gaitasunak eta potentziala beste bat. Eskolan, zoritxarrez, oraindik horrela gaude, baina haurrei Askotariko Adimenen Teoriatik begiratzeak mesede egingo liguke. Bitartean, gurasoek jakin behar dute benetan zeri eman balioa. Bizitzan adimen guztien konbinazioak emango digu eguneroko egoeren eta problemen aurrean erantzun egokiak emateko aukera. Gure egunerokoan suertatzen diren egoera edo erronkak mota askotakoak dira, beraz ez dugu adimen bat bakarrik behar, adimenen arteko konbinazioa baizik.
Beraz, begiradan dago gakoa, per-tsonari bere gaitasunetatik begira-tzean.
Behin Askotariko Adimenen Teoria hau ezagututa, betaurreko horiekin begiratzen duzu pertsona, modu positiboan. Kostatzen zaiona hor dago, baina pertsona bati bere ahuleziak adieraztearen eta nabarmentzearen eta gogoraraztearen helburua zein da? Balorazio negatiboetatik ez dugu haurraren onerako etekinik aterako. Zertarako esan gauza batean txarra dela haur bat? Galdera litzateke, zer egin dezakegu orain haur honi honetan garatzen lagun-tzeko eta aurrera egiteko?
Helduok akatsetan fijatzeko joera daukagu, haur bati ateratzen ez zaion hori nabarmentzekoa, zer ez duen egiten ondo markatzekoa. Juizio hori egiten ari garen bitartean min handia ari gara egiten. Bidea beste bat da: alde positiboak deskribatzea, baloratu gabe; helduak haurrari begiratzen dionean momentu zehatz honetan non dagoen ikustea, hau bukaezina den garapena baita.
Haur Hezkuntzan adimen gehiagok dute lekua, baina Lehen Hezkun-tzatik aurrera ez. Familian nola bete dezakegu gure haurraren premia?
Familia inportantea da, argi dago, zeren familiak eskainiko dizkio haurrari aukerak. Familien zeregina inportantea da: ezagutu zure haurra, behatu, eta behar duena eskaini, bere gaitasunak garatzeko. Haurrei aukerak eskaini behar dizkiegu, horrek bai baldintzatuko baitu adimenen garapena. Horrekin batera, garrantzitsua da adimen batzuei ez ematea besteei baino balio handiagoa.
Esperientziez ari garelarik, aipatuko nituzke izan ditzakegun bi esperientzia mota: esperientzia kristalizanteak eta paralizanteak:
Esperientzia paralizanteak dira, adimen bat garatzen utzi ez diguten esperientziak, blokeatu gaituzten bizitzako esperientziak. Haurtzaroan heldu batek —izan guraso edo irakasle batek— eman dizun eran-tzun batek edo zurekiko izan duen juizio batek modu negatiboan eragin dizunean edo blokeatu zaitunean, esperientzia paralizante bat bizi izan duzula esango genuke, sinetsa-razi baitizu ez duzula horretarako balio, eta zuk onartu duzu eta zeure buruari ez diozu aurrera egiteko aukera bat eman. Seguru denoi etortzen zaigula burura gisa honetako esperientziaren bat.
Eta esperientzia kristalizatzaileak kontrakoak dira; esperientzia horiek dira txikitan aztarna utzi digutenak edo inspiratzaile izan direnak eta bide batetik konfiantzarekin aurrera egiteko aukera eman digutenak. Momentu batean gurasoek eraman zaituzte musika emanaldi batera, edota biolin bat oparitu dizute eta segun eta txikitan esperintzia horiek nola jasotzen dituzun agian horrek berak mundu bat irekitzen dizu, eta instrumentu bat jo nahi duzula ikusten duzu. Hori da haur bati aukerak eskaintzea eta bideak irekitzea aurrera egin dezan. Nire ondorioa da haurrak gehiago entzun eta behatu behar ditugula, eta horren arabera aukerak eskaini behar dizkiegula.
Kontuz ibili behar dugu, beraz, egiten ditugun juizioekin.
Hori da benetan inportantea, bai. Nik ikaragarrizko garrantzia ematen diot haurrekin erabiltzen dugun hizkuntzari, askotan gauzak asko pentsatu gabe komentario mingarriak egiten dizkiegu, horrek eurengan duen eragina kontuan izan gabe. Haurrak euren autokon-tzeptua helduon mezuen arabera joaten dira eraikitzen, beraz, pentsa dezagun nola hitz egiten dugun eta jokatzen dugun haurrekin.
Zer egin ahuleziekin, edo hain garatuak ez dituzten adimenekin? Nola lagundu?
Hasteko, berriro esango dut adimen edo gaitasun horiek detektatzeko edo identifikatzeko ebaluazio detailatua egitea garrantzitsua dela, behaketa ongi egitaratua egitea garrantzitsua baita azaleko ondorioak ez ateratzeko. Adimen horiek Identifikatu behar ditugu, beraien indargune, interes eta gaitasunetan oinarriturik. Eremu sendo horiek sustatu behar ditugu baina bere aniztasuna errespetatuz, eta egiteko dagoen horri hainbeste begiratu gabe.
Pertsona guztiok, kasu orokorretan, adimen guztiak ditugu, eta konbinazio anitzak aterako lirateke. Kolore bidezko nahasketa bat egingo bagenu, ez leudeke bi konbinazio berdin, ez baitaude bi pertsona berdin.
Kasu orokorretan, ahulguneak sendotu daitezke eta adimen guztiak garatu puntu egoki bateraino, horretarako haurraren gaitasunetatik abiatuko ginateke, bere indarguneak errentagarri eginez beste esparru edo transferentziak garatzea da kontua. Adibidez: haurrari honakoa esan diezaiokegu zerbait lortzen duenean: “eta orain zergatik ez zara saiatzen beste hau egiten?”, hau da, arrakasta bide horretatik gonbidatuko genuke beste esparru bat lan-tzera, “hain ongi marrazten duzunez (adimen ikus-espaziala demagun baduela), zergatik ez duzu marrazten musika honek iradokitzen dizuna?”; edo, “animaliak hainbeste gustatzen zaizkizunez (adimen naturalista oso nabarmena duen haur baten kasuan), zergatik ez diezu zure ikaskideei kontatzen zein den animalia honen janari gustukoena?”. Haurraren indarguneetatik abiatuko ginateke, bere potentzial eta interesgune horiek zeharka aprobetxatuz beste esparruetan modu eramangarri eta motibagarrian sartzeko. Azken batean, nire ustez, motibazioa motor nagusia da, eta motibaziorik gabe ez dago zer eginik, egin nahi izatea da lehengo pausoa eta hori ezin zaigu ahaztu. Edozein jarduera egiterakoan motibazioa izan behar da abiapuntua.
Laguntzeko garaian kontuan izan behar dugu, baita ere, adimenak landu daitezkeela. Nahiz eta pertsona batek potentzial edo talentu bat ekarri jaiotzetik, arrakastara iristeko eta heldua denean horretan jarduteko, badaude baldintzatzen duten ezaugarriak: esfortzua, pertseberantzia eta ahalegina. Gaitasuna eta potentziala izatearekin bakarrik ez da nahikoa esparru horretan arrakastara iristeko, esfortzua eta pertseberantzia garrantzitsuak dira. Pertseberante ez direnek, konstantzia eta diziplina izan ezean, oso zaila izango dute arrakasta izatea, ez baita bakarrik gaitasun kontua. Eta, alderantziz, hain nabarmena ez duen gaitasun hori landu daiteke esfortzuarekin, jarraipenarekin eta diziplinarekin, landu egin baitaitezke adimenak.
Orain, kontua ez da adimentsua izatea besterik gabe. Howard Gardner bere ibilbidearen azken denboretan etikan zentratu da. Askotariko Adimenen Teoriaren gakoa adimenaren eta etikaren arteko konbinazio egokia dela dio eta horri ematen dio benetan garrantzia. Howard Gardnerrentzako ez da benetan inportantea adimentsua izatea, adimenak ongi erabiltzen ez badira kalte handia egin baitezakegu. Esaterako, adimen interpertsonala oso garatua duen pertsona batek, lidergo handia duenak, bere lidergotza kaltea egiteko erabil dezake, eta horrekin adi ibiltzeko dio Gardnerrek. Pertsona dago denaren gainetik, pertsona ona izateak balio du. Ongia egiteko erabili behar ditugu gure adimenak.